Iruñeko sanferminak

German Rodriguezen omenaldian «justizia eta ordaina» eskatu dituzte

Gasteizko Martxoak 3ko elkartearekin antolatu du omenaldia 78ko Sanferminak Gogoan taldeak. «Egia osoa» lortzeko borrokan jarraitu behar dela azpimarratu dute.

German Rodriguezen omenaldiko aurreskua. JON URBE / FOKU
German Rodriguezen omenaldiko aurreskua. JON URBE / FOKU
Iruñea
2026ko uztailaren 8a
19:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

1978ko uztailaren 8tik urtero egiten duten moduan, gaur eguerdian German Rodriguez omendu dute Iruñean. 1978ko sanferminetan, zezen plazan, euskal presoen amnistiaren aldeko pankarta bat atera zuten, eta polizia armatuak tiroka sartu ziren plazan. Indarkeria ekintza hura hiri osora hedatu zen jarraian, eta, istiluetako batean, polizia batek tiroz hil zuen Rodriguez. Hilketa hura gogoan izate aldera, ehunka pertsona bildu dira gaur haren oroimen hilarriaren inguruan, «justizia eta ordaina» aldarrikatzeko. 

12:45erako jende ugari zegoen Orreaga kalean. Oroimen hilarria lorez bete da, eta atzealdean «inpunitatea» hitza idatzia zuen pankarta bat zabaldu dute Gasteizko Martxoak 3 elkarteko eta 78ko Sanferminak Gogoan elkarteko kideek, Jose Luis Canoren anaiak eta Joseba Barandiaranen anaiak. Denek polizia indarkeriaren biktimen oroimenaren alde egiten dute lan.

Beroa izan da nagusi ekitaldian, eta jendea itzala bilatzen saiatu da, ahal zuen moduan. Ekitaldia hasi baino lehen, txalapartak, dultzaineroek eta erraldoiek giroa arindu dute. Jarauta 69 txarangak ere abesti pare bat jo ditu. 

«Sekula ez da isilik egon/ faxismoaren lobbya/ eurentzat izan dituzte beti/ botere eta zoria»

ONINTZA ENBEITABertsolaria

Omenaldia bertsolariekin hasi da. Onintza Enbeitiak esaldi honekin ekin dio bertsoari: «Sekula ez da isilik egon/ faxismoaren lobbya/ eurentzat izan dituzte beti/ botere eta zoria». Jarraian, memoriaren garrantzia azpimarratu du, hori ezin dela «gezurtatu» azpimarratuta. «Herriaren memoriatik idatz dadin historia» aldarrikatuz amaitu du bertsoa, eta gainerako ikusleek ere ozen abestu dute esaldia.

Ander Elortegi bertsolariak German Rodriguez goraipatu du: «Gure herriko borrokan bizitza eman zuena». Hiltzaileek gaur egun oraindik duten inpunitatea salatu du, eta, Enbeitaren bertsoekin bat eginez, faxismoa gaitzetsi du, Polizaren biolentzia «faxismoaren gorena» dela adieraziz.

Faltzesko txalapartariak, gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU
Faltzesko txalapartariak, gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU

Bertsoen ondoren dantzatutako ohorezko aurreskua izan da omenaldiko momenturik hunkigarrienetako bat. Irene Araujo dantzariak Germanen oroimen hilarriaren parean dantzatu du, eguerdiko eguzkiaren beroari aurre eginez eta sanferminetako arropa zuri-gorriak jantzita. Txistu eta atabalaren musika nagusitu da sanferminetako zarataren gainetik. Amaitzerakoan, txalo zaparrada jaso dute dantzariek eta musikariek.

Ekitaldiaren aurkezleak «borrokan jarraitu nahi duen jende gazteari» pasatu dio mikrofonoa, eta Streetwise taldeak Rodriguezen hilketari buruzko abestia kantatu du. Bukatzerakoan, «agur eta ohore, German», oihukatu dute, memoria belaunaldi berrietan presente dagoela erakutsiz. 

Mende erdi inpunitatearen aurka borrokan 

Aurtengo omenaldiko manifestua Martxoak 3 elkarteko Jose Luis Martinezek eta 78ko Sanferminak Gogoan taldeko Begoña Zabalak irakurri dute. Manifestuko mezu nagusia izan da bi sarraskiak «borroka bera» direla. Gogoan izan dituzte, halaber, garai bertsuan egindako beste «estatu krimenak»: Tarragonako (Herrialde Katalanak), Donostiako eta Basauriko (Bizkaia) elkartasun manifestazioetan poliziak hil zituen pertsonak, besteak beste.

Orduko Espainiako Barne ministroak, Rodolfo Martin Villak, «akats» moduan katalogatu zituen Poliziaren hilketak, eta adierazpen horiek gogor salatu dituzte, zinikotzat joz. Bi elkarteetako bozeramaileen ustez, sarraski horietan agerian geratu ziren «aldez aurretik pentsatutako jardun poliziala, populazio zibilaren aurkako indarkeria, lotsagabekeria judiziala eta gobernuaren ikerketarik eza», eta aldarrikatu dute Gasteizen eta Iruñean «bi estatu krimen» izan zirela eta bien borroka bat bera dela, «inpunitatearen aurkakoa».

«Urteak daramatzagu alfonbrak astintzen, krimen hauen errealitatea belaunaldi berriei transmititzen»

BEGOÑA ZABALA78ko Sanferminak Gogoan taldeko kidea

Elkarteetako bozeramaileek azaldu dute «kikildu gabe eta isiltasun ofizialaren aurka» mende erdiz borrokatu direla. «Urteak daramatzagu alfonbrak astintzen, krimen hauen errealitatea belaunaldi berriei transmititzen», esan du Begoña Zabalak, 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideak.  

Manifestua amaitzeko, «justizia sentimendu berberak bultzatuta», Palestinako genozidioa ekarri dute gogora, eta salatu Mediterraneoa hilerri bihurtzen ari dela. 

Ekitaldiari amaiera emateko, Fermin Balentzia abeslariak German Rodriguezen kasuari buruzko Hilarria abestia kantatu du. Omenaldira bertaratu direnek ere abestu dute, eta, kantua bukatzean, besoak goratuta eta ukabila itxita, zera oihukatu dute: «Herriak ez du inoiz barkatuko».

Fermin BalentziaK 'Hilarria' kanta abestu du gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU
Fermin BalentziaK 'Hilarria' kanta abestu du gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA