Morgan Ody. Laboraria

«Desafioei buru egiteko, laborantzak du kanore»

Via Campesina munduko ehunka laborantza mugimenduren sindikatuko bozeramailea da Ody. Asteburu honetako Lurrama azokako ugazama da. Munduko desafioen aitzinean herri laborantzak duen indarra azpimarratu du.

LA VIA CAMPESINA.
Iñaki Etxeleku.
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Munduko laborantza sindikaturik handiena da Via Campesina. Afrikako, Asiako, Ameriketako eta Europako 182 antolakunde biltzen ditu, eta berrehun milioi laborari ordezkatzen. Morgan Ody (Laval, Frantzia, 1979) Bretainia Morbihan aldeko baratzezaina da mugimendu horren bozeramailea gaur egun. Atzo hasi zen Lurrama azoka, Miarritzen, eta gaur eta bihar ere bertako ugazama izanen da Ody. Ciaran galernak etxaldean egin kalteen konpontzen ari zela mintzatu da.

Etxeko segida hartuz bilakatu zinen laborari, edo berantago?

Doi bat bietarik. Etxalde batean handitu nintzen, baina ez nuen etxondoko segida hartu. Gero, bidaia anitz egin dut; besteak beste, Asia hego-ekialdean. Han, bizimolde modernoaren desmasiak ikusi nituen, eta etxera sartzerakoan pentsatu nuen laborari izatea zela aldaketa positibo baten alde egiteko molderik hoberena.

Zerk ekarri zaitu sindikalismorat, gaur egungo Via Campesinako bozeramaile izateraino?

Laborantza sindikalismoaren biberoian hazia izan naiz, aita Confederation Paysannen baitzen. Duela hogei bat urte ezagutu nuen Via Campesina, itzultzaile boluntario gisa. Emozioen aldetik ere hunki ninduen azkar, ohartu bainintzen mundu osoan, laborariak hizkuntza orotakoak izanagatik, molde ezberdinetan beztituak izanagatik, laborantzak oinarri-oinarrira ekartzen gintuela denak: denek jan behar dugu. Azotaren zikloa denetan bertsua da; denetan lurra, ura eta airea behar da landareen jinarazteko.

Via Campesina oso indartsu gogoratzen du jendeak topaketa altermundialista handi batzuetan. Gaur egun zertan da?

Eskuinean, ezkerrean bezala, anitzek uste izan dute laborariak ez zirela gai gizarte aldaketa baterako indar bat zabaltzeko. 1993an Via Campesina agertu zelarik, anitzek duda handiak zituzten. 30 urte bete ditugu, eta Via Campesina munduko gizarte mugimendu nagusia da; hala aitortzen du Nazio Batuen Erakundeak ere. Ez dut uste munduan beste mugimendurik badenik hainbesteko aniztasuna garraiatzen duenik. Via Campesinan, batasuna aniztasunean errateak badu zinez kanore.

Egitasmo politiko hori zein litzateke?

Janari beregaintasuna, agroekologia, laborarien eskubideak, laborari feminismoa, laborantza erreformak eta partekatze zuzenak. Via Campesinako antolakunde guziek bat egiten duten balioak dira.

Laborarien gutitzea, lurren galtzea, laborantza industrialaren nagusitasuna; laborariek arazo berei buru egiten ote diete mundu guzian?

Arazo batzuk zinez elkarren idurikoak dira: belaunaldi berrikuntzaren arazoa, adibidez. Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako lagunekin aipatzen dugularik, erraten digute ez dela aise gazteen atxikitzea baserrialdean. Bestalde, mundu guzian herri laborantzek industriaren jazarpena pairatzen dute; industriak lurrak bereganatzen ditu. Helburu espekulatibo batekin egin bereganatzeak dira; karbono merkatuekin, gero eta gehiago badira. Finantza enpresa batzuek lurrak beretzen dituzte karbono kredituak saltzeko gero. Horretarako, bertan bizi ziren herritarrak kanporatzen dituzte. Franko arranguratzen gaitu, baina kolektiboki borrokatzen gara.

Emazteak dira aitzinean ezarri aurtengo Lurraman. Gauzak aldatzen ari direlako, edo feminismoaren lanaren ondorioz?

Biak batera, hain segur. Laborantza feminismo herrikoia lantzen dugu, ekofeminismotik hurbil diren ideiekin. Naski, mugimenduek antolaketa biziki patriarkal batetik ateratzeko gogoa dute. Molde bertikalak baitziren, ar dominatzaile batzuen ego handien menekoak. Eraman nahi dugun egitasmo politiko-sindikalarekin ez du bat egiten eredu patriarkal horrek. Balio kolektiboak eraman nahi ditugu: elkar zaintzea, dimentsio emozionalak berriz ekartzea; sakonki lotua da gure eremu eta lurraldeekin dugun harremanaren aldaketekin; naturan jaun eta jabe diren gizonen ideia oso kartesiar horretarik ateratzen ari gara.

Nolakoa litzateke lurraldeari lotu harreman aldaketa hori?

Gure lurraldeetan bizitzea, horien zaintzea, horiekin elkarbizitza harmoniatsuagoan izanez, eta ez hainbeste dominazioan. Feminizazioarekin, beste balio batzuk aldatu dira mugimenduan, ikuspegi ekologikoago batekin. Emazteei ere anitz kalte egin die XVI. eta XVII. mendeetan eraiki den modernitateak —gizon zuri zientifiko dominatzailearena—. Laborantza feminista eta herrikoiaren mugimenduan, elkarrekin egitean oinarritzen diren balioei lotzen gatzaizkie.

Ar dominatzailea ez ote da oraino azkarki plantatua etxaldeetan, eta berdintasunerako bidea ez ote da luzatzen ari?

Bai, luze da. Baina uste dut emazte gisa beste leku bat atxiki nahi dugula. Ez dut enbeiarik gizonak izan daitezkeen bezalako emazte sindikalista izateko, zeinetarik batzuek familia bereber utzi baitute sindikatuari dedikatzeko, halako sakrifizio alde batekin. Guk ez dugu emazte lider bat ezarri nahi gizon lider baten lekuan. Kolektiboki antolatzeko moldea dugu kanbiatu nahi, bakoitzak bere lekua ukan dezan, gizonek ere denbora har dezaten hurbilekoen zaintzeko.

Zer mezurekin heldu zara Lurramara?

Esperantza mezu batekin, biziki zaila den mundu batean. Hondamendia aitzinaturik ikusten dugu. Laborantza mugimenduaren aldean ez da egitasmo sinesgarri handirik. Feminismoarekin zaintza aitzinean ematen duen herri laborantza xede horrek jana eta bizi baldintza duinak eman diezazkieke munduko gizaki guziei, elkartasun eta berdintasun gogo batekin. Desafio guziei buru egin nahi badiegu bihar, laborantzaren xedea da kanore duen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.