Zaldibarko luizia

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran omendu dituzte, eta gertatutakoa argitzeko eskatu

Gaur beteko dira hiru urte Zaldibarko luizitik. Han hildako bi beharginei omenaldia egin die Zaldibar Argitu plataformak.

Sololuzeri eta Beltrani egindako omenaldia, gaur, Zaldibarko Eitzaga auzoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko otsailaren 5a
17:00
Entzun

Gaur bete dira hiru urte Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia) kraskatu eta amildu zenetik. Hiru urte, beraz, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hango langileak hil zirenetik. Ordutik zeresan handia eman du aferak, baina jada auzi bakarra geratzen da epaitegietan: ingurumenaren aurkako delituarena. Horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzako hiru ingurumen teknikarik ikertu gisa deklaratu beharko dute otsailaren 28an Durangoko (Bizkaia) epaitegian.

Bezperan, Zaldibar Argitu plataformak deituta, Sololuzeri eta Beltrani omenaldia egin diete Zaldibarko Eitzaga auzoan, eta beste behin eskatu dute gertatutakoa argitzeko. Besteak beste, Sololuzeren gorpuzkirik ez da agertu.

Ehun lagunetik gora elkartu dira egin duten ekitaldi xumean. Plataformako kide Josune Lazkanok hitzaldia eman du, eta lore eskaintza ere egin diete bi biktimei. Lazkanok azpimarratu du eragotzi zitekeela duela hiru urte gertatu zena, eta kritiko azaldu da agintariekin: «Gure arduradun politikoen kudeaketa eredu iluna agerian geratu da: kontrol eta gardentasun falta, erantzunik eta erantzukizunik eza, prepotentzia», adierazi du.

Itxita behar zuen

Iaz, bigarren urteurrenean, adibidez, jakin zen Zaldibarko zabortegiak itxita behar zuela ondorioztatu zutela perituek. Azaldu zutenez, proiektu teknikoetan mamitzen hasi zenetik amildu zen arte, akatsak, utzikeria eta kontrol egokiaren falta pilatu ziren zabortegian.

Europa Batzordeak, ordea, babestu egin du Eusko Jaurlaritza: Europako Batzordeak bi aldiz adierazi du Jaurlaritzak legedia bete duela Zaldibarko zabortegiko luiziaren aurretik eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.