Nathi Ngubane ilustratzailea (Durban, Hegoafrika, 1990) Euskal Herrian da egunotan. Injustizien aurka borroka egiteko dauzkan moduetako bat artea da, eta horregatik egin du Ibaitik itsasora koloreztatzeko liburua, haurrek Palestinako gatazka uler dezaten. Hainbat lekutan hura banatzea galarazten saiatu diren arren, Euskal Herrian ongietorri beroa egiten ari zaizkie bai ilustratzaileari, bai liburuari. Gernika-Palestina plataformak eta Mundubat fundazioak bultzatu dute liburuaren euskarazko edizioa, eta hura aurkezten ari dira.
Ibaitik itsasora liburuaren azalean bi haur ageri dira, irakurleari bizkarra ematen. Nor dira, eta nora begira daude?
Umeetako bat Palestinakoa da, eta Handala du izena. Palestinako artista batek sortu zuen, Naji al-Alik; 1980ko hamarkadan hil zuten, Londresen. Palestinaren sinbolo gisa sortu zuen pertsonaia, eta ezin diogu aurpegia ikusi, Handala ez delako askea. Handala aske izan arte, ezingo diogu inoiz aurpegia ikusi, ezingo diogu irribarrea ikusi. Beste umea Hegoafrikakoa da, eta Duma du izena. Nik sortu nuen, eta Handalaren ondoan dago, Palestinako auziari elkartasuna adierazten. Hegoafrikan ere injustizia handiak daude, eta bietako bakar bat ere, ez Handala eta ez Duma, ez dira aske, eta horregatik ezin diegu aurpegia ikusi. Azala Palestinako kulturak eta Naji al-Aliren marrazkiek inspiratuta egin nuen.
Marrazki batean Nelson Mandela ageri da, esaldi honekin: «Ondoegi dakigu gure askatasuna ez dela osoa izango palestinarren askatasunik gabe».
Hegoafrika apartheid sistema batetik dator, eta beltzak diskriminatu egiten gintuzten. Gaur egun horixe ikus dezakegu palestinarrekin: Israel haiek diskriminatzen ari da, zatiketa hauspotzen, eta ziurtatzen palestinarrek batetik bestera joateko oztopoak izango dituztela. Nelson Mandelak esan zuen gure askatasuna ez zela osoa izango palestinarrena gabe, gure gatazka lotuta dagoelako zapalkuntza eta apartheid guztiekin. Leku askotan ari dira injustiziei aurre egiten, eta elkarren artean lotuta daude; horregatik esan zuen Mandelak gizaki gisa dugun betebeharra dela Palestina babestea: guk babesten ez badugu bihar gu izango garelako zapalduak.
Zerk bultzatuta egin duzu liburua?
Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegira eraman zuen Israel, genozidioa leporatuta. Beti egin nahi izan dut zerbait Palestinaren alde, eta hori aukera gisa ikusi nuen momentu hau haurrentzat baliatzeko. Marrazteko liburu bat sortu dut, Palestinarako ate bat izango dena: Nakbari buruz ikas dezakegu, okupazioari buruz, heroi literarioei buruz —Edward Said eta Ghassan Kanafani, adibidez—, eta ekintzaileei eta Palestinan egiten duten lanari buruz ere bai; Ahed Tamimiri buruz, adibidez. Haurrek beste haur batzuei buruz ere ikas dezakete. Betebeharra iruditzen zait, hegoafrikar artista moduan, ekarpen bat egitea genozidio horren aurka. Justizia sozialaren alde lan egiten dut Hegoafrikan, eta liburu hau haurrek Palestinaz ikasteko aukera bat da, baina ez soilik haurrek, baita helduek ere. Nire komunitatean jende askok ez daki zer ari den gertatzen Ekialde Hurbilean, ez dakite zer den Palestina, zeren alde egiten duten borroka... Liburuak modu atsegin eta inozentean kontatzen du Palestinako gatazka, eta jendea hezteko modu bat da.
«Liburuak modu atsegin eta inozentean kontatzen du Palestinako gatazka, eta jendea hezteko modu bat da»
Nola azaltzen da genozidio bat modu atsegin eta inozentean?
Hori izan da zailena. Ikertu egin behar izan dut, eta kontsulta asko egin. Genozidioaren gaia aurkeztean, lehenik, humanizatu egin ditut palestinarrak. Deshumanizatu egin dituzte, Gaza suntsitu dute, Zisjordania suntsitu dute... Mendebaldeko hedabideei begiratuz gero, pentsa genezake palestinarrak terroristak direla; ez dugu inoiz palestinarren kontakizuna entzuten. Horregatik, gazteek ondo digeritzeko moduan kontatu dugu Palestinako gatazka.
Pozik zaude emaitzarekin?
Oso pozik nago. Gaur Gernikako eskola batean izan gara 11 urteko haurrekin. Beti harritzen nau ikusteak ze ondo ulertzen duten umeek liburu hau. Esan nahi du lana ondo egin dugula: haurrei ulertzen lagundu diegula. Pausoz pauso azaltzen diegu zer den Palestina, nor diren palestinarrak, zeren alde ari diren borrokan eta nola lagun diezaiekegun askatasuna lortzen.
Liburuak harrera ona izan duen arren, hura zabaltzea galarazi nahi izan dute.
Exclusive Books Hegoafrikako liburu katerik handiena da; lobby sionistak liburu hau kentzeko eskatu zien, eta hala egin zuten, baina azkenean liburuak dendetara itzuli ziren. Ekialdeko Jerusalemera ere iritsi zen erreakzioa: Israelgo Polizia liburu denda batean sartu zen, liburuak konfiskatu zituzten, eta jabea atxilotu egin zuten bi astez. Frantzian eta Alemanian ere liburua oztopatu nahi izan dute, antisemita dela esanez... Ez gara antisemitak; Israelek babesle asko ditu, eta oso boteretsuak dira. Zera da garrantzitsuena: babes handia jaso dut gurasoen eta haurren partetik, eta oso harrera ona izan du liburuak.
Baita Euskal Herrian ere.
Bai! Bizitza aldatu dit esperientzia honek: oso ongi etorria sentitu naiz, eta asko pozten nau liburua haurrek ulertu ahalko duten hizkuntza batera itzulita egoteak, ume gehiagok izan dezaten eskura Palestinari buruzko informazioa.
lotsabako
Liburuko marrazki kuttuna?
Azalekoa: Palestinako gatazka, arima eta kultura jasotzen ditu.Erreferentetzat daukazun ilustratzaile bat?
Jonathan Shapiro Zapiro.