Urmuga proiektuaren Urtanta egitasmoak Kanaria uharteetan (Espainia) egingo du aurten hasierako etapa. Eta, nolabait, lekukoa hartuko dio Contramapas proiektuari. Oinarri berdintsuetan bermatzen dira-eta biak ala biak: lurraldearen ezagutza, kultura eta kezka soziala uztartzen dituzte. Izan ere, migratzaileei eskainitako omenaldi batekin bukatuko da Contramapas, hilaren 30ean, hilabetez artxipelagoko uharte guztiak bisitatu eta gero. «Hildako eta desagertu gehien duen migrazio bidea da Kanarietakoa», nabarmendu du Manuel Cabezudo proiektuaren zuzendariak (Las Palmas Kanaria Handikoa, Espainia, 1976).
Nola doa bidaia?
Oso ondo. GR-131 bideak 600 kilometro ditu; 24 etapatan egiten da, baina oso exijentea da, desnibel oso nabarmena dauka eta. Kanariako mendiak ez dira oso ezagunak beharbada, baina artxipelagoak sekulako orografia dauka.
Hain zuzen, proiektuaren izenak hori iradokitzen du, ezta? Lurralde ez hain ezagun horiek.
Mapa bat lurralde baten errepresentazioa da, eta contramapas hitzak haren parte diren pertsonei egiten die aipamena. Gure lurrak irudi jakin bat proiektatzen du kanpora, turismo industriara oso lotuta dagoen irudi bat.
Irudi homogeneizatu bat?
Bai. Publizitate kanpaina bat da kasik, eta toki turistiko askotan ikusten ari gara turismoak dena zeharkatzen duela, eta bertokoen nortasunean ere txertatzen dela. GR-131 bezalako ibilbide bat egiteak bide ematen dizu oso bestela interpretatzeko lurraldea eta identitatea.
Ibiltzea ezagutza prozesu gisa aldarrikatzen duzue.
Noski. Leku bat oinez ezagutzeak erabat aldatzen dizu haren inguruko ikuspegia.

Aurten, hainbat ikastetxetako ikasleak ari dira Contramapasen parte hartzen. Zer helarazi dizuete esperientziari buruz?
Contramapasen helburuetako bat zen esperientzia bertokoei hurbiltzea. GR-131 etorkizuneko baliabide gisa ikusten dugu, eta hurrengo belaunaldien eskura ere ipini nahi dugu. Proiektu pilotu bat abiatu dugu: Aula GR131. Ibilbide horretan dauden zortzi zentro aukeratu ditugu, eta haren ondare, kultur eta natura balioaz hitz egin dugu hango ikasleekin eta irakasleekin, baita erroko musikaz ere, besteak beste. Eta orain gurekin datoz ibilbidean, 5-7 kilometroko zati laburrak eginez; bitartean, GR-131 aire zabaleko ikasgela bat bihurtu dugu. Ametsa litzateke artxipelagoko gazteen bidaia iniziatikoa bihurtuko balitz.
Hein batean, Urmugan inspiratu zineten proiektua sortzeko. Zergatik?
2014tik generaman GR-131 zeharkatzen, bidea ezagutzeko —2024an egin genuen aurreneko Contramapas—. Eta, horrez gain, proiektu inspiratzaileak bilatu ditugu beste lurralde batzuetan, non balioa ematen zaien ibilbide luzeei, hezkuntza proiektuei, egitasmo kultural eta sozialei... Kataluniako Transpirenaica Social Solidariarekin ere askotan egin dugu lan.
Migratzaileen egoeraren inguruko kezkan egiten dute bat Contramapasek eta Urmugak.
Artxipelagoko errealitate garrantzitsu bat da, Kanarietako migrazio bidea aktibatu zenetik 2021-2022 inguruan. La Graciosan hasi eta Orchillako itsasargian bukatzen dugu ibilbidea. Hara ailegatzean, GR-131ko azken balizatik gertu Orchillako ontziralekua dago. El Hierroko herritarrentzat karga sinboliko oso indartsua dauka leku horrek, 1940ko eta 1950eko urteetan bertoko asko atera ziren-eta handik Kubara eta Venezuelara bizitza berri bati ekiteko. Ontziralekua Las Calmas badiako muturretako batean dago, eta beste muturrean La Restingako portua dago: Sahara hegoaldeko migratzaile askoren helmuga da. Portu horretan egiten dugu urtero Contramapas amaitzeko ekitaldia.
lotsabako
Kanaria uharteetako mendi bat?
Teide.Euskal Herriko mendi bat?
Azken egunetan asko entzun dut Zegama-Aizkorri lasterketari buruz. Inguru hori ezagutu nahiko nuke.