Leon, kiratsa, moleta eta gaitak

Gaueko zurruta ez ezik, eguneko egitaraua ere badute Baionako bestek. Goiza berezia izaten da bestondoko kafearen, gaita ahaireen eta Leon erregearen iratzartzearen artean. Momentu «lasaiago» bat, bestak desberdinki gozatzeko.

Bestazaleak gosariaren zain, Baionako karriketan. PATXI BELTZAIZ
Bestazaleak gosariaren zain, Baionako karriketan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko uztailaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Arroltze ta xingarra, ze janari ederra, ez dut besterik eskatzen», kantatzen entzuten da bestazale bat Gure Irratiak Baionako Montaut plazan plantatu duen gunean. Bestak aitzina, gosariaren tenorean, indarrak berriz hartzen dabil jendea: moleta edo arroltzea, xingarra, gasna eta fritak; horrekilan arnoa edo sagardoa, baita kafea ere. Tapia eta Leturiaren kantuak bestazale anitzengan egiten du oihartzun. Asteburua bukatzen ari da emeki-emeki, eta, kolore xuri-gorriak akitzen hasiak badira ere, azken txanpari ekin diote baionesek eta besteek.

Baionako bestetan goizean goiz karrikak zeharkatzean, badirudi hiria iratzartzeko zain dela oraindik. Jende batzuk, ordea, aspaldi jaiki ziren karrika horien garbitzeko. 04:00etan besta bukatu bezain laster, 05:00etan hasten dute lan txanda Baionako garbiketa zerbitzukoek. Horrela, bestazaleak besta gunera jaisten direlarik berriz, garbia dute dena, arra hasteko prest, bisualki gutienez, nekez desagerrarazten baita lau besta egunez metatutako alkohol eta pixa usinen nahasketa.

Giro eta usain horren erdian itzuli da lanera Aña Iriart, Kalostrape ostatuko zerbitzaria. Bezperan besta pixka bat egin du, lanean «egun potoloa» ukan ondotik «lasaitzeko» beharra sentitu baitzuen. Ondorioz, «bestondo pixka batekin» heldu da lanera, «baina ongi hala ere». 09:00etan hasi du goizeko txanda, eta 19:00ak arte luzatuko zaio. Asteburuko prestaketak ez dira arras besten lehen egunetakoak bezalakoak, egunak aitzina geroz eta jende gehiago etorri ohi baita Lapurdiko hiriburura. «Badakigu jendea izanen dela; beraz, goizean hasten gara erreserbak ongi betetzen; prestatzen gara».

(ID_16293375) (/EZEZAGUNA) 2026-07-18, Baiona.Baionako bestak
Banatzaileak lanean, Baionako besten karietara. PATXI BELTZAIZ

Eguneko publikoa ez da arras gauekoaren berdina, eta «goiza lasaia da, jendea heldu baita aperitifa egitera bazkaldu aitzin». Gehienetan, lagun taldeak, familiak edo enpresa bazkariak dituzte kudeatzeko, baina «egun hastapena denez, giroa lasaia da, goxo da lan egiteko». Gainera, Iriarti iruditzen zaio «goizetan Kalostrapen aski herrikoia» dela giroa: «Usaiako jendea pasatzen da trago bat edatera, lasai».

Puntua egin, eta arra has

11:00etan bildu dira Itaia emakumeen antolakunde sozialistakoak, Gure Irratiak eskaintzen duen gosarian. Hiria iratzarria da dagoeneko, baina horietako batzuek lorik ere ez dute egin. Bestarik ere ez, alta: erasoen kontrako protokoloa zaintzen ibili dira gauean, 04:00ak arte; hots, besta bukatu den arte. «Gosaltzen ari gara orain, justu aitzin hiria afixatu baitugu salatuak izan diren erasoen kontaketa publiko egiteko; pausatzen gara berriz abiatzeko eguerditan berean, Txosna Gorria ere bai baitugu kudeatzeko».

Zenbait urte dira orain Itaiak babesgunea antolatzen duela Baionako bestetan. Akelarre kafean dira aurten, Pontrique karrikan: 22:00etarik 04:00ak arte egoten dira postuan, salaketak zuzenean jaso ahal izateko. Asteazkenik igandera, bestalde, telefono zenbaki batera deitzen ahal dute biktimek edo lekukoek: 0033 676-01 54 17.

Goizaz baliaturik gosaria hartu, gaueko gertakizunen puntua egin eta pixka bat lasaitzeko, Txosna Gorrira bidean martxan ezarri dira kideak.

Abiatu diren bezala ezagun izan dira gaita ahaireak. Karrika hertsietarik hurbiltzen sentitu dituzte bestazaleek gaiteroak, eta, azkenean, agertu dira Montaut plazara. 30 bat musikari, dotore jantzirik, xamar xuria soinean eta bonet gorria buruan. Jean Pierre Lapeyrade da haietako bat; Jeamp deitzen diote batzuek. Gaiteroen artean segurtatu dute: egitekotan, berari egin behar zaio elkarrizketa. Ageri zaio besten ohitura baduela. Zehaztu duenez, 35 urte dira Baionako bestetan jotzen duela, hots, bestondoetako Baiona iratzartzeaz arduratzen dela.

(ID_16291366) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-07-17, Baiona.Baionako bestak
Gaiteroak Montaut plazan jotzen. PATXI BELTZAIZ

Beretako, «arraberritze» giroa da goizekoa. Argi soinuak egiten dituzte lehenik. «Duela urte zenbait, holako ongietorri erdipurdikoa jasotzen genuen, eta egia erran, orain, jendeek badakite. Beti badira batzuk oihuka, lo egin nahi dutela... baina orain badakite, eta batzuetan gelditzen dira entzuteko». Litekeena da gaitaren soinuak fama txarra ukaitea beranduen oheratu diren bestazaleen artean.

Baina Lapeyradi «polita» zaio goiza. Garbitzaileak pasatu ondotik eta banatzaileek alkohol erreserbak berriz bete ondotik, haienak dira karrikak. «Egunaren hastapena» markatzen dute, gaita joz. Denetarik pasatzen entseatzen dira 09:00ak eta 10:00ak artean. Erraldoiak ateratzen dira ondotik, eta laguntzen dituzte hirian barna. 

Herriko etxearen aitzinean bukatzen dute gero, 12:00etan, Leon erregearen goizeroko iratzartzeari leku utziz. Aurten, haatik, Montaut plazaraino doaz azken indarrak ematera: larrain dantza joko dute, dantzarien zerbitzuan. 13:00ak jo ditu, azkenean. Bukatu da goiza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA