Geroa eraikiz eta orroka segituko dute milaka lagunek Senpereko lakuaren inguruan. Bihar izanen da Herri Urrats eguna, Seaskaren eta ikastolen aldeko besta, Senperen (Lapurdi), Geroa eraikiz laku bat orroka lelopean. Urteroko formula atxikitzeaz gain, hainbat berrikuntzarekin jin dira antolatzaileak: erasoen kontrako protokoloa, txartelen prezioa, haurren egitarau indartua, maskota... Ekintzak 9:00etan hasiko da, betiko zazpi guneetan. Arratsaldean, berriz, mobilizazio «erraldoia» eginen dute hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko, Baxoa euskaraz! lemapean.
Geroa eraikiz da aurtengo aldiaren leloaren lehen partea. Herri Urrats bakoitzak helburu jakin bat izaten du, proiektu jakin baterako biltzen da dirua aldi bakoitzean. Aurten, egunean lortu dirua Donapaleun (Nafarroa Beherea) eraikiko den lizeo berriaren obrak diruztatzeko izanen da. «Lizeo berri horrek irudikatzen du etorkizuna, eta nolabait ere Seaska beraren etorkizuna. Horretarik abiatu zen leloaren ideia: lizeoa geroa da, eta helburua eraikitzea da», azaldu du Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak. 2027ko irailean ireki behar lukete lizeo hori.
Eta, gero, laku bat orroka partea gehitu zitzaion leloari, Herri Urrats «oihu» bat baita euskararen kontrako oldarraldien aurka. Horretarako, besta eguna izateaz gain mobilizazio egun nazional bat izatea nahi dute antolatzaileek. Hain zuzen, 17:00etan mobilizazio orokorra eginen dute aintzira inguruan. Nafarroa eta Araba BERRIA guneetan bi elkarretaratze eginen dira, Baxoa euskaraz! lelopean: «Asmoa da irudi erraldoi bat ateratzea, Frantziako gobernuari, eta orokorrean euskararen etsai guztiei, erakusteko ez garela bat eta bi, baina milaka garela. Eguna baliatuko dugu euskararen aldeko eta euskaraz ikastearen aldeko defentsa egiteko. Orokorrean, hizkuntza eskubideen defentsarako eginen dugu».
«Asmoa da irudi erraldoi bat ateratzea, Frantziako gobernuari, eta orokorrean euskararen etsai guztiei, erakusteko ez garela bat eta bi, baina milaka garela»
KOLDO RODRIGUEZÂ Herri Urratseko koordinatzailea

«Auzolanean» eraikitzen da Herri Urrats. Urtero ehunka laguntzailek eta burasok antolatzen eta sortzen dute besta. Auzolanaren irudiarekin bat eginez, azken urteetako ber gisara, aurtengo Herri Urratseko kantua hainbat artistaren arteko kolaborazioa izan da: Laku bat orroka. «Herri Urrats Ipar Euskal Herriko eta segur aski Euskal Herriko auzolan handienetarik bat da. Eta abestia ere horrela egitea hori omentzeko da». Alde batetik, Ipar Euskal Herriko zenbait musikarirekin elkartu ziren musika sortzeko, Mizel Zamoraren gidaritzapean, eta Haira Aizpurua Ibargarai Sarako bertsolariak (Lapurdi) idatzi ditu hitzak. Beste aldetik, kantua kantatzeko Ipar zein Hego Euskal Herriko hainbat artista prest agertu ziren —Patxi Casenave, RTZ kolektiboa, Marte Lasarte eta Lide Hernando—. Euskal Herriko mugen artean «zubiak» eraikitzen saiatzen direla azpimarratu du Rodriguezek.
Kantuarekin batera, bideoklipa ere argitaratu dute, zeinetan hurrengo aldietako berrikuntza bat agertzen den: munstro bat. Munstro hori Herri Urratsen «maskota» bilakatuko da. «Munstro honek irudikatuko du urte hauetan guztietan Seaska laguntzen eta Seaskaren inguruan ibili den jendea. Aintziran bizi da, eta aintzira eta Herri Urrats zaitzen ditu. Borrokaren irudia ere bada. Azken batean, munstroa bera prest dago gerta daitezkeen egoera trakets guztiei erantzuteko. Zaintza eta borroka irudikatzen ditu». Horrez gain, Herri Urratseko logoan eta leloan agertuko da, eta horren inguruko merchandising produktuak ere sortuko dituzte, agian, baita kantu bat ere. Joan den astean, ikastoletako haurrek haren izena bozkatu eta erabaki dute: Urdatx.

Iragan urteen ber gisara, «kalitatezko» egitaraua prestatu dute antolatzaileek, denen gustuetarako: kontzertuak, dantzak, bertsoak, haur jokoak... Denetariko musika izanen dela dio antolatzaileak: «Gaur egun euskal eszenan dauden talde handienetarikoak han izango dira». Xiberoots, Olaia Inziarte, Mirua, Auhen, La Txama, Janus Lester eta Anje Duhalde, besteak beste. Horrez gain, hainbat animazio emanen dira laku inguruan: txarangak, joaldunak, txistulariak... Betiko eran, dantzaz gozatzen ahalko da Xiberoa gunean, Estitxu Robles eta Dantzaz, Zabala Moduloa, Ezpela, Leinuar eta Kukai taldeekin.
Berrikuntzak eta balioak
Antolatzaileak hainbat berrikuntzarekin etorri dira aurtengo aldira. Lehen helburua haurrei garrantzi handiagoa ematea dela erran du koordinatzaileak. Hori dela eta, goizeko 11:30ean, Araba BERRIA gunean, Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Pontxek emanaldia emanen dute; Rodriguezek kontatu duenez, lehen aldia da haurrentzako ekitaldi bat izanen dela eszena handian.
Bestalde, erasoen kontrako protokoloaren indartu dute. Iazko edizioan plazaratu zuten Herri Urratseko erasoen kontrako protokoloa lehen aldiz, «berantarekin»: «Kontua da, agian, uste genuela gure besta salbuespena zela gai horiei dagokionez. Duela bi urte gertaera batzuk izan ziren, eta horretatik erabaki genuen protokolo bat sortzea». Hainbat eragilerekin osatutako protokoloa ondu dute antolatzaileek, gerta daitezkeen eraso guztiei erantzun asmoz: eraso matxistak, homofoboak, arrazistak, lodifoboak... «Heteropatriarkatuak sortzen ahal dituen erasoei erantzun nahi diegu protokoloaren bidez. Eta badakigu agian urtero osatu eta aldatu egin beharko dugula, erasoak aldatuz joaten direlako, zoritxarrez». Aurten, psikologoak izanen dira, zerbait gertatuko balitz. Halere, espero dute plantan jarri behar ez izatea.
Lehen aldiz, Bio gunean, pintxoak izanen dira, eta horrez gain, aukera begetarianoak proposatuko dituzte. Ekonomikoki ere apustua egin dute txartelen salneurriaren apalduz; iaz txartelaren prezioa 1,25 eurokoa zen, eta aurten 1,30 euroko prezioa jarri ordez, antolatzaileek erabaki dute 0,65 euro izanen zela. «Arrazoia da prezio batzuk borobiltzeko beharrean garela bizitzaren kostua igo delako, eta azken urteetan kostua gero eta handiagoa delako, eta ez genuen nahi emendatze handirik egin», esplikatu du Herri Urratseko kideak.
egitaraua
- Araba BERRIA gunea. Mutxikoak (10:00), Pirritx, Porrotx eta Marimotots (11:30), Anje Duhalde (13:00), Olaia Inziarte (14:30), Mirua (16:00), Janus Lester (17:30), Lin Ton Taun (19:00).Â
- Nafarroa Badok gunea. Dr. Palauer (10:00), Herenegun (11:15), Gar (12:30), Xiberoots (14:00), Auhen (15:30), Niña Coyote eta Chico Tornado (17:00), La Txama (18:30).Â
- Lapurdi Mantangorri gunea. Gosaria (09:00), Gurashow (13:00), Goazen (14:30), Sardina Freskua (16:00).
- Gipuzkoa gunea. Bertso saioa (11:00), Baiona Kantuz (12:30), Bix (14:00), Arti (15:30), Kuma No Motor (17:00), DJ Elepunto (17:30).Â
- Xiberoa gunea. Estitxu Robles eta Dantzaz (11:00), Zabala Moduloa (11:45), Ezpela (12:30), Leinua (14:00), Kukai (15:00), Kospeistar Orkestra (16:00).Â
- Bizkaia gunea. Haurren xokoa (egun osoan).Â
- Baxe Nafarroa gunea. Erronka (egun osoan).