Bertan da urriaren 4a; orduan egingo dute Kilometroak jaia, Lazkaon. 50. aldia izango du Gipuzkoako ikastolen aldeko festak, eta BERRIA eta Kilometroak elkarlanean arituko dira: gaur izenpetu dute hitzarmena bi eragileetako ordezkariek. Hala ere, BERRIAko Marketin arduradun Ainara Lasak goretsi du ezen, urriaren 4ari bereziki erreparatuagatik, bi eragile euskaltzaleren arteko akordioa zabalagoa dela: «Ikastolak eta BERRIA euskalgintzako kide garen neurrian, gure lankidetza naturaltzat daukagu, baina garrantzi estrategiko bat ere ematen diogu; izan ere, ikastolen eginkizuna eta euskarazko hedabideona funtsezkoak dira esparru kultural oso bat eraikitzeko, hizkuntza biziberritzeko eta garatzeko, eta nazio ikuspegitik iruditeria komunak eraikitzeko».
Elkarlanean arituko dira Lazkaon ere. Lasak azaldu duenez, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiak eta BERRIAk elkarri «ikusgarritasuna» emango diote: «BERRIAk Kilometroak jaiaren berri emango du, publizitatea jarriko du, eta jai eremuan BERRIAk bere lekua izango du». Zehaztu duenez, Asier Kidam magoak ikuskizuna egingo du leku horretan, eta zozketa bat ere antolatuko dute.
Jaiaren aurretik ere eskuz esku aritu dira: BERRIAk Mantangorri tailerra eskaini die Lehen Hezkuntzako ikasleei: «Lankidetzari proiekzio publikoa eman ez ezik, tokian tokiko ikastoletan errotzen ere saiatzen gara, eta horretan jarraitzeko asmoa daukagu».