Atzekoz aurrera

Bibote baten atzean dagoena

Pedro Subijanari buruzko dokumental bat estreinatu dute Culinary Zinema sailean: ‘Subijana, más allá de un bigote’. Eta sei eskutara ondutako afari berezi batekin omendu dute haren jarduna.

 Culinary Zinema sailean antolatzen duten afaria prestatu dutenak, Pedro Subijanarekin. BCC
Culinary Zinema sailean antolatzen duten afaria prestatu dutenak, Pedro Subijanarekin. BCC
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2026ko irailaren 25a
11:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Izorratzen nau biboteari horrenbeste garrantzi emateak. Izan ere, oso erraza da: bibote bat jartzen duzu, eta atzean dagoenak ez du inporta». Pedro Subijanak berak esaten du hori dokumentalaren hasieran. Baina ez da horren erraza, eta atzean dagoenak inporta du, eta asko. 

Horixe baita Subijana, más allá de un bigote dokumentalaren funtsa: bibotearen atzean dagoena erakustea. Subijana sukaldaria, Subijana senarra, Subijana aita, Subijana aitona, Subijana bromazalea eta Subijana bide urratzailea. Visual Comunicacion ekoiztetxeko Jorge Fernandez Mayoral eta Jesus Javier Ruiz Akerreta nafarrek ondu dute pieza. «Duela urtebete beste film bat aurkeztu genuen sail honetan, eta afari hartan sortutako elkarrizketa baten harira proposatu genion Subijanari berari buruzko beste bat egitea», esplikatu du Fernandezek. Lehendik ere gordeta zeukaten euskal sukaldaritza berriari buruzko materiala, eta Subijana izan da mugimendu horren 50 urteko joana josteko baliatu duten haria. Subijana, eta haren bibotea. «Erotu egin naute horrekin. Azken planorako bibotea kentzea nahi zuten! Emazteak esan zidan bibotea kentzen banuen banandu egingo ginela», azaldu du Subijanak, umorez.

Donostiako Zinemaldiko Culinary Zinema sailaren afaria, atzo. BCC-K UTZITAKOA
Donostiako Zinemaldiko Culinary Zinema sailaren afaria, atzo. BCC

Akelarre jatetxearen historia. Familiako bideoak eta argazki zaharrak. Sukaldarienak eta pertsonenak. Egiteko modu batenak. Bilakaera batenak. Filosofia batenak: «Gauzak beste modu batera egiteko askatasuna defendatu dut beti». Hausnarketa batenak: «Legaturik onena bukatu gabe dagoena da, datozen belaunaldiek osatu behar dutena». Etorkizun batenak: Oihana alabak eskua sorbaldan jartzen dio maitekiro, Igeldon ilunabarrari begira ari direla.

Telefono deiak

«Honek guztiak eman didan botere bakarra da edonori telefonoz deituta ere erantzun egiten didala», esaten du Subijanak dokumentalean. Eta horixe egin zuen Culinary Zinema sailean antolatzen duten afarirako. «Egin nezakeen nik, nire taldearekin, baina nahiago izan dut nirekin lotura izan duten sukaldariei deitzea». Eneko Atxa (Armendariz), Edorta Lamo (Arrea), David Yarnoz (Molino de Urdaniz), Roberto Ruiz (Hika), eta Joanes eta Armintz Gorrotxategi (Gorrotxategi). «Denek esan zidaten baietz». 

Eneko Atxak prestatutako plater bat, otarrainxka txikiduna. BCC-K UTZITAKOA
Eneko Atxak prestatutako plater bat, otarrainxka txikiak dituena. BCC

Sei eskutara ondu dute afaria: arrain gazitu eta ketuzko royale-a egin du Yarnozek; otarrainxka txikiak, belar esentzia eta haien buruen emultsioa Atxak; Ega ibaiko karramarro gisatua Lamok; kokotxak, pistoa eta saltsa holandesa Ruizek; menta moussea, konpota eta lima gorrotxategitarrek. Maisuari egindako omena eta aitortza. «Behin eta berriro egingo nuke haren alde. Mila bider. Hark egin dit argi gehien», esan du Lamok. «Bere etxeko ateak ireki zizkidan. Ordena hori, xehetasun ia obsesibo hori. Milesker ofizio hau zainetan sartzeagatik», eskertu du Yarnozek. «Zenbat bidaiatu dudan zurekin, eta zenbat ikasi dudan. Zer-nolako eskuzabaltasuna zurea. Ikaragarri maite zaitugu», esan du Atxak. 

Ezusteko bat izan da afariaren amaieran: txokolatezko biboteak banatu dituzte. Jateko dira, eta atzean dagoena erakusteko. 

Txokolatezko biboteak. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI
Txokolatezko biboteak. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA