Udazkenera aurreratu da Komunikazioko GRALen BERRIA sariketa, baina joan den aldietako baldintza berak bete beharko dituzte aurkezten direnek; EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Graduko nahiz Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko ikasleak edo ikasle ohiak izan beharko dute, eta gradu amaierako lana 2026an egina eta aurkeztua izan, euskaraz, gutxienez 9ko kalifikazioarekin.
Sariduna hautatzeko, bost kidez osatutako epaimahai misto bat eratuko da: batetik, BERRIAko hiru lankide izango dira, eta, bestetik, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Graduko eta Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko bi irakasle.
Lanen interesa aztertzeko, epaimahaiak alderdi hauek hartuko ditu kontuan: komunitate zientifikoari eta gizarteari egindako ekarpena kazetaritza lan baten bidez, euskarriari dagokion narratibaren kalitatea, edukien alderdi formalen eta estetikoen erabilera zuzena, eta zorroztasun metodologikoa.
GRAL sariduna BERRIAren euskarrietan hedatuko da, eta egileari elkarrizketa bat egingo zaio lanaren inguruan. Horrez gain, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak 100 euroko bonu bat emango dio saridunari, eta hark aukera izango du urtebetez BERRIAlagunen abantailez gozatzeko. Saria eta diploma graduazio ekitaldian emango zaizkio.
Urriaren 27a izango da lanak bidaltzeko azken eguna, eta abenduan ebatziko da nor den sariduna.
Deialdiaren oinarriak eta informazio guztia hemen irakur daitezke.



