Albistea entzun

Erretreten erreforma

Hamargarren protesta eguna, baina ez azkenekoa

Sindikatuek erretretaren erreformaren aurkako 11. mobilizazio egunera deitu dute apirilaren 6rako. Baionan, 13.000 lagun bildu dira, eta oraingoan ez da istilurik gertatu.

Erretreten erreformaren aurkako manifa, gaur, Baionan.
Erretreten erreformaren aurkako manifa, gaur, Baionan. Patxi Beltzaiz Tamaina handiagoan ikusi

Garazi Aduriz Zuñeda -

2023ko martxoak 29 09:09

Sindikatuek ez dute pentsioen gaia alboan utzi nahi, eta erreformaren aurkako hamargarren protesta eguna izan zuten atzo. Goizean goizetik hasi ziren: 05:30ean Angelun (Lapurdi) gelditu ondotik, Miarritzeko aireportua blokeatu zuten 150 manifestarik. 10:30ean, berriz, hamargarren mobilizazio handiari ekin zioten Baionan. «Bi urte gehiago ez! Legearen kentzera arte mobilizaturik» zioen kartela eskegi zuten herriko etxean.

Joan den astean baino manifestari gutxiago elkartu ziren atzo, eta manifestazio lasaia izan zen. Sindikatuen arabera, 13.000 lagun mobilizatu ziren; prefeturaren arabera, 6.500.

Eztabaida bakarra sindikatuen artean izan zen: Force Ouvriere sindikatuko kide bat Argitxu Dufau LABeko ordezkaria manifestazioaren aurrealdetik kanporatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Joan den astean ere saiatu ziren sindikatu abertzalekoak baztertzen. Haatik, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuek batzar orokorra egin zuten arratsaldean. LABeko eledun Argitxu Dufau: «Uste dugu denok batera mobiliza gaitezen dela giltza».

Hurrengo mobilizazioa apirilaren 6rako antolatu dute Frantziako sindikatuek. Horren aurretik, astelehenean edo asteartean, bilera batera deitu ditu Elisabeth Borne lehen ministroak. Ikusteko dago joango diren ala ez, agenda desberdinak dituztelako batek eta besteak. Sindikatuek nahi dute gobernuak atzera egitea eta erretretaren adina 64 urtera arte gibelatzea; gobernuak, alta, uste du gai hori jada finkatua dela, eta enpleguari buruz mintzatu nahi du.

Ikusi gehiago: Frantziako Auzitegi Konstituzionala, erretretaren erreforma geratzeko beste aukera

Erretreten erreforma bozkarik gabe pasatzeko 49.3 artikulua erabili izanak haserrea eragin du langileen artean, eta giroa ez da inondik inora ere baretu. Aurreko protesta egunean, joan den ostegunean, manifestazio oso jendetsua egin zuten Baionan: FSU sindikatuaren arabera, 24.000 pertsona batu ziren; Poliziaren aburuz, berriz, 9.500. Intersindikalak aurretik deitutako zortzi protesta egunetan ez zen istilurik gertatu, baina bai, ordea, ostegunean. Frantziako Poliziak negar gasa bota zien manifestariei, eta, Pirinio Atlantikoetako prefeturaren arabera, lau pertsona atxilotu zituen.

Intersindikalak aste guzian antolatu zituen blokeatze ekintzak Lapurdi kostaldean, eta, besteak beste, Baionako autobus sarea blokeatu zuten.

Frantzian ere manifestazio handiak eta istilu larriak izan ziren aurreko ostegunean. 172 lagun atxilotu zituzten, eta Bordelen (Okzitania), esaterako, herriko etxeko ateari su eman zioten. Parisen ere itxi egin behar izan zituzten Eiffel dorrea eta Versaillesko jauregia.

Atzo ere gertatu ziren zenbait borroka manifestatzaile taldeen eta polizien artean, Lyonen, Estrasburgon eta Bordelen, esaterako. Parisko manifestazioa aurreko egunotakoa baino baketsuagoa izan zen, baina izan ziren istilu batzuk, eta poliziek gutxienez 55 manifestari atxilotu zituzten. Poliziaren aurkako oihuak sarri entzun ziren. Frantziako hiriburuko manifestazioan 450.000 lagunek hartu zuten parte, CGTren arabera, eta 93.000k, gobernuaren arabera.

Gobernuak ez du bitartekaritza nahi

Emmanuel Macron presidentea Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren zain dago erreforma sinatzeko. Hiru helegite jarri dituzte haren aurka erreformaren aurkakoek: Frantziako Asanbleako Nupes ezkerreko koalizioko diputatuek, RN Batasun Nazional ultraeskuindarreko diputatuek, eta ezkerreko senatari talde batek. Hilabeteko epea du Konstituzionalak erabaki bat hartzeko.

Konstituzionalaren ebazpenaren esperoan dagoela argudiatu du Frantziako Gobernuak sindikatuen bitartekaritza proposamena atzera botatzeko. Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiak eskatu zion atzo gobernuari erreforma eten dezala eta bitartekari batzuen bitartez negoziazioak berriro hasteko. «Ez ditugu bitartekariak behar», erantzun dio gaur Olivier Veran gobernuko bozeramaileak. Macronek esandakoa berretsi du Veranek, hau da, erreforma dagoeneko onartuta dagoela eta gobernuak ez duela atzera egiteko inolako asmorik.

Sindikatuekin negoziatzeko prest azaldu da gobernua, baina ez erretretaren adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzeari buruz. Enpleguaren inguruko erreformen inguruan mintzatzeko prest da, baina baita pentsio erreformaren zenbait atal zehaztu behar dituzten araudiei buruz.

Oraingoz, ezezko borobila jaso du gobernuak. Bergerrek berak ohartarazi du erretiroaren adina mahai gainean ez badago, ez dagoela zer hitz egin. CFDT da gaur egun lehen indarra Frantziako sindikatuen artean, eta elkarrizketa sozialaren aldekoa da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Akziodunen batzarrera joandako pertsona bat, ezkerrean, kanpoan protestan zuedenekin hizketan ©Maialen Andres (Foku)

CAFek %60 handitu nahi ditu salmentak hiru urtean

Jokin Sagarzazu

Akziodunen batzarrean, taldeko buruek adierazi dute espero dutela trenen negozioan «merkatu aurreikuspenen gainetik» aritzea. Amnesty Internationalek eta beste eragile batzuek protesta egin dute taldeak Israelen dituen egitasmoen aurka.

Langileak protestan, joan den astelehenean. ©DAVID AGUILAR / EFE

Gaur hirugarrenez daude grebara deituta Gasteizko Michelineko beharginak

Aitor Biain

Gasteizko fabrikako lan gatazkak beste taxu bat har dezake datozen egunetan. Orain arteko grebek ekoizpena guztiz geratzea lortu dute

Elkarretaratzea Ascobi patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon, ELAk deituta. ©Monika del Valle / FOKU

Sakabanatua baina arrakastatsua izan da Bizkaiko eraikuntzako lehen protesta eguna

Maddi Iztueta Olano

CCOOren arabera, lantaldearen %80k hartu du parte bost orduko etenaldian. ELAk egun osoko grebara deitu du. Mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute, KPIaren araberako soldata bermatu arte.

LKS Nexten eraikina. ©Mondragon Korporazioa

LKS Next aholkularitza taldeak 53 milioi fakturatu ditu 2022an

Maddi Iztueta Olano

Mondragon kooperatibako taldearen salmentak %28,8 handitu dira hiru urtean, eta ia berrehun langile gehiago ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...