Xabier Badiolak (Eibar, 2000) urteak daramatza musikarekin hartu-emanean, gaztetatik gitarra soinean. Zenbait taldetako partaide izan da. «Azkenean, dena perfektu eginez gero, xarma galtzen da»: filosofia horrekin ekin zion eibartarrak bakarkako bideari. Etxean grabatutako lehen kantei esker, estilo pertsonaleko eta minimalistako disko bat atera zuen, bere lehena, perfekzio teknikoaren gainetik berehalakotasuna eta kantu bakoitzaren berezitasunak bilatuz. Gaur egun, aurrera doa bere ibilbide musikalean.
Noiz hasi zinen musika munduan?
Hamar urterekin hasi nintzen gitarra jotzen, eta hortik musikan gauzak sortzen. Eibarko proiektu baten bidez hasi nintzen. Bertan, gitarra abesti batzuk grabatu nituen, eta han bildu ginen Eibarko Ezdok tabernan. Nahiko kuadrilla kuriosoa batu ginen, denak musikariak edo zinema zaleak, eta kuxkuxean hasi ginen. Gaztetan, rock talde batzuk izan nituen, eta 2022an Sotomonterekin hasi nintzen. Beste disko bat grabatu nuen haiekin rock progresiboan edo. 2023an geldialdi bat izan genuen, eta gogoz nengoen zerbait sortzeko, doinu apalagoak agian.
Nola jaio zen zure bakarkako proiektua, eta zer bilakaera izan du orain arte?
Abesti batzuk nituen erdi maketatuta telefonoan, eta lagun batek euskaraz abestera animatu ninduen; nik jada banuen ideia hori bueltaka; gainera, gitarra eta ahotsa bakarrik izanik, gazteleraz edo ingelesez daukadan azentu eskasarekin ez zen oso sinesgarria. 2023ko uda hartan etxean grabatu nuen; garai hartako bikotekideak egin zizkidan koruak, eta hala sortu nuen lehen diskoa; irabazi-asmorik gabe, esaten den bezala, edo inguruko jendearentzat. Kontzertu batzuk eman nituen, eta, poliki-poliki, diskoa jende nahiko interesgarrirengana helduz joan zen. Kontzertu dezente jo nituen. Adibidez: joan den abenduan, Renneseko Transmusicales jaialdian jo nuen. Orain, bigarren diskoa martxoan atera dut, Balio Dute-rekin.
«Diskoa etxean sortuta, muga pertsonalak ere izan ziren, baina uste dut muga horietatik soinu propio bat sortzen dela»
Zure lehen diskoa etxean sortutakoa da. Zer abantaila eta zer muga izan dituzu ekoizpenean?
Grabatu izan dut estudioan beste proiektu batzuekin. Ez naiz aditua, baina teknika aldetik zerbait badakit; hortaz, etxean grabatzea erabaki nuen; alde batetik, erosotasunagatik, eta, beste batetik, etxean sortutako diskoak gustatzen zaizkidalako. Iruditzen zait atmosfera edo sonoritate berezia sortzen dela; estudio batera zoazenean, estudioaren soinua hartzen du proiektuak, eta zerbait etxekoiagoa nahi nuen. Desabantailak, berriz, muga teknikoak ziren, bai ekoizpen aldetik eta bai gitarra eta ahots aldetik. Aurretik ez nuen profesionalki edo maila horretan gitarra jo eta abestu. Muga pertsonalak ere baziren, baina uste dut muga horietatik soinu propio bat sortzen dela. Oso zaila egiten zait ordenagailu batean programa askorekin eta aukera askorekin erabakiak hartzea; baldintza minimalistekin ahal dena egitea gustatzen zait. Azkenean, dena perfektu eginez gero, nire ustez xarma galtzen da, baina, bueno, hori filosofia pertsonala da.
Zer nabarmenduko zenuke bigarren diskoari buruz?
Martxoan kaleratu nuen, Abadetxe estudioan, Mungian [Bizkaia]: nire filosofiari jarraituz, harraldi ahalik eta osoenak eginez, ahalik eta gutxien ukituz, eta berehalakotasun horri eutsiz. Xabi Agirrerekin egin nuen, eta oso gustura egon nintzen. Kolaborazioak ere izan nituen: Eñaut Zubizarreta eta Jone Laspiur. Diskoan zer gai jorratzen ziren ikusita, iruditzen zitzaidan nahiko aproposak zirela haien estiloak, eta haien ahotsek beste kolore bat ematen zutela.
Diskoan, kantu batzuk euskaraz daude, eta beste batzuk instrumentalak dira. Zer garrantzi dute zuretzat instrumentalek?
Gitarra instrumentalaren oso zalea naiz, eta etorkizunean gustatuko litzaidake zerbait landuagoa sortzea. Ikusten dut halako arnasgune bat direla diskoan.
Etorkizuna aipatu duzu. Nolakoa gustatuko litzaizuke izatea?
Gustatuko litzaidake zerbait guztiz instrumentala egitea, filmetako musiken oso zalea bainaiz. Kontua da teknika aldetik eta jakintza aldetik hobetzea. Oso exijentea naiz neure buruarekin, eta presio bat izaten dut entzuleari sorpresa bat emateko, edo zerbait berria entzun dezan. Hitzek batzuetan betelana egin dezakete, baina, hitzik ez dagoenean, beste alde batzuetatik tira egin behar da.
Gaurko kontzertuaren inguruan, zer esango zenioke jendeari?
Ilusio handia egin zidan proposamenak. Pixka bat mistiko jarrita, eklipse gaua izango da, eta justu egun horretan jotzea berezia da; inoiz ez zait gertatu, eta agian bizitzan ez dut berriz aukera hori izango. Nire kontzertuetan, emozionalki nahiko espazio polita eta intimoa sortzen da. Momentu ona izan liteke jai giroan tarte batez mentalki beste leku batean egoteko eta gero juergan gustura jarraitzeko. Bestalde, poztu nau teknikarien greba egunarekin bat ez egiteak. Ondo dago teknikarien lana aldarrikatzea; pandemia garaitik ari dira beren aldarrikapenekin, eta zortea izan dut niri ez zaidalako egun horretan tokatu; hala ere, oso presente dut soinu teknikarien greba.
Galdera-ErantzunaK
Bilboko Aste Nagusia ala Donostiakoa?
Bilbokoa.Artillero izango bazina, zeri emango zenioke su?
Galdera ona... Agintari teknofeudalistei.