Albistea entzun

LARREPETIT

Euliak tiroka akabatzen

Nerea Loiola -

2023ko martxoak 30

Tximeletak tripan oheratu ziren atzo N eta I, jakin bazekiten, azken egunetan bezala, apenas egingo zutela lorik. Urduritasuna izan dute bizikide azken asteetan, gertatu zitekeenaren mamua bizilagun. Esnatu eta lehen gauza mugikorra hartu du N-k. Erabiltzailea eta pasahitza sartzen dituen bitartean loteria bidegabe bateko nahigabeko partaide dela pentsatzen du. Nahi du Ikasguneak emango dion izen zerrenda horretan bere haurrarena ikusi, baina badaki hala gertatuz gero egoera ez dela bidezkoa izango, eskubide berberak dituzten beste familia batzuk kanpoan geratuko direlako. Errusiar erruleta. Klik. Barruan dira. Haurrari tokatu zaio leku bat ikastolan! Pozik sartu da logelara N, mugikorreko pantaila airean I-ri berria ematera.

Derrepentean dena irauli da: N-k ez du informazioa ongi ulertu eta kanporatutako familia horietako bat dira. Pum egin die erruleta errusiarrak aurpegian. Elkarri begira geratu dira, hitzik artikulatu ezinik, malkoei eutsi nahian; mugikorrak dardara egiten du N-ren eskuan, edo eskuak egiten du dardara mugikorrak emandako berriaren zamari eutsi ezinik. Une horretan, urtebeteko haurra esnatu da zalapartaka, pozik bi gurasoak bertan ikusi dituelako; N-k eta I-k haurraren irribarreari erantzun beste helbururik ez dute une honetan, haurraren irribarreari eustea da gurasoen helburu nagusia. Adoretzen zaituen txiki horrek, baina, emozioak ere azaleratzen ditu, eta nola gainera. Frustrazioa. Ezin ulertua. Eta hala ere, irribarrea.

Hezkuntza Lege berria dela eta, Hezkuntza Sailak matrikulazio kopurua mugatu die ikastetxeei 2023-24 ikasturterako. Segregazioa segregatuz amaitu nahi dute. Ratioak jaitsi, baliabideak gehitu eta gauzak ondo egin beharrean. Noiz ikusi da nahi duzun ikastetxean matrikulatu ezina? Sitsak tripan dituztela oheratuko dira gaur I eta N. Zifra, portzentaje eta estrategien atzean pertsonak daude, ez dezagun ahaztu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...