Albistea entzun

Aeronautika

Bilboko aireportuko ibilgailuek bioerregaia erabiliko dute hilabetez

Petronorrek ekoitzitako erregai organikoa erabiliko dute: 5.000 litro guztira. Kalkulatu dute 12,5 tona CO2 inguru gutxiago isuriko dituztela atmosferara.

BERRIA
BERRIA Aireportuko langile bat bioerregaia erabili zuen ibilgailu batekin. Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2023ko maiatzak 23 14:25

Bilboko aireportuko ibilgailu batzuk bioerregaien bidez ibiliko dira aurrerantzean. Hegazkinei zerbitzua ematen dieten Iberia Airport Services konpainiako ibilgailuak dira, eta gaur hasi dira Petronorrek ekoitzitako erregai organikoa erabiltzen. Erregai mota hori erabiliko duen lehen aireportua izango da Euskal Herrian eta Espainian. Iberia Airport Servicesek bederatzi konpainiari ematen die zerbitzua Loiun, Iberia eta Vueling tartean.

Eskailerak, traktoreak, plataformak, maletak garraiatzeko zintak eta antzerako ibilgailuak izango dira, eta Muskizko (Bizkaia) findegian —aireportutik 30 kilometrora— ekoitzitako erregaia erabiliz jardungo dute hilabetez. Tarte horretan, espero dute 12,5 tona CO2 inguru gutxiago isuriko dituztela atmosferara.

Petronorrek 5.000 litro erregai ekoitziko ditu guztira ibilgailu horientzat. Konpainiak 2019an ekin zion nekazaritzako eta jaki industrialen hondakin organikoak erabiliz egindako erregaia sortzeari —bioerregaia egiten, dena den, bi hamarkada baino gehiago darama—. 2025ean 1,3 milioi tona ekoizteko gaitasuna izatea espero du, eta bi milioi tona baino gehiago 2030ean, Europako ekoizlerik handiena bihurtzeraino.

Bioerregaia egiteko, zabor organikotik lortutako hondakinak erabiltzen ditu Petronorrek: landare olioak, animalia koipeak eta elikagaigintzan erabiltzen ez diren nekazaritza eta basogintza arloetako hondakinak, batez ere. Findegian tratatu egiten ditu, eta ibilgailuentzako erregai bilakatu.

Hegaldia abiapuntu
Petronorrek eta Iberiak mugarritzat jo dute Bilboko aireportuan gaur abiarazitako egitasmoa, eta adierazi dute aeronautika sektorea deskarbonizatzeko beste aurrerapauso bat dela. Hartara trantsizioa «modu eraginkorrean» egitea bermatuko dela uste dute.

Bi konpainiek 2021ean sinatu zuten lankidetza hitzarmena, eta, hain zuzen ere, urte bereko azaroan Petronorrek ekoitzitako erregai organikoa erabili zuen hegazkin batek lehen aldiz. Bilbo eta Madril arteko hegaldia egin zuen Iberia konpainiako Airbus A320 Neo batek. Bioerregaia kerosenoarekin nahastu zuten orduan.

«Erregai berriztagarriak garraioaren sektoreko CO2 isurpenak murrizten dituen soluzioa dira dagoeneko, eta guztiz bateragarria da gaur egungo parke mugikorrarekin eta erregaien banaketa azpiegiturekin, aldaketarik egin beharrik gabe», nabarmendu du Carlos Suarez Repsoleko Mugikortasun zuzendariak.

Iberiak iragarri du 100 milioi euro baino gehiago inbertituko dituela hurrengo bi urteetan 2025erako aireportuak karbono isurietan neutroak izateko. Eta, horretarako, ibilgailu elektrikoen aldeko apustuaz gain, bioerregaien aldeko apustua ere egingo du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©R. H.
Lehortearen eraginak, Fustiñanako zereal lurretan (Nafarroa). ©IÃÑIGO URIZ / FOKU

JATEN DUGUN LURRA

Jokin Sagarzazu

Hego Euskal Herrian erabilgarri dagoen uraren %80 nekazaritzan erabiltzen da, lurrak ureztatzeko. Jada hasiak dira labore batzuk beste batzuekin ordezkatzen eta ekoizpenean ur gutxiago baliatzeko teknikak erabiltzen.
 ©ADRIANA CLIVILLE
Auto baten estankotasuna probatzeko ganbera Suzukiren Hungariako lantegi batean. ©ZSOLT SZIGETVARY / EFE

Ura, ekonomiaren zainetan

Irune Lasa

Industrian, zerbitzuetan, ekonomiaren alor gehienetan bihurtu da ezinbestekoa ura erabiltzea. Eta badaude sektore batzuk ur kontsumitzaile oso handiak direnak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...