1977ko urriaren 16 hartan bezala, eguraldia lagun dute gaur Lazkaon (Gipuzkoa). Goizean goiz egindako euriaren arrastoak ikus daitezke oraindik herriko kaleetan, baina nabari dira jada eguzkiaren lehen printzak. Prest daude herriko lau guneak: Iturrialde aparkalekua, Lazkao Txiki plaza, ikastola eta Hirigoien plaza. Eta prest daude jaiak aurrera egin dezan lanean ariko diren ia mila boluntarioak ere.
Ikastolako patioan bilduta daude herritar guztiak, aurkezpen ekitaldirako prest. Oihal beltz handi bat da nagusi oholtzaren gainean. Koloreztatu egin dute: ortzadarraren koloreekin jolas egiten duten hainbat kirol jertse ipini dituzte zintzilik, mahuketatik helduta. Urrutitik entzuten dira zintzarri hotsak, baina gerturatuz doaz pixkanaka. Sakabanatu dira joaldunak, batzuk alde batera, eta besteak bestera. Isildu dira zintzarriak, eta hasi dira agurraren lehen notak.
Izaro Insausti Lazkaoko Ikastolako komunikazio arloko kideak egin ditu aurkezpen lanak, eta Irantzu Amondarain Lazkaoko Ikastolako lehendakaria izan da oholtzara igotzen lehena. Ikastolen sorreraz mintzatzeko aprobetxatu du tartea: «Ikastolak herritik sortu ziren. Guraso talde batek euskaraz ikasteko eskubidea genuela sinetsi zuen, eta dirurik eta baliabiderik gabe aurrera eramandako proiektuak izan ziren ikastolak». Eta «Euskal Herriaren identitatearen aldarria» egiteko esanez amaitu du, bai eta eragile guztiei eskerrak emanez ere.
IKUSI GEHIAGO
«Ibilbideari aitortza egin eta etorkizunari begira jartzeko garaia da». Hala hasi du hitzaldia Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak. Baina gaur egungo erronkei ere behatu die: «Erronkak asko dira, baina horien artean bereziki garrantzitsua da euskararen erabilera indartzea, eta azkenaldian euskara jasaten ari den mehatxuei aurre egitea». Eta, nola ez, Lazkao Txikiri aitortza egin dio: «Euskarari hitza eta arnasa eman zizkion Lazkaoko semen kuttun batek: Joxe Miguel Iztueta Lazkao Txikik. Ezin aipatu gabe utzi euskarari, bertsolaritzari eta gure herriari egin dion ekarpen oparoa». Haren bertso batzuk kantatu ditu segidan.
Mikel Etxezarretaren bertsoen ostean, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuak hartu du hitza. Alkateak esandakoari keinu eginez, Lazkao Txikiz mintzatu da Pedrosa ere, eta ikastolen ekarpen historikoa nabarmendu du ondotik: «Erakutsi zuten hezkuntza dela gizartea eraldatzeko tresnarik baliotsuena, eta ikastolen historia ausardiaren historia da». Euskal hezkuntza sistemaren balioez ere mintzatu da: «Hezkuntzak pertsona osoak hezten ditu. Horregatik, gaur inoiz baino gehiago diot euskarak eta hezkuntzak eskutik helduta joan behar dutela. Euskara indartu egin behar dugu ikastetxean, etxean eta kalean, eta gizartea behar dugu horretarako. Guztion ardura da euskarari espazioa, prestigioa eta etorkizuna ematea».
«Argi diogu: murgiltze ereduan sakontzeko garaia da, ez hura zalantzan jartzekoa. Euskara da gure herria josten duen haria, eta herri kohesiorako bermea»
AITOR ELIZARANIkastolen Elkarteko lehendakaria
«Euskal Herri euskalduna heztea. Horixe da gure misioa». Hori esan ostean eman ditu egun onak Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, eta Josu Erguini aitortza egin, Kilometroak martxan jartzeagatik. Aitor Elizaran Ikastolen Elkarteko lehendakariak eman dio jarraipena, eta hark ere eskerrak eman dizkio Erguini. Ikastolen aldeko jaien garrantzia azpimarratu du, ez Kilometroena soilik, baita Herri Urratsena, Ibilaldiarena, Araba Euskaraz-ena eta Nafarroa Oinez-ena ere. PISAren emaitzen inguruan mintzatuz eman dio amaiera hitzaldiari. «Azken asteotan, ikusi dugu murgiltze eredua zalantzan jartzen saiatu direla PISAren emaitzen aitzakian. Saiakera horien harira, argi diogu: murgiltze ereduan sakontzeko garaia da, ez hura zalantzan jartzekoa. Euskara da gure herria josten duen haria, eta herri kohesiorako bermea. Argi diogu euskal hezkuntzak eta euskal gizarteak euskara gehiago nahi eta behar dutela. Atzerapausoak eman nahi dituztenei herri gisa indarrez aurre egiteko garaia da».
IKUSI GEHIAGO
Lekukoa Bergarara
Gipuzkoako ikastoletako ordezkari guztiak oholtza gainean zeudela, albiste bat eman du Insaustik: «Lekukoari lekukoa emango diogu». 50 urte bete dituen lekukoa beste lekuko batek ordezkatuko du. Gotzon Huegunek egin du pieza, eta, bi lekukoak alboan jarrita, ikus daiteke bata bestean ongi ahokatuko litzatekeela, puzzle baten gisa. Egileak berak azaldu du pieza berriaren hutsuneak «etorkizunera begiratzeko leihatila bat» irudikatzen duela.

Bergarako Aranzadi ikastolak hartuko du lekuko berria. Han egingo da hurrengo urteko Kilometroak jaia, eta ikastolako arduradunek adierazi dute «arduraz eta erantzukizunez» hartzen dutela lekukoa. Halaber, hurrengo urtean bertaratzeko gonbita egin die ikus-entzuleei, baita urriaren 18an Zizur Nagusian egingo duten Nafarroa Oinez jaian parte hartzekoa ere.
Arratsalde musikatua
Badoa eguna aurrera pixkanaka, eta musika protagonista izan da lau guneetan: besteak beste, Skabidean eta Esanezin taldeek jo dute. Arratsaldeak ere bide beretik jarraituko du. Iturrialdean, Muxutruk erromeria hasiko da laster, eta ondoren arituko dira Nafarroa 1512 eta Suthai batukada. Lazkao Txiki plazan, berriz, Amaia Agirre, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Aratz Igartzabal Potto bertsolariek laster amaituko dute saioa, eta, jarraian, Sukia eta Marki trikitilariek girotuko dute plaza.
Ikastolan bazkariak ematen dituzten bitartean, Goxua'n Salsa Iruñeko saltsa taldeak dantzan jarriko ditu bertaratutako guztiak. Dantzan jarraituko dute Zutik elektrotxarangaren doinuekin, eta dantzan amaituko dute Gozategi taldearekin. Gonbidatu bereziak izango dituzte, gainera: Alaitz Telletxea eta Maider Zabalegi.
Bestalde, 4. gunean, Hirigoien plazan, Eider Saez Lazkaoko abeslariak joko du, eta aurreratu du publikoak aukera izango duela bidean dagoen disko berriko hainbat abesti entzuteko. Segidan, Go!azen telesaileko kideek emango dute ikuskizuna, eta eguna amaitzeko, Jun da Jo txarangak girotuko du auzoa.