Udal eta foru hauteskundeak

Falange Espainolak bertan behera utzi du Atochako hiltzaileetako bat buru zuen Bilboko hautagaitza

Carlos Garcia Julia alkategaiari 193 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, CCOOko bost abokatu hiltzeagatik 1977an. Donostiako eta Gasteizko zerrendak ere baztertu egin dituzte.

Carlos Garcia Julia, Brasildik Espainiara estraditatu zutenean, 2020. urtean. EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko maiatzaren 3a
11:42
Entzun

Maiatzaren 28an, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko herritarrek ez dute Falange Espainolaren boto papera topatuko hauteslekuetan. Alderdi faxistak hautagaitzak aurkeztu zituen hiru hirietan, baina asmoa baztertu behar izan du azkenean. Eskualdeetako Hauteskunde Batzordeek zerrendek zituzten irregulartasun batzuk zuzentzeko eskatu zioten Falangeari, eta, konpondu ez dituztenez, bertan behera utzi dituzte.

Hautagaitzarik sonatuena Bilbokoa zen. Han, faxisten hautagaia Carlos Garcia Julia zen, Atochako hilketen egileetako bat. Espainiako trantsizioko eraso latzenetako bat izan zen hura: Madrilgo CCOOren bulegoan bost abokatu hil zituzten, tiroz, 1977ko urtarrilaren 24an.

Hilketa haiengatik 193 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 1980an, baina, espetxean hamalau urte pasatu ostean —1977tik 1991ra—, lan egiteko eman zioten baimen bat baliatu zuen Hego Amerikara joan eta ihes egiteko, 1994an. 25 urte eman zituen ihesean, 2018ko abenduan Brasilen atxilotu zuten arte. Bi urte geroago, 2020an, Espainiara estraditatu zuten, eta Soto del Real kartzelan sartu. Urte hartan bertan berrikusi zioten zigorra, eta azaroan atera zen kartzelatik.

Donostia eta Gasteiz

Ezaguna zen Donostiako alkategaia ere: Martin Saenz de Ynestrillas Perez enpresari falangista. Hautagai hori Ricardo Saenz de Ynestrillasen anaia da; 1989. urtean Herri Batasuneko diputatu Josu Muguruza hiltzeagatik epaitu zuten hura, besteak beste. Haien aita, Ricardo Saenz de Ynestrillas Martinez militarra, ETAk hil zuen, 1986an.

Joan den astean, Madrilen, atxilotu egin zuten Ynestrillas, Primo de Rivera faxistaren gorpuzkiak Erorien Haranetik atera zituztela-eta izandako protestetan.

Otsailean, zeresana eman zuen Donostiako Cantabriko klubean egitekoa zen ekitaldi faxista batek, eta orduan ere tartean zen Ynestrillas. Jesus Longueira poliziak sinaturiko ETA, ni olvido, ni perdón liburua aurkeztu behar zuten han. SND argitaletxe falangistak plazaratu zuen liburua, eta hitzaurrea idatzi zion neonaziak. Donostiako Udalak «probokaziotzat» jo zuen zuen ekitaldia, eta arbuiatu egin zuen.

Gasteizko hautagaia, berriz, Norberto Pico Sanabria madrildarra zen, alderdiaren egungo burua.

Gaur egun, Falangea alderdi erabat minoritarioa da Espainian, eta zer esanik ez Euskal Herrian. Espainiako Kongresurako azken hauteskundeetan, 616 boto eskuratu zituen denera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.