Erretretaren erreforma

Findegietako langileen greba erregai eskasia zabaltzen ari da Frantzian

Ipar Euskal Herrian oraindik ez da arazo handirik. Frantziako Gobernuak lan egitera behartu ditu Marseilla ondoko petrolio biltegi bateko langileak.

Grebalariak Mardyck-eko erregai biltegia blokeatzen, iragan astean. TERESA SUAREZ / EFE
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 21a
12:58
Entzun

Osteguneko bederatzigarren mobilizazio eguna iritsi bitartean, erretretaren erreformaren aurkako protestaren erdigunea energia hornidurara igaro da. CGT sindikatuak grebara deitu ditu Frantziako zazpi petrolio findegietako langileak, eta, haren arabera, astelehenaz geroztik ez da erregairik ateratzen handik, eta zazpiak geratuta edo geratzeko bidean daude.

Erregai banaketa katearen erdiko katebegian, biltegietan, tentsioa handitzen ari da. Horietan ere langile asko greban daude, eta beste batzuk blokeatuak dituzte grebalariek. Horrek lehen hornidura arazoak eragin zituen asteburuan, batez ere Frantzia hego-ekialdean eta Bretainian. Loira Atlantikoan, esaterako, zerbitzuguneen %37k zuten atzo arratsaldean gasolio eta ezantza (gasolina) eskasia, eta %30,6 ziren haren iparraldera dagoen Ile et Vilaine departamenduan.

Baliteke eskasia hurrengo ordu eta egunetan arintzea, Barne Ministerioak Polizia bidali baitzuen bart Dongesko erregai biltegia desblokeatzera, Sant Nazer ondoan (Bretainia). Astebetez izan dute itxia grebalariek.

Hexagonoaren beste muturrean, Rodanoren Ahoak (Okzitania) departamenduan, Trantsizio Energetikorako Ministerioak lan egitera behartu ditu Fos sur Mer herriko biltegiko langile batzuk: hiru, zortzi orduko txanda bakoitzeko. Marseillatik gertu dago biltegi hori, eta inguru horretan gasolindegien laurdenek baino gehiagok hornidura arazoak zituzten astelehenean; gaur goizean, jada bitik bat dira, Clement Beaune Garraio ministroak aitortu duenez. Horren ondorioz, departamendu batzuetan prefetek 30 litrora mugatu dituzte erregai salmentak autoentzat, eta 120 litrora kamioientzat.

Eskasia ez da oraingoz Ipar Euskal Herrira iritsi. Datu ofizialen arabera, Pirinio Atlantikoak departamendu osoan ehun gasolindegitik batek soilik zituen arazoak atzo arratsaldean, eta antzeko egoera zuten alboko departamenduek.

Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak ziurtatu du prest daudela biltegi guztiak indarrez desblokeatzeko.

Energia sektoreko beste ataletan ere eragina izaten ari da langileen greba. Portu batzuk blokeatuta daudenez, gasontzirik ez dira iritsi azken egunotan, eta Frantziaren gas biltegien betetze maila %30era jaitsi da —%55 dira Europako Batasun osoan—.

Bederatzi zentral nuklearretan ere greban daude langileak. Zentral horiek ez dira itxi, baina ekoizpen apalagoa dute.

Macron, bihar eguerdian

Protestak eragin dituen erretretaren erreforma ofizialki onartuta geratu da, Frantziako Gobernuak ozta-ozta gainditu baitzituen atzo bere aurka jarritako zentsura mozioak. Baina legea oraindik ez dago indarrean, Emmanuel Macron errepublikako presidentearen sinadura falta duelako, eta Kontseilu Konstituzionalak artean erabaki dezakeelako behin-behinean ez aplikatzea, haren aurkako ez-konstituzionaltasun helegiteak aztertzen dituen bitartean.

Edonola ere, zentsura mozioak gainditu arren, oso egoera politiko ahulean geratu dira Macron eta haren gobernua, ez baitute gehiengo osorik, eta erretretaren erreformaren eztabaidak argi utzi duelako oposizioak ez dizkiela gauzak erraztuko.

Ikusteko dago zer egingo duen Macronek bere bigarren agintaldia suspertzeko eta gobernuari bultzada bat emateko. Atzo bildu zen Elisabeth Borne lehen ministroarekin eta bere aldeko hiru alderdietako buruzagiekin, eta gaur zuen bilera diputatuekin. Eztabaida horien fruitua bihar jakingo da, presidentea TF1 eta France 2 kateetan mintzatuko baita, zuzenean, 13:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.