Bilboko Aste Nagusia

Bukatu da «elkartasunez blaitutako» Aste Nagusia

Bilboko jaiek iraun duten bederatzi egunetan, Palestinari egindako keinuak nabarmendu dituzte Bilboko Konpartsek. Itzalak ere izan dira: hainbat aldiz aktibatu dute erasoen aurkako protokoloa. Udalaren arabera, 1,5 milioi lagun bertaratu dira.

Marijaia sutan, atzo, Bilboko itsasadarrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Marijaia sutan, atzo, Bilboko itsasadarrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko abuztuaren 25a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Aste Nagusia bere ikurrarekin batera desagertu da: atzo gauean erre zuten Marijaia, Bilboko itsasadarrean; hunkituta agurtu zituzten festak aurtengo pregoilari Francis Diezek eta txupinera Olatz Agirrek, eta Areatzako txosnak desmuntatzen hasi dira dagoeneko. Hasierako balorazioak onak dira, oro har: Bilboko Konpartsen Federazioak adierazi du «elkartasunez blaitutako» jaiak izan direla; besteak beste, Palestinaren alde egin diren askotariko keinuengatik. Jardueraz beteta egon dira jaietako bederatzi egunak: konpartsek seiehun ekitaldi inguru antolatu dituzte, eta Bilboko Udalak bostehun bat gehiago; udalaren arabera, 1,5 milioi lagunek parte hartu dute haren ekintzetan —aurreko urteetan baino apur bat gutxiagok—.

Baina, halere, aurtengo Aste Nagusia ez da borobila izan, konpartsek hainbatetan aktibatu behar izan baitute erasoen aurkako protokoloa. Asteazkenean egin zuten protesta aurrenekoz, eraso arrazisten kausaz: Poliziak kaleko saltzaile batzuk egotzi zituen Gas plazatik. Ostegunean, Arriaga plazan batu ziren aurreko egunetako zenbait eraso matxista eta LGTBIfobo gaitzesteko, eta giza kate bat egin zuten zapatuan.

Polemika tartean zela abiatu ziren jaiak. Lehen egunean, hilaren 16an, Kai Nakaik, Marenek eta Olatz Salvadorrek bertan behera utzi behar izan zuten Abandoibarrean egitekoak ziren kontzertua, agertokia ez zegoelako prest; Bilboko Udalaren mehatxuak ere salatu zituzten. Juan Mari Aburto alkateak muntaketa enpresari egotzi dio erru guztia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.