516 ekitaldi ofizial izango dira Iruñeko sanferminetako egitarauan

Haurrek eta auzoek protagonismoa hartu dute aurtengo sanferminetako programazioan.

Sanferminen egitaraua. CRISTINA NUÑEZ / IRUÑEKO UDALA
Sanferminen egitaraua. CRISTINA NUÑEZ / IRUÑEKO UDALA
itsaso jauregi 2
2026ko ekainaren 24a
16:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estilo askotako musika, haurrentzako jolasak, erakusketak, suak, kirol jarduerak, antzerkia, kalejira eta prozesioa: hori guztia eta gehiago antolatu dute Iruñean aurtengo sanferminetarako. Txupinazo Txikiari eta beste ekitaldi batzuei esker, haurrek protagonismoa hartuko dute aurtengo jaietan, baita auzoek ere, jarduera gehiago antolatu baitira auzoetan: jaietako programa ofizialak 516 ekitaldi barne hartu ditu.

Aurten, berriz ere, jaiak Iruñeko Alde Zaharretik kanpo mugitzeko ahalegina egingo dute. Musikarekin zerikusia duten jarduerak egingo dituzte hiriko sei auzotan, goizez, uztailaren 8tik 13ra bitarte: Txantrean, Ermitagaña-Mendebaldean, Etxabakoitzen, Azpilagañan, Iturraman eta Donibanen. Haurrek eta nerabeek ere badute jaiez gozatzeko gunea: sormen jolasak egiteko Birjolastu gunea Takoneran egongo da, ohi bezala, baina hiriko auzo batzuetara hedatuko da uztailaren 8tik 13ra bitarte. Arratsaldez antolatuko dira jolasguneak, 18:00etatik aurrera.

Gune berria

Sarasate pasealekuan egiten ari diren lanak direla eta, bertan izaten ziren musika ekitaldiak berrantolatu egin dituzte. San Jose plaza Jota-soinuak zikloaren agertokia izango da uztailaren 8ko, 10eko eta 11ko eguerdietan. Halaber, bertsolariak ere gune horretan arituko dira uztailaren 7an, 9an eta 11n, 19:00etan. Arratsaldez ere, ordu horretan bertan, dantzariak arituko dira San Jose plazan, uztailaren 8an, 10ean eta 12an. Era berean, Txistularien Alardea ere San Jose plazan egingo da: aurten 67. edizioa dute, eta uztailaren 12an izango da, 12:30ean.

Kokapen aldaketa horrez gain, bestekin lotutako gune berri bat ere sortu dute: Civivox Pompelo. Kutxa Sonora izeneko auditoriuma musika ikuskizunen agertoki izango da uztailaren 8tik 11ra, 19:00etan, Primital Brothers, Piluka y sus internacionales del bolero eta Los Gandules taldeen eskutik. Era berean, kontzertuak izango dira Gazteluko plazan eta Konpainia plazan. Gazteluko plazan, besteak beste, Ojete Calor, Shinova, Boney M eta Motxila 21 taldeak arituko dira. Gaixoa ni ekitaldiaren aurretik jaiei agur esateko, Etzakit taldearen kontzertua izango da 22:00etan.

Azkenik, sanferminez lasai gozatu nahi dutenek ere badute beren gunea: Iruñeko Udalak berriz ere antolatu du Zentzumenen Babeslekua Kondestablearen jauregian, bereziki diseinatua jaiak ozen bizi nahi ez dituztenendako. Babeslekua uztailaren 8tik 14ra bitarte egonen da irekita, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA