Atzeko planoak aurreratuz

Iaz Gasteizko Mendebaldea institutuak irabazi zuen BERRIA Ikasgela sariketa, eta bertan grabatu dute aurtengo 'spot'-a. Gaurtik aurrera martxan da III. BERRIA Ikasgela sariketan parte hartzeko epea.

III. BERRIA Ikasgela sariketaren 'spot'-aren grabaketa, asteartean, Mendebaldea institutuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
III. BERRIA Ikasgela sariketaren 'spot'-aren grabaketa, asteartean, Mendebaldea institutuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2026ko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gazteok badugu zer esan, komunikatu eta idatzi». Mezu argi bat entzun daiteke spot-aren hasieran; eta are argiago bi entzun daitezke jarraian: «Baina gure hitzen bidez kontatu nahi dugu mundua»; «Zuk ere ziur baduzula zer kontatu». Gasteizko Mendebaldea institutuko DBHko 4. mailako ikasleak ari dira hizketan. Ikastetxean urtero egiten duten aldizkariko testu bat iaz BERRIA Ikasgela sariketara aurkeztu zuten. Baita saria irabazi ere. Sariketaren helburua gazteek aktualitateari, inguruari eta munduari buruz dituzten askotariko ikuspegiak ikusaraztea da, eta Gasteizko nerabeok aisialdirako dituzten aukera eskasak salatu zituzten euren lanean. Sariketaren hirugarren aldia gaur abiatu da, eta Mendebaldea institutuan grabatu dute horren iragarkia.

IKUSI GEHIAGO

Ikastetxera egunero moduan joan badira ere, Mendebaldea institutuko zenbait ikaslek bazekien gaurko eguna apur bat berezia izango zela eurentzat. Iaz kazetari lanetan aritu ziren, eta orain, ofizioaren beste aldea ezagutzeko aukera izan dute. Zenbaiti aktore lana egitea ere tokatu zaie. 

Haizea Garcia eta Carla Tejerina ikasleak eta Garbiñe Agirre irakaslea izan dira ofizio berrian jarduten lehenengoak. Serio-serio eseri dira kameren aurrean. Mikrofonoak ongi dabiltzala frogatu, eta aurrera. Ez diete luze iraun hasierako keinu serioek, laster agertu baitira lehen irribarreak.

Gaiaren hautaketa

Iazko esperientzia kontatzeari ekin diote. Tejerinak azaldu du ikasgelan kazetaritza lantzeak eta sariketan parte hartzeak beste modu batera ikasten lagundu ziela: «Idazten ikasteko esperientzia ikaragarria izan zen». Urtero aldizkari bat egiten dute institutuan. Eta iaz BERRIAren sariketaren berri izan zutenean, ikasleek adostu zuten bertan parte hartzea. Aldizkari osotik artikulu bakarra hautatu behar izan zuten, eta azaldu dute ikasleek idatzitako gaiak askotarikoak izan zirela: amodio aholkuak, hiriko influencer bati egindako elkarrizketa eta abar. 

Guztien artean, N proiektua hautatu zuten. Garciak aitortu du bere ideia izan zela Gasteizko nerabeek aisialdiko denbora igarotzeko duten leku falta salatzea, eta Agirrek adierazi du ikasle guztiak sutsuki parte hartu zutela salaketa horretan: «Guztiek zuten zer esana».

Karla Tejerina, Haizea Garcia eta Garbiñe Agirre, elkarrizketa grabatzearen unean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Carla Tejerina, Haizea Garcia eta Garbiñe Agirre, elkarrizketa grabatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Sariari buruz ere mintzatu dira. Eta orduan irten zaizkie irribarre gehienak. Izan ere, Hontza Extrem abentura parkera (Otxandio-Oleta, Bizkaia-Araba) joan ziren ikaskideak, eta nabarmena da oroitzapen onak dituztela. Ez zuten soilik ikasleek ongi pasatu, Tejerinak aitortu du irakasle batzuk ere oso gustura ibili zirela: «Gure tutoreak guk baino hobeto pasatu zuen, guztietan ibili zen. Gu baino trebeagoa zen!».

Grabaketak ez du etenik

Garcia beste plano batzuk grabatzera joan da, eta bitartean, ikastetxeko areto gelan geratu dira Agirre eta Tejerina. Azken horrek paper batzuk darabiltza eskuan, batetik bestera, urduri. Irakasleak esan dio elkarrizketa ongi egin duela eta ez arduratzeko horretaz. Baina ikasleak erantzun dio ondoren historiako azterketa duela, eta ezin duela beste ezertan pentsatu. Halere, ez du irribarrea ezkutatzen. «Orain ekonomiako klasea nuen, eta behintzat, hemen nago».

Eta hantxe dago Garcia eraikinaren sarreraren eta irakasle bulegoaren arteko korridorean barrena plano bat grabatzeko ahaleginak egiten. Azkenean, «bai, aupa!», entzun da pasilloaren beste puntatik. Tejerinarengana hurreratu, «goazen, jolas ordua da laster» esan, eta euren ikasgelarantz abiatu dira, hamaiketakoaren bila edo. Eta handik gutxira, txirrina entzun da, atsedenaldiaren mezua gela guztietara hedatzeko.

Beste baten txanda da orain. Eskaileretan gorantz abiatu dira, eskaileretan beherantz jolastokira korrika zihoazenen korrontearen aurka. Zarata zela eta lan nekeza izango zela pentsatu badute ere, nahikoa izan du pare bat aldiz grabatuta.

Martxoaren 27ra arte

Eta azkenean, amaitu dute grabaketa. Txukun geratu dela iritzi diote denek. Jada ikusgai da bertan grabatutakoa, gaur zabaldu baita sariketan parte hartzeko epealdia. Gainera, aurtengoak badu berritasunik: aurten bi sari banatuko dituzte. Lehenengo saria, iaz bezala, Hontza Extrem abentura parkerako sarrerak izango dira. Bigarren saria lortzen dutenei podcastak grabatzeko tailerra emango diete BERRIAko ikus-entzunezkoen taldeko kideek.

Edukiari dagokionez, edonolako testuak bidal daitezke: albisteak, gertaerak, erreportajeak, kronikak, elkarrizketak eta iritzi artikuluak. Idatzizko testuak, audioak nahiz bideoak izan daitezke. Gazteen galderak eta eztabaidak jorratzen dituzten komunikazio lanei tokia egitea da xedea. Ikasgelan egindako testu bakoitzari azalpen testu bat gehitu behar zaio, eta ikasgela@berria.eus helbidera bidali.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.