Seaskak manifestazioa eginen du ekainaren 6an, azterketak euskaraz egin ahal izatea eskatzeko

Bordeleko errektoretzaren aitzinean eginen dute manifestazioa, eta Seaskak euskaltzale «guziei» die egin die mobilizaziora batzeko. Egoera «txarra» dela nabarmendu dute, eta denen laguntzaren behar «gorrian» daudela zehaztu du Erik Etxartek.

Herri Urratseko Araba BERRIA gunea, gaur goizean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Senpere
2026ko maiatzaren 10a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaitzeko gibelapena bizitzen ari gara». Tonu aldarrikatzailea izan du Seaskak antolatu prentsaurrekoak gaur goizean Senpereko lakuan. Euskarak bizi duen gibelapena 2019ko baxoa aldatzeko Blanquer erreformak eragin duela zehaztu du Seaskako guraso Maite Duboisek. Izan ere, erreforma gauzatu aitzin lizeoko ikasleek baxoko matematikako froga euskaraz pasatzen ahal zuten. Erreformak euskarak irabazi lekuak «hankaz goiti» eman dituela nabarmendu du, errate baterako, egun baxoko matematikako azterketa euskaraz pasatzea debekatu baitu Frantziako Estatuak. 

Egoera «zentzugabea eta ulertezina» zaio Duboisi, eta, horrenbestez, jendarte guziari dei egin dio matematikako etsaminaren inguruko egoera desblokeatzearen, eta oro har, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen alde egiteko. «Euskaltzale guziei dei egiten diegu gurekin Bordelera joateko eta manifestazio zaratatsu eta jendetsua antolatzeko. Hautetsiek ere presioa egin dezatela egoera askatzeko: denen beharra dugu». 

Nahiz eta 15.000 mezu baino gehiago igorri Frantziako Hezkuntza Ministerioari, 37 herriko etxek azterketak euskaraz pasatzeko mozioa sinatu eta 540 hautetsik hura sustengatu, Frantziako Estatua mutu gelditzen dela salatu du, eta bere jarrerari eusten diola. Bide beretik joan da Seaskako lehendakari Erik Etxart. Erran duenez, Paristik haize «txarra» heldu da, eta horri aurre egiteko jendarte osoaren laguntzaren behar «gorrian» da Seaska. «Badirudi Frantziako Estatuak aspaldi abiatu zuen politikak segitzen duela. Ipar Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, eta debekua emanez erantzuten digute». 

Laku bat «orroka»

Eguzkia da nagusi Senpereko laku bazterretan, eta jendez gainezka dago Araba BERRIA gunea. Nork bere manera izaten du euskararen oldarraldiari orro egiteko eta aldarrikapenen kateari bere alea emateko. Errate baterako, Kattalin Indaburu urte guziz heldu da Herri Urratsera musika taldearekin jotzeko. «Biziki» hitzordu garrantzitsua zaio, Seaskak aldarrikapen «anitz» egin behar dituelako oraino. «Testuingurua ez da batere samurra, ez Euskal Herrian, ezta nazioartean ere. Hizkuntza minorizatuak desagertzen ari dira, eta euskarari dagokionez, nahiz eta leku gehiagotara heldu, egunerokoan ez dut aldaketa handirik ikusten». Beraz, euskararen pizkundea gerta dadin, Herri Urrats eta antzeko bestak beharrezkoak iruditzen zaizkio. «Euskaldunok hats har dezagun funtsezkoak dira horrelako bestak. Hemendik indartsu ateratzen gara gure borroka urte guzian eraman dezagun ondotik».