«Urrats txiki bat gizakiarentzat, jauzi handi bat gizadiarentzat». Esaldi ospetsu hori Neil Armstrong astronauta estatubatuarrak esan zuen 1969ko uztailaren 20an, Apolo 11 misioan Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia izan zenean. Hala ere, zortzi urte lehenago, Juri Gagarin Sobietar Batasuneko kosmonautak Vostok 1 espaziontziaren barnean Lurraren orbitan bira bat osatu zuen: 1961eko apirilaren 12an, espaziora bidaiatu zuen lehen gizakia izan zen Gagarin. Gerra Hotzeko espazio lasterketaren puntu gorena izan zen hura, AEBen eta SESBen artekoa. Orain, Txinak SESB ordezkatu du. Txinak eta AEBek Ilargiko kraterretan egingo dute topo.
AEBek gidatutako Artemis II misioa izan da titulu askoren protagonista. Kennedy zentro espazialetik abiatu zen (Florida, AEB) apirilaren 1ean, eta 9,34 metro kubikoko bolumena duen kapsula batean egon dira lau astronautak hamar egunez: Christina Koch misioko espezialista, Reid Wiseman komandantea, Victor Glover pilotua —hirurak estatubatuarrak— eta Jeremy Hansen CSA Kanadako Espazio Agentziako astronauta. Javier Armentia astrofisikariaren ustez, alor zientifikoari dagokionez, misioaren helburua dena «behar bezala» zebilela ziurtatzea zen: «SLS, suziri jaurtitzailea, Orion ontzia eta zerbitzu europarraren modulua behar bezala funtzionatzen ari zirela egiaztatu nahi zuten, baita Ilargirako joan-etorriko bide hori guztia modu seguruan egiteko gai zirela ikusi ere».

Orion ontziak bi aldiz orbitatu zuen Lurraren inguruan, ontziaren sistemak behar bezala funtzionatzen zuela bermatzeko, eta gero helmugarantz abiatu ziren: Ilargirantz. Ontziak espaziora joatea lortzeko indar handiko bultzada behar du, Lurreko grabitatea gainditzeko. «Gure planetak lurrera itsasten gaitu, eta grabitatetik ihes egitea ez da erraza», azaldu du Armentiak. Gainera, ontziak egin behar duen ibilbidea zehatz-mehatz kalkulatu behar da aldez aurretik: ontzia ez da une horretan Ilargia dagoen lekura bidaltzen, lau egun barru egongo den lekura baizik. Armentiak ehizarekin konparatu du teknika: «Tiro egiten duzunean, ez duzu animalia dagoen lekura zehazki apuntatzen, bala iristen denean egongo den lekura baizik».
Ilargiaren beste aldea
«Fida zaitezte gutaz: itxura bikaina duzue; ederrak zaudete», adierazi zuen Glover pilotuak Lurraren argazki berriak bidaltzearekin batera. Kamera digitalen laguntzaz Lurraren eta Ilargiaren xehetasunak erretratatu zituzten. Misioa zientifikoki eta teknologikoki arrakastatsua izan dela ondorioztatu du Ana Galarraga Elhuyar Zientziako dibulgatzaileak, baina beste helburu argi bat ere bazutela esan du: «Haiek nahi dutena zera da, erakustea Txinaren aurretik daudela. NASAk estrategia hori erabili du gizarteak misio espazialak onartzeko eta horretan inbertitzeko».
«Ez da geopolitika eta botere ekonomikoa bakarrik. Txinak eta Estatu Batuek liskarra espazioraino eraman dute, eta nork gehiago egin dezakeen ikusteko erakusleiho bihurtu da berriro ere»
JAVIER ARMENTIA Astrofisikaria
Bi potentziek lasterketa espazialeko lidergoa lortu nahi dute; hala ere, Txinako espazio programak NASA aurreratu du: 2019an, Ilargiaren ezkutuko aldean lurreratzea lortu zuen lehen aldiz, Chang’e zundaren bidez. Bost urte geroago, 2024an, Chang’e 6 zunda Lurrera itzuli zen, Ilargiaren alde ezkututik hartutako lehen laginekin. Artemis II misioan satelitearen ezkutuko aldea gizakien begietatik lehen aldiz ikusi dela helarazi da, baina hori ez da guztiz egia, Armentiak adierazi duenez: «Informazioa puztu egin dute. Adibidez, Ilargiaren alde ezkututik igarotzearena, inork hori egin ez balu bezala helarazi dute. Baina Apoloren misioetan astronauta bat Ilargiaren inguruan bueltaka uzten zuten orduero».

Baina Ilargiaren hego poloan dago misioaren benetako xedea: helio-3 isotopoa, Ilargiko urrea deitua. Egin diren kalkuluen arabera, litekeena da elementuaren milioi bat tona egotea satelitearen azaleran. Lurrean oso urria da, eta urrea deitzen zaio fusio nuklearraren energia lortzeko aukera eskaintzen duelako: energia garbia eta merkea. «Horrek balioko luke Jeff Bezosen eta Elon Musken ametsa betetzeko, Ilargia geltoki bat izatea nahi dutelako, gero Martera joateko. Energia iturria (gasolindegia) satelitean egongo litzateke», argitu du Galarragak.
Orduan, astronautek Ilargia bisitatzen badute, helio-3 pixka bat har dezakete oroigarri gisa? Horri aurre egiteko eta, batez ere, Gerra Hotzeko lasterketa espaziala baretzeko, hainbat itun sinatu ziren 1960ko hamarkadatik aurrera. 1967ko espazio tratatuak esplizituki debekatzen du estatuek Ilargia edo hango baliabideak berenganatzea, baita satelitearen subiranotasuna aldarrikatzea ere. Baina tratatuak dituen hutsuneak probestu dituzte herrialdeek. 2020an, Artemis akordioa sinatu zen, eta aurreko tratatuan parte hartu zuten zortzi espazio agentzietako bakoitzeko zuzendariek berriro sinatu zuten. Beste herrialde batzuetako sinadurak ere batu ziren, «etorkizuneko esplorazio eta esplotazio zibileko misioetarako lankidetza printzipioak ezartzeko helburuarekin», itunaren arabera. Horietan baimena ematen da Ilargiko eta espazioko beste elementu batzuetako baliabideak ustiatzeko, eta baliabide horiek eskuratzen dituen enpresarenak dira, ez herrialdearenak. NASAk ezin du Ilargian dagoen helio-3a hartu; baina Elon Musken SpaceX-ak bai.
«Ez da bidezkoa, esku gutxi batzuetan geratzen delako guztiona den ondare hori; pribatizazioa ekartzen du»
ANA GALARRAGA Elhuyar zientziako dibulgatzailea
«Arriskua dago gatazka Lurretik ateratzeko eta Ilargira salto egiteko», gehitu du Galarragak. Horrekin ados dago Armentia, eta, Artemis II misioaren bidaia jarraitzen zuen bitartean, bi herrialdeek euren proiektuaren publizitatea egiteko zer modu erabili dituzten aztertu du: «Txinak ez du bere misioen berri ia eman ere egiten. Txinako misioei buruz badakigu, baina xehetasun askorik ez. Ameriketako Estatu Batuetako misio honetan astronauta bakoitzak kontu bat zuen sare sozialetan, eta etengabe komunikatzen ziren». Bueno, ez etengabe: Artemis II misioko astronautak 40 minutuz egon ziren Lurrarekin komunikatu ezinean, Ilargiaren alde ezkutuan ez zutelako konexiorik; Txinak, berriz, etengabeko komunikazioa du satelitearen alde horretan. «Ez da geopolitika eta botere ekonomikoa bakarrik. Txinak eta Ameriketako Estatu Batuek liskarra espazioraino eraman dute, eta nork gehiago egin dezakeen ikusteko erakusleiho bihurtu da berriro ere», argitu du Armentiak.
Armentiaren hitzetan, NASA komunikazio instituzionaleko enpresa handia da, eta, gainera, espaziontziak jaurtitzen ditu: «AEBetako egungo administrazioa zientziaren aurkakoa da, ikerketa aurrekontuak murrizten ari da arlo guztietan, baita gai espazialetan ere. Baina dena inbertitu dute Ilargirako bidaietan, errendimendua izan zezaketela ikusten zutelako». Artemis II misioaren inguruko propaganda zabaldu zen, eta hori bere alde erabili zuen Donald Trump AEBetako presidenteak: «Ameriketako Estatu Batuetan asko daukagu azkenaldian harro egoteko».
Helmugarantz
Orion ontzia Ozeano Barean itsasoratu zen larunbatean. «Osorik gaude», esan zuen Wisemanek, lur hartu eta berehala. Espaziontziaren kapsularen gainean ontzia bere posizioan mantentzen duten lau globo puztu ziren, kolore zuri eta gorrikoak, eta Orion itsasoaren gainean geratu zen. Astronauten arteko besarkaden irudiak munduan zehar zabaldu ziren, baina, nahiz eta «irudi politak» izan, Armentiak esan du horien atzean dagoenari begiratu behar zaiola: «Artemis II misioaren oinarrian zientzia dago, baina oraingoz lehen bultzada nagusiki politikoa da, eta bigarrena, ekonomikoa».
Unibertsora hedatu den lehiaketa horrek «guztioi eragiten» digula azpimarratu du Galarragak: «Satelitez josten ari dira Lurraren inguruko beheko geruza, eta dagoeneko behaketa astronomikoak zarataz beteta daude». Atmosferaren gainean dauden sateliteak erortzen direnean, gas kaltegarrien aztarnak uzten dituzte ozono geruzan. «Ez da bidezkoa, esku gutxi batzuetan geratzen delako guztiona den ondarea hori; pribatizazioa ekartzen du», esan du zientzia dibulgatzaileak. Txinak astronautak bidali nahi ditu Ilargira 2030. urtea baino lehen; AEBek, berriz, 2028an. Baina litekeena da data horietako edozein aurreratzea helmugara lehenago iristeko asmoz. Satelitea konkistatzeaz aparte, hurrengo jomuga argi dute bi potentziek: Marte. Galarragak horrela laburbildu du azken misioa: «Berez xedea zen erakustea posible dela Ilargia kolonizatzea eta AEBek hori egiteko aukera dutela».