«Emakumeen ahotsak euskal gastronomiaren erdigunean jartzea»: hori da Mamia jardunaldien helburua, antolatzaileen hitzetan. Ahotsa emanez egin nahi diete aitortza, eta Mamia saria emango diete haietako bosti, aurreneko aldiz. Astelehenean izango da jardunaldia eta sariak banatzeko ekitaldia, Basque Culinary Centerren egoitzan, Donostian. Mantala eta BERRIA dira ekitaldiaren antolatzaile nagusiak eta babesleak.
Liburu baten forman aurkeztu zuten Mamia, 2024ko abenduan. Euskal gastronomian aritu diren eta ari diren emakumeen istorioak, jakintza eta ekarpena biltzeko, eta haien lana aitortu, ikusarazi eta ospatzeko. Mantala egitasmoak sortutako liburu bat izan zen —Basque Culinary Centerrek eta Hazi fundazioak bultzatutako egitasmoa da Mantala—. 50 emakumeren testigantzak bildu zituzten hartan. Edizio eder eta zainduan, askotariko emakumeak, belaunaldiak eta arloak elkartu zituzten: ikertzaileak, irakasleak, ekintzaileak, abeltzainak, ontzigileak, talogileak, gaztagileak, gatz egileak, gozogileak, mahastizainak, sagardogileak, kontserbagileak, baserritarrak, dibulgatzaileak, diseinatzaileak... Eta liburu haren mamia jardunaldi eta sariketa bihurtu dute orain.
Bost alorretan banatu dituzte sariak: lurraldearekiko konpromisoa, ibilbide oparoa, komunikazioa, sarea ehuntzea eta lurraldeari lotutako sukaldaritza. Astelehenean bertan emango dute saridunen berri. Euskal gastronomiarekin lotura duten dozenaka gonbidatu izango dira. Musika, eta hainbat emakumek prestatutako askaria, azalpenak eta testigantzak.
Lankidetzaren emaitza
Joan den maiatzean sinatu zuten Mantalak eta BERRIAk lankidetzarako hitzarmena, eta hitzarmen horren fruituetako bat da Mamia jardunaldia eta sari banaketa. Gastronomia herritarrengana gerturatzea, emakumeen ikusgaitasuna handitzea eta gazteen parte hartzea sustatzea dira, besteak beste, akordioaren helburuak. Eta, horretarako, hainbat proiektu garatuko dituzte, elkarlanean.
Hiru ardatz nagusiren bueltan ariko dira lanean: Mamia, Gastro Gaztea eta Etxetik proiektuetan, hain zuzen ere. Mamia egitasmoan, gastronomia munduko emakumeen ikusgaitasuna landuko dute bi eragileek, eta, horretarako, asteleheneko jardunaldi hori antolatzeaz gain, erreportaje bat eta podcast bat ere zabalduko dituzte. Gastro Gaztea egitasmoak, berriz, sukaldari eta ekoizle gazteen ahotsa indartzea izango du xede, urtean zehar egingo diren topaketen bidez. Etxetik proiektuak, berriz, etxeko sukaldaritzaren transmisioa sustatzea izango du helburu, argitalpen berriak argitaratu eta komunitatea aktibatzeko egitasmoak jarriko dira martxan.