GERRA UKRAINAN

Bake elkarrizketez beharrean, gas horniduraz hitz egin dute Putinek eta Erdoganek

Turkian «gas gune handi bat» egitea proposatu du Putinek. Errusiak egindako «legez kanpoko anexio ahaleginak» gaitzetsi ditu NBEren Batzar Orokorraren ebazpen batek

Erdogan eta Putin, gaur, Astanan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 13a
13:15
Entzun

Kremlinek herenegun iragarri zuen Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa gaur batzartuko zirela Astanan (Kazakhstan), eta azken orduetan Moskuko zenbait funtzionario esaten aritu dira espero zutela Erdoganek modu ofizialean aurkeztea Moskuren eta Mendebaldearen arteko balizko negoziazioei buruzko proposamenak. Baina bi agintariek Asian segurtasuna, bakea, eta egonkortasuna sustatzea asmo duen foro baten testuinguruan egindako bileran ez dute Ukrainako gerra konponbidean jartzeko bake elkarrizketa posibleez hitz egin, ez. «Errusia-Ukraina akordioa gaiaz ez dute hitz egin», adierazi du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, RIA Novosti Errusiako berri agentziak kaleratu duenez. Gas hornidura izan dute hizpide, eta Putinek proposatu du Turkian «gas gune handi bat» egitea.

Hogei herrialde baino gehiagoko estatuburuak eta gobernuburuak bildu dira Sobietar Batasun ohiko errepublika ohiaren hiriburuan, eta Erdoganek forora iritsi berritan adierazi duenez, bere helburua da Ukrainan su etena «lehenbailehen» lortzea, «eremuko zailtasunak» gorabehera. Gerraren testuinguruan bitartekari rola jokatu nahian dabil Turkiako presidentea. Diplomatikoki Ukraina babesten du, baina ez dizkio Errusiari zigor ekonomikoak jartzen Mendebaldeak egin bezala, eta jarraitzen du, orduan, Moskurekin harreman ona edukitzen.

Erdoganek eta Putinek maiz hitz egiten dute telefonoz, eta gaurkoa da aurten aurrez aurre egiten duten laugarren bilera. Uztailean Teheranen bildu ziren, abuztuan Sotxin (Errusia), eta irailean Samarkandan (Uzbekistan). Kremlinek eskertzen dio Erdogani zein rol jokatu duen Ankarak zerealen auzian. Izan ere, Ukrainako zerealak eta Errusiako elikagaiak zein ongarriak atzera Itsaso Beltzetik barrena komertzializatzeko Errusiak, Ukrainak, Turkiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak sinatutako akordioan «rol zuzena» eduki duela iritzi dio Putinek. Hain zuzen, akordio hori goratu du Erdoganek gaur Astanan bileraren aurretik, eta diplomaziaren eginkizuna aldarrikatu du. «Denok nozitzen ditugu Ukrainako krisiaren ondorioak, izan eskualde mailan, izan maila globalean. Beti esan izan dut diplomaziaren laguntzarekin bidezko bake bat lor daitekeela».

Baina Erdoganek forora iritsi berritan egindako adierazpenak gorabehera, ez alde batek, ez besteak ez du plazaratu balizko su eten batekin edo negoziazio batzuekin loturiko adierazpenik. Horrekin lotuta, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi zuen, herenegun, AEBak eta Erresuma Batuak nahi izan dutelako geratu direla bertan behera martxoan Errusiak eta Ukrainak izandako elkarrizketa saioak. Kremlinek nabarmendu izan du, bide batez, Putinek ez diola aterik ixten Mendebaldearekin negoziatzeari. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak azpimarratu izan du, bestalde, Kievek ez duela Putinekin zuzenean hitz egingo.

Ikusi gehiago: Zerealen auzian bitartekari aritzea eskertu dio Putinek Erdogani

Eta Turkiarako proposatutako gas guneari dagokionean, Putinek esan du instalazio horrek ez lukeela «soilik» hornikuntzarako izan beharko: «Prezioa zehazteko ere izan beharko luke, prezioena auzi oso inportantea baita». Putinek atzo iradoki zuen Nord Stream gasbideetarako gas hornikuntza Turkiarantz berbideratzea.

Zelenski, bestalde, Europako Kontseiluaren batzarraren udazkeneko saioan mintzatu da, gaur, bideokonferentziaz, eta beste batzuetan beste foro batzuetan egin bezala, Errusiaren «gerra krimenentzako» auzitegi berezi bat sortzeko eskatu du. «Epe luzera bakea lortzeko mekanismo boteretsuena da hori». Errusia erakunde horretatik kanporatu zuten martxoan, inbasioa hasi eta gutxira. Ukrainako presidenteak adierazi du Kharkiv eskualdean azken asteetan berreskuratutako tokietan ari direla topo egiten duela hilabete batzuk «Irpinen eta Butxan», esaterako, topatutakoarekin. Kievek salatu zuen, apirilean, bi leku horietan ehunka zibilen gorpuak aurkitu zituela kalean edo hobi komunetan.

Ikusi gehiago: Nord Streamen gas isuri nagusia eten egin da Baltikoan; bigarrena ez

Eta gerra frontean, Errusiak jarraitzen du azken egunotan Ukraina osoan indartutako erasoaldiarekin. Ukrainako iturri ofizialek jakinarazi dute azken 24 orduetan herrialdeko 40 kokagune gehiago bonbardatu dituela Errusiak. Joan den larunbatean Krimeako anexioaren ikur den zubi bat hondatu zuten, eta horrek Krimearen hornikuntzari eragin diezaioke gainera. Putinek esan zuen handi bi egunera erasoei erantzungo zietela, eta, orduz geroztik, Kiev hiriburua ere bonbardatu dute Errusiako indarrek. Ukrainak salatu du goizaldeak Kiev inguruko herri bati eraso egin diotela «drone suizidekin»

Ikusi gehiago: Krimeako sabotajeari aspaldiko eraso zabalenarekin erantzun dio Moskuk

Irtenbide «baketsua»

NBE Nazio Batuen Batzordearen Batzar Nagusiak Errusiak egindako «legez kanpoko anexio ahaleginak» gaitzetsi ditu ebazpen baten bidez. Batzarreko 193 herrialdeetatik 143k bozkatu dute, gaur goizaldean, New Yorken, Errusiak Ukrainan partzialki okupatutako lau eskualde anexionatzeko egindako maniobra salatzen duen testuaren alde; hau da, lau herrialdetatik hiruk. Aldiz, soilik lau herrialdek bat egin dute Errusiarekin kontra bozkatzeko: Siriak, Ipar Koreak, Nikaraguak eta Bielorrusiak. 35 herrialde abstenitu egin dira, eta horien artean daude Txina, zeina Errusiaren «bazkide estrategikoa» den, India eta Pakistan, besteak beste. Gainontzeko herrialdeek ez zuten bozkatu.

Ebazpenaren arabera, Errusiaren ekintzek Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde batasuna urratu dituzte, eta ez dira «bateragarriak» NBEren Gutunaren printzipioekin. NBEren Batzar Nagusiak eskatu dio Errusiari «berehala» eta «guztiz» tera ditzala bere indarrak Ukrainako lurretatik. Ebazpenean nabarmendu dute, bide batez, gatazkari irtenbide «baketsua» eman behar zaiola, eta horretarako «elkarrizketa politikoa» hauspotu behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.