Uraren zaintza izanen du ardatz aurtengo Lurramak

Ostiralean hasi eta igandera arte izanen da azoka, Miarritzeko Irati gelan. ‘Ama ura zaindu’ izanen da aurtengo leloa, idorte urtean uraren erabileraz gogoeta egin nahi baitute.

Lurrama azoka, iaz, Miarritzeko Irati gelan. NAHIA GARAT
Lurrama azoka, iaz, Miarritzeko Irati gelan. NAHIA GARAT
Xalbat Alzugaray
2026ko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laborarien artean «pil-pilean» da uraren gaia, eta, hain justu, Ama ura zaindu leloa eman diote Lurrama laborantza herrikoiaren azokari, Delia Delanne koordinatzailearen arabera. Bihartik igandera bitartean eginen dute azoka, Miarritzeko Irati gelan (Lapurdi), eta, urte guziz bezalaxe, hainbat hitzaldi eta animazio izanen dira. Aurten, Ardeche eskualdea (Okzitania) gomitatu dute, eta Gilles Boeuf ozeanografoa da azokako gozaita.

Gaia hautatzean, ez zuten irudikatzen nolako uda izanen zen. «Idorteak ikusirik, zentzu are gehiago hartu du. Laborantza herrikoiak badu zer erakutsi, laborantza intentsiboari konparatuz arrunt desberdina baita uraren kudeaketa. Agroindustrian uraren erabilera nolanahikoa da», erran du Delannek. 

Hain zuzen ere, uraren zikloari eta erabilpenari erreparatuko die Julie Trottierrek bihar 17:00etan eginen duen mintzaldian. Ikerlari horrek uste du funtsezkoa dela ura agortu daitekeen erreserba gisa tratatu ordez fluxu jario bat dela ulertzea. Hortaz, klima aldaketaren ondoriozko uraren zikloaren bizkortzeari aitzin egiteko, eta, batez ere, horretara egokitzeko, ura lurpean ahal bezainbat infiltratzen lagundu behar da, erran duenez. «Ondotik, lurpean egiten duen bidea emekitu behar dugu, uraren erabilera ahalik eta handiena izan dadin lurpean».

Kontuan hartu behar da ura gehien erabiltzen duten izakiak gizakiaz besteko bizidun batzuk direla: zizareak, lurpeko bakterioak... «Munduko biodibertsitatearen %52 lurpean bizi da», oroitarazi du Trottierrek.

«Laborantza herrikoiak badu zer erakutsi, laborantza intentsiboari konparatuz arrunt desberdina baita uraren kudeaketa. Agroindustrian uraren erabilera nolanahikoa da»

DELIA DELANNE Lurramako koordinatzailea

Uraren erabilera eta uraren kontsumoa bereizi behar direla argitu du. Ura erabiltzen delarik, bere bideari segitzen dio zikloaren lurreko partean: adibidez, eskuak garbitzean, xurrutan erabilitako urak bere bideari segitzen dio hodietatik, tratatua izan ondotik lurrera berriz arribatu arte. Kontsumitzen delarik, haatik, ura ez da berriz lurrera itzultzen. «Horregatik, izugarri garrantzitsua da segurtatzea ura ahal bezainbat erabiltzen dela ur hori kontsumitzen duen jarduera baterako baliatu aitzin».

Ura eztabaidagai

Trottierren mintzaldiaren aitzin, 15:00etan, ura eta osagarria lotzen dituen hitzaldia antolatu dute; ur edangarriaren kudeaketa eta erakunde publikoek arlo horretan jokatzen duten rolaz mintzatuko dira Jean François Lagraula biologoa, Patrick Bonilla ARS Akitania Berriko Osasun Agentziako ordezkaria, Eneko Aldana Euskal Hirigune elkargoko hautetsia eta Sophie Chapelle kazetaria.

(ID_15496127) (Nahia Garat) Lurrama, larunbat arratsaldeko giroa. Miarritze, 2025/11/07
Lurrama azoka, iaz. NAHIA GARAT

Etzi, 11:00etan, Gilles Boeuf aurtengo azokako gozaitak eta biologoak aztergai izango du zer-nolako lekua duen urak elikagaien ekoizpenean urak, eta laborantza herrikoiak uraren erronkari aurre egiteko erantzunak proposatuko ditu. 15:00etan, berriz, Argitxu Iturria, Regis Gonnet eta Xabi Harluxet laborariek azalduko dute zer praktika dituzten laborariek ura kudeatzeko, Herve Dameztoi Euskal Hirigune elkargoko lehendakariordearekin batera.

Horren segidan, 17:00etan, uraren erabilerari buruzko gogoetak plazaratuko dituzte Francois Joncour Aturri Garona Ur Agentziaren kideak, Belen Lausejo Nafarroako Ur Bizia kolektiboko eledunak, eta Pettan Prebende eta Regis Gonnet laborariek, ura «zaintzeko» eta «denendako» eskuragarria izan dadin.

Dantza eta musika nagusi

Besta egin nahiko duen orok eskaintza zabala atzemanen du Lurraman, urte oroz bezalaxe. Bihar hasiko da musika eskaintza, 12:00etan, Azkaineko (Lapurdi) txarangarekin, eta ondotik Baiona Kantuz abesbatza, U txaranga, Frikun eta Ezpalak taldeak izanen dira Irati gelan.

Ebiakoitzean ere egin daiteke besta egunez zein gauez, 13:00etan hasirik. Kalume txaranga, Kospeistar orkestra eta Kontrabanda taldeak arituko dira, bertzeak bertze.

Azokaren azken egunean, igandean, 21:00etan hetsiko da Irati gela, baina bizkitartean animazio franko izanen dira goizetik, eta bertzeak bertze Mungiako (Bizkaia) udal dantza eskolaren eta Berritza elkartearen dantza ikusgarriez gozatzen ahalko da. Eguna Leinua txarangaren kontzertuarekin finituko da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA