«Helburua da apurka eskoletan pluraltasun handiagoa lortzea sozioekonomikoki»

Zaurgarrientzako lekuak gorde beharra, hurbileko eskolatzea sustatzea... Jaurlaritzak zenbait neurri abiarazi berri ditu eskola segregazioa murrizteko. Doakotasuna «modu progresiboan» ezarriko dute.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Bilbo
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren eskuetan eta herritarren eta eragileen ahotan hezkuntzako gai bat dabil azkenaldian: lege berria. Haren zain egoteke, Jaurlaritzak erabaki du gai arantzatsu bati heltzea: eskola segregazioari. Horretarako, ikasleen onarpen prozesutik bertatik eragin nahi du —atzo abiatu zen—, 2 urteko haurrekin hasita. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak (Areatza, Bizkaia, 1975) esan du diru publikoa jaso nahi duten eskola denek parte hartu beharko dutela aldaketa prozesuan. Matrikulazioko berrikuntzak prentsaren aurrean azaldu berritan bildu da BERRIArekin. Atzo ireki zuen Jaurlaritzak aurrematrikulazio kanpaina, eta familiek hilaren 24ra arte aurkeztu ahalko dituzte eskaerak.

Aldaketak egingo dituzue matrikulazioan: berariazko hezkuntza premiak dituztenei lekuak gorde beharra izango da nagusia. Nola kudeatuko duzue?

2023-2024ko ikasturterako onarpen prozesuan badago nobedade inportante bat: banaketa orekatuago bat sustatzea. Hori da apurka-apurka lortzea pluraltasun handiagoa egon dadin gure ikastetxeetan ikuspegi sozioekonomiko batetik. Hori da helburu moduan jartzen duguna. Funts publikoetatik diru laguntzak jasotzen dituzten ikastetxe guzti-guztiek parte hartu behar dute prozesuan; alegia, lekuen erreserba egin beharko dute. Badago beste elementu inportante bat: zaurgarritasun indizea. Zona bakoitzeko tenperaturaren berri ematen digu, zer-nolako segregazio tasak edo kontzentrazioak dauden.

Nola lortuko duzue datu hori?

Beste nobedade bat: familiek inkesta bat bete behar dute matrikula egitean. Helburua da ateratzea gutxi gorabehera zein den familia horren maila sozioekonomikoa. Ikasle zaurgarriak detektatuko ditugu. Ikastetxe bakoitza zona horretan dagoen batezbestekora hurbildu beharko da.

Mediku diagnostikoa dutenak sartuko al dira?

Bai. Gertatzen da 2 urteko gelan aplikatzen dugula neurri hori. Ziurrenik, egongo dira, eta egiaztapen mediko baten ondorioz etorriko dira. Gure helburu nagusia da, horrez gain, arreta ikuspegi sozioekonomikoan jartzea. Zergatik? Egindako diagnostikoan hori delako nabarmenena.

Segregazioari dagokionez, zein da egoera? Matrikulazio kanpaina aurkezteko agerraldian esan duzue pauso bat egiteko garaia dela. Nola iritsi da honaino?

Nola iritsi gara? Ez da erantzun bakarreko galdera: hainbat mugarri daude. Batetik, pandemia bat pasatu dugu, eta denok asko ikasi dugu. Bestetik, Hezkuntza Sailean martxan jarri ginenean, ariketa bat egin genuen. Hasiera-hasieratik, taldeak, sailburuak berak gidatuta, hartu-emana izan du ikastetxeekin, zuzendariekin, irakasleekin eta hezkuntza komunitateko eragile guztiekin, eta segregazioaren gaia beti jarri da mahai gainean. Ikasle zaurgarriez edo ikastetxe konplexuez hitz egiten dugunean, askotan aipatu izan da ez dela nahikoa baliabide gehigarriak ematea, beste neurri zuzentzaile batzuk hartu behar direla.

Beraz, ikusi duzue arazo bat badagoela segregazioarekin?

Bai. Uste dut hainbat eta hainbat ikerketa daudela horren inguruan. Segregazioari aurre egiteko, denok mugitu behar dugu, gizarte moduan. Hezkuntzak egingo du berea, baina denok egin behar dugu zerbait norbanako moduan ere. Aldaketa bat da hezkuntza politikan? Bai, baina egingarria da. Hemen, gauza bat oso inportantea da: hezkuntza sistema on bat daukagu.

Kontuan hartu beharko dira segregazio motak —sareen artekoa, sare barrukoa...—.

Segregazioaz hitz egiten dugunean, ez gabiltza bakarrik eskaintza publikoaz edo itunpekoaz hitz egiten. Pluraltasun handia dago. Egia da ikastetxe publikoetan kopuruak askoz ere handiagoak direla: ikastetxe publiko segregatu gehiago dauzkagu, baina badauzkagu itunpeko hainbat zaurgarritasun kontzentrazio handiarekin. Inportanteena da denok ematea eman beharreko pausoak.

Diozuenez, gehiegizko eskaintza mugatuko duzue. Adibide bat eman al dezakezu?

Ikastetxe batek 50 ikasleko planifikazioa dauka. Familiek matrikulazio prozesuan eskaerak egin, eta ikastetxeak 36 ikasle lortuko ditu. Hortik aurrera, 36 leku horiek izango dira ikastetxean daudenak, eta, dagokion indizearen arabera, ikasle zaurgarriak eta ez-zaurgarriak adjudikatuko zaizkio.

Aitortu duzue baremazio gehiago egitea tokatuko dela. Gurasoek ikastetxea hautatzeko aukera izango dute oraindik, baina bigarren edo hirugarren aukerak gehiagotan tokatuko dira.

Bai, izan daiteke. Aukera mugagabea daukate ikastetxe kopurua aukeratzeko. Hortik aurrera, toki batzuetan tokatuko da gehiago barematzea; beste batzuetan, gutxiago. Baremazioak espazio bat izango du prozesu berri honetan.

Herri batzuetan —adibidez, Loiun— gertatzen da haur gutxi egotea eta ikastetxeak inguruko herrietako umeekin betetzea. Zer gertatuko da eskola horiekin? Nola egingo da ume zaurgarriak hartzeko prozesua?

Ikastetxe guzti-guztiek —publikoek eta itunpekoek— parte hartu behar dute prozesuan. Kasu batzuetan eta ikastetxe batzuetan esfortzu handiagoa egin behar badute zonako zaurgarritasun tasa horretara hurbiltzeko, aukera emango zaie hiru fasetan egiteko, hiru ikasturtetan.

Orduan, toka dakioke Bilboko haur zaurgarri bati Loiuko ikastetxe batera joatea?

Tokatu esaten ari garenean, eragin eremu horretan mugitzen gara. Beste kontu bat da familia batek beste eragin eremu batean matrikulatu nahi izatea semea edo alaba. Zer gertatzen da? Badago beste irizpide inportante bat: baremazioan, hurbiltasunaren irizpideak ematen du puntu gehien. Orduan, puntu gutxiago izango lituzke.

Baina zaurgarria izateagatik eduki dezake erraztasun bat, zeren horrelako ikastetxeek haur zaurgarri gutxiago dituzte.

A priori, hipotesia da baietz. Loiun edo beste toki batean. Ikastetxe horrek zaurgarritasun indize oso-oso apala baldin badauka, leku gehiago gorde beharko ditu. Orduan, familia zaurgarri batek aukera gehiago izango lituzke. Oso erlatiboa da, zeren agian beste familia zaurgarri batzuek ere eskatu dute ikastetxean matrikulatzeko.

Familia zaurgarriek laguntza ekonomikoak izango dituzte horrelako eskoletara joateko?

Badago beste printzipio inportante bat: doakotasunarena. Modu progresibo batean aplikatuko da. Lotura handia dauka prozesu honekin. Esaten dugunean segregazioaren aurkako prozesu bat bultzatu nahi dugula, apurka-apurka bada ere, horrek modua eman behar du baliabideak jartzeko gehien behar duten familientzat.

Kuotak ordainduko dituzte?

Sailaren konpromisoa izan da guk ikasle bat eskolatu edo beste ikastetxe batera mugiaraziz gero familia horrek dagokion finantzaketa jasotzea. Autobusa dela, jantokia dela, edo dena delakoa dela.

Familia batzuentzat kuotak irizpide erabakigarria dira ikastetxea aukeratzeko. Irailetik eskolatze kuotarik egongo al da itunpeko ikastetxeetan?

Lanean ari gara itunpeko ikastetxe guzti-guztiekin. Ikasturte honetatik aurrera beren moduluan eguneratu dira hainbat eta hainbat kontzeptu, eta espero duguna da apurka-apurka hori guztia ikastetxeetan islatzea. Hau ariketa progresibo bat da, baina konpromisoa irmoa da, bai haiena eta bai gurea, jakina. Horretarako, irizpideak, neurriak eta kontrol prozesuak aktibatuko dira; hori da inportanteena.

Zein kontrol mekanismo?

Inportantea da nolabaiteko unitate administratibo bat sortzea, horren jarraipena egiteko.

Zer da hori?

Parlamentuan dauzkagun ekimenetako bat da: itunpeko ikastetxe baten kasuan —orokorrean sistemaz ari gara, baina, batez ere, itunpeko ikastetxeetan— guk kontrolatu behar badugu kuotak kobratzen diren ala ez, behar dugu egitura bat horri guztiari aurre egiteko, eta propio horretarako da.

Ikastetxeren batek adierazi al du errezelorik matrikulazioan egongo diren aldaketei buruz?

Nik ez nuke esango errezeloa denik. Aldaketa baten harira, beti daude nolabaiteko ezjakintasuna, zalantzak, kezkak... Oso-oso ulergarriak eta legitimoak dira.

Eta espero al duzue gurasoen erresistentziarik?

Zaila da esatea. Ez dakigu zer gertatuko den. Espero duguna da gizarte moduan denok hausnarketa bat irekitzea. Egon daitezke guraso batzuen kezkak edo eskaerak, baina kudeatu egin beharko ditugu. Oso inportantea da segregazioaren aurkako ituna erdiestea.

Sailak iragarri du diru publikoa jasotzen duten eskolek ezingo dutela sexuaren arabera segregatu. Jada neskak eta mutilak matrikulatu ahal izango dira?

Zentro horiekin elkarlanean gabiltza, eta, datorren ikasturtetik aurrera, lehenengo mailatik eredu misto batera joango dira. Gure konpromisoa irmoa da: legea bete beharko dute.

LH1etik hasiko lirateke irailean?

Printzipioz, bai.

Matrikulazio kanpainetan gurasoek gero eta gehiago aukeratzen dute D eredua. Bultzatzen jarraitzeko asmoa duzue?

Hezkuntza Sailak beti bultzatu du euskara ardatz duen eredu bat, eta, orain, datuek hitz egiten dute: ikastetxe publikoetan, gure erkidegoko familien %95ek erabakitzen dute D ereduaren alde egitea. Uste dut hori izan dela gizartearen bulkada bat egon delako eta gure eragileek badakitelako D ereduko eskolatzea dela benetan eraginik handiena duena euskararen jabekuntzan eta erabileran. Euskara ardatz duten proiektuak bultzatzen jarraituko dugu. Hartu dugun beste konpromiso bat da, eta egiten ditugun politika guztiek horren alde egiten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.