Lankidetzarako hitzarmena sinatu dute BERRIAk eta Mantalak

Gastronomia herritarrengana gerturatzeko, emakumeen ikusgaitasuna handitzeko eta gazteen parte hartzea sustatzeko hainbat proiektu bateratu garatuko dituzte elkarlanean.

(ID_17786610090545) (/EZEZAGUNA)
2026ko maiatzaren 13a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mantala egitasmoaren barnean hainbat egitasmo elkarlanean garatzeko konpromisoa hartu dute BERRIAk eta Basque Culinary Centerrek, euskal gastronomiaren, kulturaren eta komunitatearen arteko lotura sendotzeko helburuarekin.

Amagoia Mujika BERRIA egunkariko zuzendariak eta Joxe Mari Aizeaga Basque Culinary Centerreko zuzendariak izenpetu dute lankidetzarako hitzarmena, gastronomia euskaraz kontatzeko, zabaltzeko eta komunitatea aktibatzeko asmoz.

Lankidetza berri hau hiru ardatz nagusitan oinarrituko da: Mamia, Gastro Gaztea eta Etxetik proiektuetan, hain zuzen ere. Mamia egitasmoan, gastronomia munduko emakumeen ikusgaitasuna landuko dute bi eragileek, eta, horretarako, jardunaldi berezi bat antolatzeaz gain, erreportaje bat eta podcast bat ere zabalduko dituzte. Gastro Gaztea egitasmoak, berriz, sukaldari eta ekoizle gazteen ahotsa indartzea izango du xede, urtean zehar egingo diren topaketen bidez. Etxetik proiektuak, berriz, etxeko sukaldaritzaren transmisioa sustatzea izango du helburu, argitalpen berriak argitaratu zein komunitatea aktibatzeko egitasmoak jarriko dira martxan horretarako.

Horrez gain, hitzarmenaren barnean, gastronomia erakundearen GOe eremu berria ekitaldi, topaketa eta komunitatearekin lotutako jarduerak garatzeko gune izango du egunkariak aurrerantzean.

Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA