Aurreko mendean Yausika diskoteka zegoen pareko kafetegian dira, eta argazkilariak aipatu dio baduela han aspaldiko argazki bat berarekin. Euskaltegietan ikasi zuen euskaraz Joe Linahanek (Waterford, Irlanda, 1947). Elkarrizketa osoa izan da euskaraz; irakurtzen dituen egunkarien artean, «egunero BERRIA». Grabagailua itzali ostean ere, baziren kontu gehiago solaserako...
Nolako haurtzaroa izan zenuen Irlandako hego-ekialdean, Irlandako hiririk zaharrenean?
Ba, familia normal bat genuen, etxe normala. Aita Ingalaterran zegoen, fabriketan lan egiten. Ama eta hiru seme geunden etxean. Autorik ez genuen, telebistarik ere ez, eta gailu digitalik gabe hazi ginen. Kalean jolasten ginen, eta kalean hazi ginen. Asteburuan, itsasadarrera joaten ginen. Haurtzaro pozgarria izan nuen, antzinako ohiturekin.
Ingalaterrara joan zineten gero, aita han zela. Zenbat urte zenituen?
12 urte inguru. Amak Londresen podologo lanak egin zituen osasun publikoan. Nik, gero, irakaskuntza ikasketak Birmingham hirian egin nituen.
Eta berehala hasi al zinen irakasle?
Bai, zortzi urtez egin nituen irakasle Londresko institutu batean. Zientzia gaiak ematen nituen.
1970eko hamarkada, Londresen. Zer giro zegoen han?
Musika aldetik, onenak zeuden une hartan: The Kinks, The Beatles, The Who, Pink Floyd... Taberna batzuetan, irlandar musika tradizionala ere jartzen zuten. Lagun artean Irlandako abesti borrokalariak kantatzen genituen.
Protestak ere baziren, ezta?
Bai, noski. Aldaketa garaiak ziren. Aurrerapen politiko, sozial eta sexualak izan ziren 1970eko hamarkadan. Meatzarien eta langileen protestak baziren, thatcherismoa-ren kontra. Grebak ere izan ziren, eta meatzarien alboan aritu nintzen borrokan. Margaret Thatcherren politiken aurkako protesta ugaritan parte hartu nuen. Emakumeek beren gorputza nahi zuten moduan erabiltzeko eskatzen zuen mugimendua ere han zen, eta emakumeen aurkako zapalkuntza salatzen zuten protestetan ere izan nintzen. Protesta egiteko askatasun sentimendua zegoen garai hartan. Sentimendu hori ez zen oraindik Irlandara iritsi, ordea.
Noiz etorri zinen Euskal Herrira bizitzera?
Donostiara 1980. urtean etorri nintzen. Urte batzuk lehenago, bisitan etorria nintzen 1975ean, lehengusu bat EUTGn lanean ari baitzen, eta bikotekidea Soraluzekoa baitzuen. Ordurako banuen Euskal Herriaren eta euskararen berri.
Ikasketetan hori?
Bai; izan ere, Ingalaterran gradua ikasten ari nintzela, hautazko ikasgai bat 36ko gerrari buruzkoa hartu nuen. Errepublikanoen borroka antifaxista miresten hasi nintzen orduan.
Arrazoi jakinen batengatik etorri zinen Euskal Herrira bizitzera?
Aldaketa bat nahi nuen, abentura pixka bat. Baina lehen ideia zen urtebeterako edo bi urterako etortzea. Baina 46 urte pasatu dira [barreak].
Ingeles irakasle erraz aurkitu zenuen lana.
Bai, lehenbizi Donostian, EUTGn, Deustuko Unibertsitatean. Bi urte Usurbilgo ikastolan egin nituen, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Jende zoragarria topatu nuen Usurbilen.
Hernanin ingeles akademia bat sortu zenuen. Nola eta noiz izan zen hori?
Alan Griffin musikari irlandarrarekin batera sortu genuen [2023an hil zen Griffin]. Oso pertsona ona zen Griffin, oso irakasle ona ere bai. Euskalduna, primerako musikari eta musikologoa. 1986an zabaldu genuen akademia, eta horretan 30 urtez aritu nintzen. Duela hamar urte hartu nuen erretiroa.
Itzultzaile lanak ere egin zenituen. Nolako itzulpenak?
Kasu gehienetan gaztelaniatik ingelesera itzuli izan dut: zientzia eta medikuntza testuak, batik bat. Baina denetarik pixka bat. Eusko Jaurlaritzako erakunde batentzat ere aritu nintzen itzulpenak egiten. Noizean behin, euskaratik ingelesera itzuli izan dut.
Noiz eta nola ikasi zenuen euskaraz?
Hernanin eta Astigarragan, euskaltegietan. Guretzat euskara ikastea ez da erraza, ez baita hizkuntza indoeuroparra. Zure barruan bira bat egin behar duzu... Baina errazak al dira txinera, japoniera ala finlandiera? Kontua zein da? Herrialde batean murgildu nahi baduzu, eta bertako kultura asimilatu, hizkuntza ikasi behar da. Eta hizkuntza ikasiz, errazagoa da bertan murgiltzea. Gero, kalean hitz egiteko aukera baldin baduzu, ba, errazago, noski.
Hernaniko emakume batekin ezkondu eta alaba bat izan zenuten. Izena erabakitzeko ados jarri al zineten?
Miren Sinead du izena alabak. Haren amak gaelikoz izen bat nahi zuen, eta nik, euskarazko bat. Hortaz, euskarazko-gaelikozkoa du. 34 urte ditu.
Herri mugimenduak eta memoria historikoa ez zaizkizu arrotzak.
Herri mugimenduetan ez naiz gaztetan bezain aktiboa. Baina injustizien aurka matxinatu egiten naiz; kasurako, Palestinaren aldeko manifestazioetara joaten naiz. Ez nago juduen aurka, baina genozidioaren eta kolonialismoaren aurka, bai. Batzuek diote sionismoaren aurka egoteagatik antisemita zarela, eta hori gezur handi bat da.
«Comette sarea bide bat izan zen. Baina Euskal Herriko mugalariekin hamabost pasabide baino gehiago izan ziren [Bigarren Mundu Gerran]»
Bigarren Mundu Gerrako Comette sareaz eta mugako elkartasun bideez badakizu zerbait. Baduzu zer kontatu.
Egun batean, herriko plazara autobus bat iritsi zen, eta, tartean, adineko britaniar batzuk udaletxean sartu ziren. Jakin-minez hurbildu nintzen, eta Hernaniko mugalarien laguntzaren gaiaz ari ziren. Ondotik, Joe Morgan eta beste lagun batzuekin batera, Pirinioetako ihesbide guztiak eta mugalari guztiak omentzeko elkarte bat sortu genuen. Garrantzitsua da nabarmentzea Comette sarea bide bat izan zela, baina halako askoz gehiago izan zirela. Bertako mugalariekin hamabost pasabide baino gehiago izan ziren; horietan aliatuak Iparraldetik Hegoaldera eramaten zituzten, naziek harrapa ez zitzaten.
Maiztasun jakin batekin antolatzen duzue zerbait?
Urtero ihesbide bat egiten dugu. Euskal Herritik kanpo, Kataluniako Pirinioetan ere egin genuen bat: Walter Benjamin ihesbidea. Aragoin ere bada beste bat. Ihesbide bakoitza taldean egin aurretik, ibilbidearen behatze lanak egiten ditugu.
Ikasturte honetakoa nondik norakoa izango da?
Egunotan Donibane Garazitik Luzaidera joango gara emaztea eta biok, autoz. Gero, Hernaniko Mendirik Mendi taldekoekin joango gara mendi ibilbidea egitera. Euskal Pirinioak taldeko batzordekoekin ere oinez ibiliko gara. Eta, datorren urteko maiatzean, ihesbideen elkartekoekin egingo dugu bidea: Donibane Garazitik Luzaidera. Historiara joko dut?
Bai, aurrera.
Luzaide ondoan dago Arnegi. Eta 1940-1941. urteetan, Arnegiko apaiza Juan-Baptiste Goienetxe zen. Erlijio prozesioak antolatzen zituen: nazien kontrako aliatu haiek prozesioko jantziak jartzen zituzten, burua estaliz, eta modu horretan pasatzen ziren Hego Euskal Herrira.

Mendira asko joaten zara, ezta?
Bai, aurrekoan Zuberoan izan nintzen, eta Santa Grazitik gora joan nintzen zazpi kilometroz. Toki ederra, benetan. Mendirik Mendi taldekoei proposatuko diet, baina kanpoko jendearentzat zailegia iruditzen zait.
Bloom topaketak egiten dituzue Euskal Herriko irlandarrek. Zer ospatzen duzue?
James Joyce idazlearen Ulises eleberrian du oinarria. Urtero, ekainaren 16aren bueltako asteburuan, herri edo hiri batean elkartzen gara eta Ulises-en irakurraldiak egiten ditugu. Urtero aldatzen dugu tokia; aurten, Bermeon, 30 irlandar elkartu ginen. Irakurketa gehienak ingelesez egin arren, gaelikoz, euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan ere egiten ditugu. Ondo bazkaldu ostean, solasa dator, eta kanta irlandarrak ere abesten ditugu.
«Faxismoaren aurkako fronte batu eta zabal bat behar da. Maila guztietan: lantegian, eskolan, tabernan, kultur arloan...»
Gaelikoa aipatu duzu. Euskararen egoera hobea da gaelikoarena baino, ezta?
Gaelikoaren datuak oso eskasak dira. Gogoan dut eskolan gaelikoz hitz egiten nuela; baina etxean eta kalean, ez. Zoritxarrez, galdu egin nuen hizkuntza. Bi hizkuntzen datuak paper batean dauzkat, eta esango dizkizut. 2021eko datuen arabera, herritarren %30ek euskaraz badakite, eta %17,5ek erabiltzen dute. Urte bereko datuak: Irlandan gaelikoaren ezagutza herritarren %4k dute, eta %2k baino ez dute erabiltzen. Desberdintasuna agerikoa da.
Eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadaz zer analisi egiten duzu?
Londresen bizi nintzenean, emakume judu bat ezagutzen nuen. Hark esan zidan beti behean daudenekin egoteko, eta esaldi hura itsatsita gelditu zitzaidan. Gizajoen alde, gehituko nuke. Jende gazte askoren frustrazioa uler dezaket: etxebizitzarik gabe, lan duinik gabe... Baina frustrazio hori boterean daudenek erabiltzen eta manipulatzen dute. Gu zatitu egin nahi gaituzte: etorkinen aurka, desberdinen kontra, azala beste kolore batekoa dutenen aurka... Eta niretzat hori guztia onartezina da.
Konponbidea zein da?
Ziurtasunik ez dut, baina botako dut. Faxismoaren aurkako fronte batu eta zabal bat behar da. Hori antolatu behar dugu, maila guztietan: lantegian, eskolan, tabernan, kultur arloan... maila guztietan eta egunero, atsedenik hartu gabe.
Irlandarren eta euskaldunen arteko harremanaz ere izango duzu zer esateko.
Duela gutxi, gazte talde majo bat Hernanitik Belfastera joan zen bi talde punken kontzertuak ikustera: Brigade Loco eta Añube. Dublinen ere jo behar zuten. Irlandar dantza eskolak ematen dira Euskal Herriko toki batzuetan. Futbol gaelikoaren partidak ere antolatzen dira. Nafarroa-Irlanda elkartea ere badago. Ahaztu gabe auzi politikoengatik iraganean izan ziren harremanak.
Nola ikusten duzu Irlandako egoera politikoa?
Langileen eta gazteen boto asko lortu zituen Sinn Fein alderdiak duela urte batzuk, eta aldaketa bat gertatu da. Baina, gaur egun, gazte horietako asko alokairua ordaindu ezinik dabiltza. Etxe baten jabe izatea ere ameskeria da haientzat. Iruditzen zaidana da akaso Sinn Fein ez dela gai izango gazteen beharrei eta frustrazioari erantzuteko. Une honetan, Sinn Fein-en mezua bi kulturak elkar ulertzearen aldekoa da.
Duela egun gutxiko albistea da: «Martxa loialista bat baimentzeak tentsioa areagotu du Ipar Irlandan».
Orange Ordena talde loialista faxista eta supremazista da. Sinn Feinekoek diote «beste kultura bat» dela, baina kontuz: hemen Vox alderdikoak diren horixe bera dira. Eskuin muturrekoek gazte batzuen frustrazioa balia dezakete Irlandan ere, eta haiek tentatu. Akaso erratua nago, baina kezkatzen nau horrek.
Hamar urte erretiratu zinela. Baina aspertzeko tarte handirik ez.
Birminghamen ikasketetan aspertu nintzen gehien. Baina gainontzekoan, aspertu, gutxi. Pozik bizi izan naiz.