Jai baten biharamunean, ohikoa da ajea izatea, izan gauza batengatik edo beste batengatik. Hala dago Ion Martinez (Irun, Gipuzkoa, 1989) Lazkaoko ikastolako zuzendaria (Gipuzkoa) Kilometroen ostean. Dena dela, laneko betiko martxara itzuli da, atzoko oroitzapenak buruan darabiltzala.
ikusi gehiago
Igandeko urduritasun guztiak pasatuta, zer moduz zaude?
Ondo, aje emozionala pasatzen. Ea zentratzen garen pixka bat lanean, ze nolako eguna daramagun... Hala ere, biharamuneko hori ere polita izaten da, oroitzapenak gogoratzeko batez ere.
Zer moduz joan zen eguna?
Espero genuen baino askoz ere hobeto. Bagenekien egun polita izango zela, mimo handiz egindako egitaraua baikenuen. Eguraldiak asko lagundu zuen, gainera; 2003an Lazkaon ospatu zen Kilometroak jaia oso euritsua izan zen, eta uste dut komunitate osoak eta herriak berak merezi zuela horrelako eguraldia egitea.
Beraz, dena espero bezala joan zen?
Hasiera ekitaldia egin genuen, inoiz baino gonbidatu gehiagorekin, eta patioa jendez gainezka zegoen. Ekitaldi oso polita antolatu genuen, emozioz beterikoa, eta hunkituta hasi genuen eguna. Egunean zehar, gune guztietan antolatuta zeuden ekitaldiak oso ondo atera ziren. Eskerrak eman nahi dizkiegu lanean aritu ziren ia mila boluntarioei. Izugarria da zenbat jende aritu zen guri laguntzen. Horrelako jaiak auzolanik eta komunitaterik gabe ez dira aurrera ateratzen. Bestalde, hasiera-hasieratik ikusi zen zenbat jende ari zen etortzen Lazkaora. Herria jendez gainezka zegoela ikusten zen, eta sentsazioa oso ona izan zen.
«Izugarria da zenbat jende aritu zen guri laguntzen. Horrelako jaiak auzolanik eta komunitaterik gabe ez dira aurrera ateratzen»
Ia mila boluntario aritu ziren lanean. Kopuru handia da, herria asko inplikatu zen seinale. Herrian ikastetxe bakarra izateak badu eraginik?
Bai, askotan aipatu izan dut ikastetxe bakarra izatea herrian oso positiboa dela guretzat. Eragile oso potente bat gara, herriko erdigunean gaude, eta horrek asko laguntzen du. Lehendik bazuen presentzia, baina Kilometroen bidez ikastolak herrian presentzia handiagoa lortu du. Helburuetako bat hori zen, indarrean zegoen komunitatea gehiago indartzea, eta lortu dugu.
Gozategiren kontzertuarekin eman zenioten amaiera egunari, gonbidatu bereziekin, gainera.
Jaia bukatzeko izugarrizko oparia izan zen Gozategi taldeak Alaitz eta Maiderrekin eta Xabi Solanorekin egindako kontzertua. Plaza jendez beteta zegoen: familiak, ikasleak, irakasleak, ikastolako langile eta ikasle ohiak... denak elkartu ginen bertan. Komunitatea elkartzeko oso positiboa da; beraz, eguna goia jota amaitu zen.
Etorkizunera begira jartzeko garaia dela esan zenuten aurkezpen ekitaldian. Lekuko berria ere aurkeztu zenuten, eta horrekin batera ziklo berri bat hasiko dela jakinarazi. Zer ekarriko du horrek?
Ziklo bat itxi dugu. Kilometroak jaiak 50 aldi izan ditu, baina horrek ez du esan nahi dena egina dagoenik. Alde batetik, euskararen inguruan ditugun helburuek aurrera jarraituko dute. Ez da euskaraz ikastea bakarrik: euskarak gure eguneroko bizitzan egon behar du, ikastolatik harago. Kilometroak jaiak horretarako balio du, euskara aisialdira eramaten duelako. Euskararekin jarraitu behar dugu lanean; izan ere, lortu behar dugu gizarteak euskararekiko duen konpromisoa eta atxikimendua areagotzea. Ikastolek gure proiektuan sinesten jarraitu behar dugu, ez Lazkaon soilik: gainontzeko guztiek ere indarra hartu eta aurrera jarraitu behar dute, eta gogoratu ikastolak beharrezkoak direla euskal hezkuntza sistema potente, aurrerakoi eta propioa aurrera eramateko.
Hemendik 50 urtera Kilometroak berriz ere Lazkaora itzultzea gustatuko litzaizuke?
Atzo txantxetan esaten genuen, baina zeinen polita izango litzatekeen hemendik 50 urtera Lazkaora itzultzea. Ez dakit lehenago etorriko den, ez naiz hori esatera ausartzen, baina ehungarren aldira iristen bagara, Lazkaon egitea benetan polita izango litzateke.
lotsabako
1977ko Kilometroak edo aurtengoak?
Aurtengoak.Atzo gehien gozatu zenuen ekintza?
Gozategiren kontzertua, Alaitz eta Maiderrekin eta Xabi Solanorekin batera egin zutena.