Izotzean ezkutatutako altxorra

Izotzean sortzen diren burbuila txikiak ikertzen dituzte Izotzalaben, Leioan. Han gordeta daude atmosferaren aztarnak, eta horri esker ikertu dezakete tenperaturak zer eboluzio izan duen historian.

Nicolas Gonzalez ikerlaria. Monika del Valle/FOKU
Nicolas Gonzalez ikerlaria, Leioako (Bizkaia) Izotzalab laborategian, izotz zati bat mozten. MONIKA DEL VALLE / FOKU
itsaso jauregi 2
Leioa
2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Lur hareatsuan ezkutatuta, planetaren historia ulertzeko puzzlearen pieza bat dago lurperatuta: fosila. Fosilen bidez, posible da Lurraren iragan geologikoa ezagutzea. Fosilak aztertuz, inguruko harrien adin erlatiboa zein den jakin daiteke, eta, horiei esker, galdera geologiko konplexuei erantzuna eman dakieke. Baina planetaren historia argitzeko piezak, lur azpian aurkitzeaz gain, izotzean ere aurki daitezke. Glaziarretako izotzak atmosferaren aztarnak gordetzen ditu barnean, altxor bat balitz bezala, bertan sortzen diren burbuila txikietan. BC3ren Leioako (Bizkaia) Izotzalab laborategian altxorraren kutxa hori irekitzeko giltza dute, eta atmosferaren historia eta eboluzioa gordetzen dituzten burbuilak ikertzen dituzte barruan.

Egunero bezala, Nicolas Gonzalez glaziologiako doktoreak eta Izotzalabeko ikerlariak artilezko txanoa, bota altuak eta beroki lodia jantzi ditu makina gelan. Gela txiki batean sartu da gero, -15 graduko tenperaturan dagoen gela batean, eta minutu batzuk igaro ditu han, esperoan: «Laborategia askoz hotzago dagoenez, hezetasuna kondentsatu egiten da hormetan. Beste gela bat behar dugu, hezetasuna bertako paretetan kondentsatu dadin eta guk laborategira berorik sar ez dezagun». Bestela, kanpoko beroa eta hezetasuna laborategian sartuko lirateke, eta kaltegarria izan liteke izotzarentzat; laborategia -20 eta -30 graduko tenperaturan dago.

Laborategian gordeta dauzkaten laginek bide luzea egin dute: izotz zati batzuk Groenlandiatik datoz, eta 3 kilometro baino gehiagoko sakoneran egon dira; beste zati batzuk hurbilagotik datoz, Pirinioetako Monte Perdido menditik. Lagin guztiak -80 gradutan gordetzen dituzte, laborategian dituzten bi kutxatilatan. Laborategi handian izotz zilindro bat sartzen dute, eta zerrarekin mozten dute 5 milimetroko lodierako laginak sortzeko. Izotz zati hori leundu eta moldatu ondoren, izotzaren mikroegiturari erreparatzen diote, mikroskopioen laguntzarekin: mikroegituran sortzen diren burbuila misteriotsu horien bila aritzen dira.

(ID_13576867) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-02-07, Leioa. IzotzaLab BC3ko laborategia
Nicolas Gonzalez ikerlaria, izotza moztu eta gero, Leioako (Bizkaia) Izotzalab laborategian. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Atmosferaren gordailu

Ikertzaileek, izotzean dauden burbuilei esker, garai horretako datuak lor ditzakete: tenperatura eta atmosferaren egoera, besteak beste. Burbuilak izotz geruzen artean harrapatuta geratu diren atmosfera zatiak dira, eta garai konkretu baten informazio artxiboak dira. Elurra izotz bihurtzen da, eta tartean atmosferaren laginak geratzen dira, preso. «Izotzean geratu den atmosfera zati horrek izotza sortu zenean atmosferak zuen konposizio kimikoa gordetzen du, bere horretan», azaldu du Gonzalezek. Burbuila fitxategi horri esker, ikertzaileek jakin dezakete nolakoa zen duela 800.000 urteko atmosfera.

Burbuilek atmosferaren konposizio kimikoa gordetzen dute, baina oraindik ez dago guztiz argi nola sortzen diren izotzaren disko gogor horiek, Gonzalezek esan duen bezala: «Elur malutak burbuila bihurtzeko prozesua aztertu nahi dugu. Sistema horrek nola jokatzen duen ondo ulertzen badugu, burbuilen bilakaerari buruzko informazioa izango dugu». Bien bitartean, ikertzaileek airearen osagaiak neurtzen dituzte; berotegi efektua eragiten duten gasen kopurua zehazteko, baita burbuilaren inguruko ur molekulak ikertzeko ere, orduko tenperatura nolakoa zen jakiteko asmoz.

Tenperatura zehazteaz eta ur molekulak ikertzeaz gain, lortu duten izotz puskaren garai historikoa ere zehazten dute Izotzalabeko ikerlariek. «Zuhaitz baten eraztunak zenbatzea bezalakoa» dela esan du Jon Arrizabalaga Izotzalabeko ikerlariak, eta izotza eta elurra interpretatuz lortzen dutela hori: «Elurraren konposizio kimikoa aldatu egiten dela ikusten dugu, eta urtaro bakoitzari dagokio hori. Orduan, urtaroak zenbatzen ditugu».

Ikertzaileek kutsadura handiena duen izotz zatia aukeratzen dute; hau da, atmosferarekin harreman handiena izan duen puska, eta zer garaitakoa den ikertzen hasten dira. Izotzaren eraztunak zenbatzea prozesu luzea da, urtaroz urtaro zenbatu behar baitira. Horregatik, gertakari esanguratsu batzuk hartzen dira erreferentzia gisa prozesua errazteko; «inflexio puntuak», Arrizabalagak izendatu dituenez: «Vesuvio sumendiaren erupzioa noiz izan zen badakigu, eta, izotzean horren elementu kimikoak ikusten badituzu, badakizu garai berekoa edo geroagokoa dela; aingura gisa balio dizu».

Izotzari esker, Pirinioetako Monte Perdido mendian nortzuk egon ziren jakiteko aukera dute, baita haien ohiturak zein ziren argitzekoa ere. «Erromatar meatzaritzaren ondorioak ikusten dira, izotzak dituen ezpurutasunengatik eta gordetzen dituen elementu kimiko guztiengatik». Pikatzean sortzen den hautsa airearen bitartez garraiatzen da, eta glaziarretan erori. Elurretik izotzerako eraldatze prozesuan erregistratuta geratzen da hori; hain zuzen, ikerlariek hor aurkitu arte duela mende askoko hautsa, izotzaren burbuiletan.

Tenperaturak, gora

Izotzean sortzen diren burbuiletan erregistratuta geratzen dira duela milaka urteko tenperatura eta atmosfera, eta horregatik da izotza berotze globalaren isla. «Izotzean ikusten da nola gaur egun dugun berotzea azken 800.000 urteetako erregistroetan agertzen dena baino askoz handiagoa den», azaldu du Gonzalezek. Tenperatura beroak eta hotzak beti izan dira historian zehar: berotze eta glaziazio garaiak islatu izan dira izotzean. Baina gaur egungoa berotze «anomalo» bat dela dio Gonzalezek.

British Antartic Survey-k argitaratutako grafiko batean ikus daiteke noiz hasi zen tenperatura etengabe gora egiten: XIX. mendean, industria iraultzarekin batera. Berotze globalaren ondorioz, informazioz jositako izotza urtzen ari da, eta betirako desagertzen. Monte Perdidoko glaziarrarekin horixe gertatu da: ikerlariek ondorioztatu dute 50 urte barru ez dela existituko. «Harrigarria da zenbat informazio gordetzen duen izotzak; gerrak ikus daitezke. Baina oso zaurgarria ere bada, eta desagertzeko prozesua bizkortu egin da», esan du Arrizabalagak. Gonzalezek Alexandriako liburutegiaren sutearekin konparatu du glaziarrak eta izotza desagertzea. Ezezaguna den ezagutza betiko galduko da, eta erregistratu gabe geratuko da atmosferaren historia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.