«Gu baino arinago etorri zirenak inor ezagutu gabe etorri ziren Ameriketara, ingelesik jakin gabe, ezer barik. Euren kultura ekarri zuten, eta eutsi egin zioten. Geuk obligazioa dugu horri segitzeko». Hala esan du Ana Mendiola Boiseko (AEB) Jaialdiko zuzendariak.
Joan zen asteartetik datorren igandera, euskal kultura ospatzen ari dira Idahoko hiri hartan. Euskaldunak batu dira han, eta euskaldunzaleak. «Herri hau ere euskalduna sentitzen da, euskaldun asko daude eta. Boisekoa bazara, ezagutzen duzu nor edo nor euskalduna», gaineratu du Mendiolak. «Haiek ere, momentu honetan, astebeterako edo hiru-lau egunerako euskaldun sentitzen dira. Denok egoten gara beso zabalik».

Lasai joan da goiza. Atzo iritsi zen Boisera Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza, eta gaur goizean Basque Block gunean izan dira Imanol Pradales eta Jaurlaritzako beste hainbat kide. Euskal Etxean izan dira lehenengo, Euskal Museoan ondoren, Jacobs Uberuaga ostatuan jarraian, eta Anduiza frontoian azkenik. Bisita horretan zehar, euskal jatorriko hainbat pertsonarekin hitz egiteko aukera izan du lehendakariak, eta pilotan ere aritu da frontoian. Halaber, adierazpen batzuk ere egin ditu prentsaren aurrean, eta zera nabarmendu du: «Hunkituta eta ilusio bereziarekin gatoz Boisera. Euskal diasporaren hitzordu bereziena ospatzera eta diasporaren rola bera indartzera gatoz. Zortzi mila kilometrora bagaude ere, etxean gaudela sentiarazten digute Boisen».
Egitarau ofizialetik kanpo ere ekitaldi asko egin dituzte. Besteak beste: Itsas-Gaindiko Campusaren aurkezpena egin dute EHUko errektoretzako ordezkariek. Joxerra Bengoetxea EHUko errektoreak nabarmendu du lehen ere zabaldu dutela campusa nazioartean, Bordelera (Okzitania) aurretik, eta orain AEBetara zabaldu dutela.
Horrez gain, Zortziak Bat International Symposium jardunaldiak izan dira Boise State Unibertsitatean; eta hainbat pilota partida ere izan dira arratsaldean, Anduiza frontoian.
Arratsaldean musika, jana eta edana izan da Basque Block gunean, eta, atzo bezala, jende andana bildu da Boiseko euskal komunitatearen bihotzean.