Afixagilea

Amets Azkue: «Nire helburua ez zen mezu ekologiko bat modu dramatikoan transmititzea»

Aurtengo Lurramaren afixan itsasoa eta mendia agertzen dira, azokaren xedeetako bat baita Euskal Herriko kostaldeko eta barnealdeko jendea elkartzea.

Amets Azkue afixagilea. BERRIA
Amets Azkue afixagilea. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2026ko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den martxoan hasi zen Lurramako afixa lantzen Amets Azkue afixagilea (Zuraide, Lapurdi, 1998). Uraren eta naturaren inguruan ardaztu dutenez azoka, Euskal Herriko barnealdea eta kostaldea irudikatu ditu urdin eta berde kolorez osaturiko mundu utopiko batean. «Ohorea» izan da harendako Lurramako afixa egitea, eta kontatu du prozesuan barna ez diola aurtengo gaiari «negatiboki» heldu nahi izan. 

Zer nahi izan duzu transmititu egin duzun afixarekin? Zenbat denborako lana izan da?

Afixaren bidez, kasik mundu utopiko bat irudikatu nahi izan dut, giza presentziarik gabekoa, non natura oreka ezin hobean ageri den. Naturaren aberastasunaren eta biodibertsitatearen balioa nabarmendu nahi izan dut, urak ekosistema guzien funtzionamenduan duen funtsezko zeregina erakutsiz. Nire helburua ez zen mezu ekologiko bat modu dramatikoan transmititzea, baizik eta irudi eder baten bidez hausnarketa bat piztea. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan Euskal Herriko aniztasuna erakustea ere, eta, hala, kostaldea eta barnealdea irudikatu. Alde batetik, gure lurraldearen errealitatea delako, itsasoaren eta mendien artean bizi baikara, eta, beste aldetik, Lurrama kostaldeko eta barnealdeko jendea elkartzen duen ekitaldi bat baita. Interpretazio hori erakusteko, itsasoko uhin bat eta lurra elkartzen diren gunea afixaren erdigunean dira. Horrez gain, agertzen diren animalia espezieak ez ditut halabeharrez hautatu. Aitzinetik ikerketa lan bat egin dut, kostaldean zein barnealdean bizi diren espezieak identifikatzeko, eta irudikatutako ingurune bakoitzean egiazki aurki daitezkeen animaliak marrazteko.

Ama ura zaindu da aurtengo Lurramako gai nagusia. Nola landu duzu aurtengo afixa egiteko ideia nagusia?

Gaia jakin nuenean, uraren inguruan hausnartzen hasi nintzen. Gai biziki zabala da, eta gaur egun kezka anitzekin lotua da: klima aldaketa, ur eskasia, gatazka geopolitikoak, kutsadura edo osasunean dituen ondorioak, besteak beste. Baina hastapenetik, ez nion gaiari alde negatibo horretatik heldu nahi. Alderantziz, ikuspegi baikor eta poetiko batetik landu nahi nuen, uraren edertasuna, aberastasuna eta bizitzarako duen funtsezko garrantzia erakutsiz. Hortik etorri zitzaidan uraren zikloa afixaren erdigunean ezartzeko ideia. Hodeiak ikus daitezke, prezipitazioak irudikatzen dituztenak; ibaiak, ura ozeanoraino eramaten dutenak; eta lurpeko ur geruzak, ibaiak eta naturaguneak etengabe elikatzen dituztenak. 

«Uraren zikloa afixaren erdigunean ezartzeko ideia etorri zitzaidan. Hodeiak ikus daitezke, prezipitazioak irudikatzen dituztenak; ibaiak, ura ozeanoraino eramaten dutenak; eta lurpeko ur geruzak, ibaiak eta naturaguneak etengabe elikatzen dituztenak»

Teknikaren aldetik zer baliatu duzu afixa egiteko?

Afixa osoki digitalki egin dut, tableta baten gainean, baina eskuzko marrazkiaren teknika erabiliz. Nahiz eta tresna digital batekin lan egin, lerro bakoitza eskuz marraztua da, eta arkatz itxura eta testura landu ditut, marrazki tradizional baten sentsazioa atxikitzeko. Ez dira automatikoki sortutako formak edo irudiak, elementu, animalia, landare eta paisaiaren xehetasun guziak eskuz marraztu ditut. Hori ere bada proiektu honetan maitatu dudana, denbora hartzea unibertso oso bat sortzeko non begirada bakoitzean xehetasun berri bat ikus daitekeen.  

(ID_16559172) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-10-22, Miarritze. Lurramaren prentsaurrekoa
Lurramako afixa, aurtengo liburuxkaren azalean. PATXI BELTZAIZ
Koloreen aldetik ere afixa aski aberatsa da, hainbat urdin eta berde tonuz betea baita. Maitatu duzu kolore horiekin unibertso hori marraztea?

Koloreek leku inportantea dute nire lanean, eta afixa honetan bereziki interesgarria izan da urdin eta berde tonuekin aritzea. Hala ere, ez nuen kolore bakar edo uniformeekin lan egin nahi. Hainbat tonu nahasiz eta gainjarriz, paisaiari sakontasuna, mugimendua eta aberastasuna eman nahi izan dizkiot. Afixaren beste xehetasun interesgarri bat «Lurrama» tituluan gordetzen da. Ur hitza beste kolore batez nabarmendu dut aurtengo gaiari keinu ttipi bat egiteko. Behin oharturik, tituluak beste irakurketa bat hartzen du.

Jendeari zer iruditu zaio? Afixari buruzko oharrik ukan ote duzu?

Ohar anitz ukan ditut, eta biziki positiboak izan dira. Interesgarria da ikustea jendeak nola begiratzen dion afixari. Lehen begiradan paisaia oso bat ikusten du, baina hurbilagotik begiratuz, xehetasun anitz agertzen dira. Gustatzen zait jendeak denbora hartzea irudia behatzeko eta pixkanaka gauza berriak ikusteko. Nire irudiko, afixa batek begirada erakartzeaz gain, zerbait kontatu behar du. Horregatik, pozgarria da ikustea jendeak afixaren unibertsoarekin bat egiten duela, eta irudiak jakin-mina pizten duela. Eta bistan dena, bereziki hunkigarria da nire lana Lurraman ikustea, horren moduko ekitaldi batean, lurraldearekin eta naturarekin hain lotua den gai baten inguruan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA