Pablo Gonzalez afera

Pablo Gonzalezen atxiloaldia ez luzatzeko eskaera atzera bota dute berriro ere

Abuztuaren amaieran beste hiru hilabetez luzatu zioten zigorra kazetariari, eta hari eustea erabaki du Rzeszoweko Dei Auzitegiak. Ostegunean zazpi hilabete beteko dira atxilotu zutenetik.

Pablo Gonzalezen askatasunen aldeko manifestazio bat, martxoan, Nabarnizen (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 27a
16:21
Entzun

Oraingoan ere ez. Saiatu dira eragozten, baina kartzelan jarraituko du Pablo Gonzalez euskal kazetariak. Rzeszoweko Dei Auzitegiak atzera bota du berriro ere Gonzalezen abokatuek jarritako helegitea, behin behineko atxiloaldia beste hiru hilabetez luzatzeko erabakiaren aurkakoa. Przemysl eskualdeko auzitegiak abuztuaren 24an jakinarazi zuen espetxealdia luzatuko ziotela kazetariari.

Bartosz Rogala da helegitea jarri duen abokatua, eta, adierazi duenez, epaileak «partzialki» onartu ditu emandako argudioak, baina erabaki du behin behineko atxiloaldiaren luzapena mantentzea. Oraindik ez dute zehaztu Fiskaltzak zein egunetan aurkeztuko duen kazetariaren aurkako akusazioa.

Otsailaren 28an atxilotu zuen kazetaria Poloniako Poliziak, Przemyslen; beraz, ostegun honetan zazpi hilabete beteko dira atxilotu zutenetik. Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egitea egozten diote, nahiz eta haren abokatuek behin eta berriz ziurtatu duten ez dagoela horretarako arrazoirik. Gonzalez Errusiak Ukrainari egindako erasoak sortutako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zen han.

Atxilotu zutenean hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, beste hiru hilabete luzatu zioten maiatzaren amaieran, eta beste hiru abuztuaren amaieran. Hamar urteko kartzela zigorra jar diezaiokete.

Ikusi gehiago: Egunkarietako zuzendariak Pablo Gonzalezen eskubideen alde

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.