Bilboko Aste Nagusia

Mahaia erreserbatu dute Bilbo Arenan

Adinekoek egun berezia izan dute Bilboko Aste Nagusian: zirkura joan ostean, hirurehun bat lagun batu dira Bilbo Arenan, bazkaltzeko. «Giro alaia» izan dela nabarmendu dute.

Adinekoen bazkaria, gaur, Bilbo Arenan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Adinekoen bazkaria, gaur, Bilbo Arenan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilbo
2025eko abuztuaren 21a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zapi urdinak lepoan ondo estututa iritsi dira hirurehun adineko Bilbo Arenara. Autobusak atean bertan utzi ditu, eta sartu direnerako, prest zegoen dena: mahaiak jarrita, janaria zerbitzatzeko gertu, platerak bere tokian... Aste Nagusiko osteguna egun berezia da haientzat, Adinekoen Eguna da eta. Zirkura joan dira aurretik, eta, behin gosea eginda, bazkariaren ordua heldu da. Marijaia ere bertan izan da, haiekin bazkaltzeko, eta baita ostean dantza egiteko ere.

Eguna hasteko, Etxebarria parkeko zirkura joan dira. Asteartean Basurtuko haurrei bisita egin zien Gran Circo Holiday zirkua zegoen han, eta, oraingoan, emanaldi osoa egin du. Josune Barbara bertan izan da, eta «oso pozik» atera da emanalditik. Zirkua ezaguna zuen lehenagotik ere, eta lehen aldiz zuzenean ikusteak «hunkitu» egin du. «Hori bai, batzuetan begiak estali behar izan ditut. Nik ez dut balio gauza arriskutsurik ikusteko», aitortu du. Aurten, gainera, berrikuntza bat egon da ikusleei dagokienez. Orain arte adinekoak soilik egoten ziren, baina, aurten, umeak ere izan dira. Adinekoak bezala, haurrak ere gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak dira. Udalak aukeratu ditu.

«Lokartu egin naiz, eta, beraz, ezin izan dut antolatzaileek ipinitako autobusik hartu. Hurbil bizi naizenez, oinez etorri naiz, eta buelta ere hala egingo dut»

MARIA LUISA MARDARASAdinekoen Eguneko parte hartzailea

Behin zirkua amaituta, autobusa hartu dute Bilbo Arenara iristeko. Askok mugitzeko arazoak dituzte; makuluekin azaldu dira batzuk, ibiltzeko gailuren batekin besteren bat... Elastiko berdedun emakume talde batek gidatu ditu adinekoak eraikinaren sarreratik mahaietara. SSI gizarte zerbitzuen arloko taldeko boluntarioak dira, eta, bazkaltiarrak agurtzeko moduagatik, nabari da elkar ezagutzen dutela. Gizarte zerbitzuetan adineko horiekin aritzen dira lanean. 

Bi arduradun daude mahai bakoitzean, eta lehen mahaikoak Pilar eta Esther dira. Bertan dago eserita Maria Luisa Mardaras. Orain bi urte parte hartu zuen lehenengo aldiz bazkarian, eta «oso ondo» pasatu zuela dio. Urte hartan Casilla kiroldegian egin zen. Iaz, ostera, Mardarasek ez zuen bazkarira joaterik izan, eta horregatik, aurten berriz animatu da. Gainera, bere kabuz etorri da. «Lokartu egin naiz, eta beraz, ezin izan dut antolatzaileek ipinitako autobusik hartu. Hurbil bizi naizenez, oinez etorri naiz, eta buelta ere hala egingo dut», baieztatu du, lasai. Pixka bat «penatuta» dago, ordea, ezin baitu mahaikideekin euskaraz egin. 50 urte daramatza Bilbon bizitzen, baina Apatamonasteriokoa da (Atxondo, Bizkaia).

(ID_15240812) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-08-21, Bilbo. Aste Nagusia
Francis Diez pregoilaria eta Olatz Agirre txupinera adinekoen bazkarian izan diren emakume batzuekin hizketan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Denak eseri arte itxaron dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Francis Diez pregoilariak eta Olatz Agirre txupinerak oholtzara igotzeko. Alkateak egin du hitzaldirik luzeena, eta, besteak beste, azpimarratu du Aste Nagusia «guztientzat» dela, eta adineko jendea garrantzitsua dela. Horrez gain, amaitzeko, egunaren helburu nagusia zein den gogorarazi die bertaratu direnei: «Ez ahaztu gozatzea dela gaur garrantzitsuena». Horren ostean, oholtzatik jaitsi eta era informalago batean aritu dira adinekoekin hizketan. Batek edo bestek hirukotearekin argazkiak ateratzeko aprobetxatu du, eta Itziar Urtasun zinegotzia eta Diez pregoilaria dantzan ere ibili dira. Adinekoak ez dira izan gozatu nahi izan duten bakarrak.

Jateko ordua

Menua ere gozagarria izan da: itsaski paella lehenengo, bakailaoa Bizkaiko erara gero, eta goxua azkenik. Gutxik utzi dituzte soberakinak platerean, eta askok beste platerkada bat ere hartu dute. Auzolan enpresako Ainhoa Hoyosen eta Naiara Ortegaren lanari esker atera da dena horren gozoa. 11:00etan hasi dira prestatzen, eta, aurreko urteetan ere etorri izan direnez, jada ondo barneratua zuten zer egin. Lanerako «giro ona» izaten dela ziurtatu dute.

Berbaro alaia izan da nagusi bazkariak iraun duen artean, eta Dantza Alai taldeak kantuak gehitu dizkio festari. Musikak jarraitu egin du, eta asko mahaitik jaiki dira, eta dantzan hasi. Pilarrek eta Yolandak lehenengo aldia izan dute bazkarian, baina hasieratik argi izan dute argi dantza egingo zutela, elkarrekin gainera. «Gizon gutxi dago, baina, tira, ez gara aspertuko. Bizitzako garai honetan ez dugu inor gerturatzerik behar: batera ondo pasatzen dugu», esan dute erdi txantxetan; eta luzatzeko asmorik zuten galdetzean ere, «batek daki!», bota dute, begirada konplizeak trukatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.