Mundu guztia zerura begira jarri zen 1969ko udan, Apollo 11Â misioari so. Urteetako kalkulu, prestaketa eta ahaleginen ondoren, gizakiak Ilargira iristea lortu zuen. Aurtengo udan ere, begirada guztiak Ilargira itzuli dira, eguzki eklipseak, segundo batzuez, mundua geldiarazi baitu. Lilura horrek, ordea, bertze apolo baten hegaldia estali du. Edo, agian, begirada gehiegi altxatu izana izan da arazoa. Apolo hori ez baitoa espaziora, mendi garaietara baizik; eta ez du suziririk edo astronautarik behar, hegoak aski baititu Euskal Herria gibelean uzteko. Isilik ari da bere bidea egiten, ez baita espaziontzia: tximeleta soil bat da apolo.
Ez da, ordea, lekualdatzen ari den tximeleta bakarra; bertze guztien patroi bera du apolo tximeletak. Izan ere, Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratutako nazioarteko ikerketa batek 105 herrialdetako 1.758 tximeleta espezie aztertu ditu, eta ondorioztatu du hamar tximeletatik zortzi beren ohiko lurraldeetatik mugitzen ari direla, klima aldaketak eta gizakiaren jarduerak bultzatuta. Espezie batzuk galdu egin dira jada, eta bertze batzuei bizi eremua murriztu zaie. Bertze zenbaitek, berriz, iparraldea konkistatu dute, edo mendi garaiagoetara jo.
Azken hori da apolo tximeletaren kasua (Parnassius apollo): lepidoptero handi bat da, zuria, eta hegoetan begi gorriak ditu marraztuak. Intsektu hori ongi ezagutzen du Yeray Monasterio Zerynthia tximeleten babeserako elkarteko lehendakariak, ikerketan parte hartu baitu, bertze 95 ikerlarirekin batera. Lepidopterologoak azaldu du apolo azken hamarkadetan Euskal Herritik «pixkanaka desagertuz» joan dela: «Existitzen zen leku gehienetan galdu egin da. Leku pare batean gutxi batzuk baino ez dira geratzen».Â
Goi mendietako tximeleta da apolo, eta hotzera egokituta dago. Baina muturreko tenperaturen ondorioz, udak gero eta beroagoak dira, eta neguan izozte gutxiago daude. Hortaz, mendi garaiagoetara doa ihesi, tenperatura hotzen bila. «Pirinioetan, erraterako, arras eroso dago tximeleta hau; Euskal Herriko mendiak, ordea, 800-900 metro garai dira, eta, baldintzen aldaketa hauekin, eskas geratu da», aitortu du Monasteriok.Â
Alabaina, klima aldaketa beti ez da galera baten sinonimo, Mediterraneoko tximeleta batzuk Euskal Herria konkistatzen ari baitira. Lehen hotzegiak zitzaizkien lurraldeak orain bizitzeko egokiagoak direla erran du Monasteriok: «Iraganean, nahiz eta ale batzuk iritsi, ez zuten aurrera egiten, neguan beldarrak izoztu egiten zirelako».
Laubuztaneko herensugearen (Charaxes jasius) kasua adibide paradigmatikoa da: eguneko tximeleta handi bat da, buruan arantzak eta lau buztan deigarri dituena. Afrika osoan dago, eta, klima mediterraneo bati lotua dagoenez, tenperaturen gorakadak ateak ireki dizkio Euskal Herrian barrena hedatzeko.
«Egungo laborantza mota hau biodibertsitatearen galera ikaragarriaren gibelean dago, urtero pilatuz baitoa pestiziden, herbiziden eta fungiziden erabilera neurrigabea»
YERAY MONASTERIOÂ Zerynthia elkarteko lehendakaria
Monasterioren arabera, klima aldaketa ez da tximeleten exodoaren erantzule bakarra; espezie inbaditzaileek, habitataren suntsiketak, eta basoen etengabeko soiltzeak ere nabarmen eragiten die. Bertze giza faktore bat ere seinalatu du: pestizidak. «Egungo laborantza mota hau biodibertsitatearen galera ikaragarriaren gibelean dago, urtero pilatuz baitoa pestiziden, herbiziden eta fungiziden erabilera neurrigabea», gaitzetsi du.
Ondorioz, gero eta tximeleta gutxiago daudela ohartarazi du ikertzaileak: «Europako larreetako tximeletak erdira murriztu dira azken hamarkadan». EBMS European Butterfly Monitoring Scheme deituriko nazioarteko programa arduratzen da tximeleten tokian tokiko jarraipena egiteaz, eta, guztira, Europako 35 herrialdek parte hartzen dute.Â
Jose Miguel Barea da EBMSren Espainiako adarraren koordinatzailea, eta bertan laurehun boluntario aritzen direla zehaztu du. Bakoitzak, apiriletik irailera bitarte, hamabortz egunean behin ibilbide bera egiten du urte anitzetan, eta, horrela, «benetako jarraipen koordinatuko sare bat» osatu dute: «Helburua da tximeleta komunitateen denbora serie sendoak sortzea, gainbehera edo hedapen prozesuak identifikatzeko eta ingurumen edo klima faktoreei lotutako aldaketak ebaluatzeko».
Datu taxonomikoei erreparatuta, Europan eguneko bortzehun espezie inguru daude. Hego Euskal Herriari dagokionez, Bareak erran du «dibertsitate handiagatik» nabarmentzen dela: «EAEn 158 espezie identifikatu dira, eta Nafarroan, berriz, kopurua are handiagoa da, 175 espezietik goiti baitaude».
Tximeletak, ingurunearen termometro
Tximeletak txikiak izan daitezke, baina EBMSko koordinatzaileak azaldu du beren «sentikortasunagatik» gai direla ingurumen baldintzen aldaketei «azkar» erantzuteko: «Organismo bioadierazlerik hoberenetako bat da. Kontua da seinale hori entzuten eta garaiz jarduteko erabiltzen jakitea». Iritzi berekoa da Monasterio ere: «Tximeletek ingurunearen osasunaren eta kalitatearen termometro gisa funtzionatzen dute gizakientzat».Â
Bizkaian, erraterako, konifero landaketa anitz daude, eta, horrek itxuraz «natura» dirudien arren, Monasterioren erranetan tximeletek kontrakoa diote: «Pinuak landatu dituzte pagoa edo haritza zegoen eremuetan, eta habitat horrek ez du ongi funtzionatzen bertako tximeletentzat. Ondorioz, ekosistema anitz pobretu da». Gainera, tximeletak «ekosistema guztien oinarrian» daude. Batetik, landareentzat «polinizatzaile» gisa jarduten dute, eta, bertzetik, harrapakari anitzentzat «elikagai» dira.Â
«Tximeleta organismo bioadierazlerik hoberenetako bat da. Kontua da seinale hori entzuten eta garaiz jarduteko erabiltzen jakitea»
JOSE MIGUEL BAREAÂ EBMS programako koordinatzailea Espainian
Tximeleta baten hegalen mugimenduak munduaren bertze muturrean tsunami bat eragin dezakeela erran ohi da. Hegalen mugimendurik ezak ere, paradoxikoki, tximeleta efektu delakoa eragin dezakeelakoan dago Monasterio, tximeleta espezie jakin bat galtzeak «iragarri ezin diren ondorioak» ekarriko bailizkioke ekosistemari.Â
Halaber, Monasteriok azpimarratu du tximeletak «gure ondare naturalaren parte» direla: «Galera konponezin gisa ikusi behar dugu, ermita erromaniko bat erortzean bezala». Hala ere, baliteke antzina euskaldunek tximeletei garrantzi handiagoa eman izana, euskalki bakoitzak baitu intsektu hori izendatzeko hitz berezi bat; hala nola, kalaputxia, inguma, pinpilinpauxa, altxalilia, txirripita, Jainkoaren oiloa eta astoaren arima.
Edonola ere, Monasterioren ustez, gero eta jende gehiago ari da haien balioaz eta kontserbatzeko beharraz jabetzen, eta, hain justu, hori da Zerynthiaren zereginetako bat. Baina dibulgazioaz gain, ikerketa eta kontserbazio lanetan ere aritzen direla adierazi du: «Espezie batzuek leku jakinetan ekintza jakinak behar dituzte, desager ez daitezen». Aitortu du, ordea, instituzioek halako ekinaldi «gutxi» egiten dituztela: «Ez dira kontserbazio proiektu zehatzak egiten, ugaztun edo hegaztien kasuan ez bezala».
Tximeleten paradisuak
Salbuespenak egon badaude, eta tximeleta oasiak deritze. Hirigunetan bizi diren herritarrek, ikastetxeek eta udalek beren oasi propioa egin dezakete, eta, Barearen arabera, «nahiko erraza» da: «Lore ugaridun espazio txikiak sortzean datza, tximeleta helduei nektar baliabideak emateko; eta beldarrei, berriz, elikatzeko eta ugaltzeko posibilitatea».Â
Hego Euskal Herriko lau hiriburuek badituzte beren oasiak, eta bertze hainbat herritan ere badaude. Baina, seguruenik, Zerynthiak bultzatutako proiekturik nabarmenena mikroerreserben sarea da: 2009an ikusi zuen argia, eta galzorian diren espezieak eta garrantzi bereziko lepidopteroen komunitateak dauden eremu txikiak babesteko balio du.

Horietako bi Nafarroan daude; Meanon bata, eta Ilundainen bertzea. Azken hori hamar hektareako eremu babestua da, eta 2016an sortu zuten Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, isabel tximeleta babesteko (Graellsia isabellae). «Europako tximeletarik politena» izatearen sona duela nabarmendu du Monasteriok: «Ia esku bat bezain handia da, eta berde deigarri eta zeharrargia».Â
Ehun tximeleta espezie baino gehiago daude Ilundain inguruan, eta ikusi nahi dituenak Baso Biziduna deituriko bi kilometro inguruko ibilbide bat dauka horretarako. Bertzalde, Meanoko mikroerreserba 2018an sortu zuten, eta Monasteriok ziurtatu du hara joatea ere «arras gomendagarria» dela: «Panelez beteriko lau kilometroko ibilbide bat dago Lehoia lotan izeneko mendira igotzeko. Bertan 70 tximeleta espezie baino gehiago ikus daitezke».
Mikroerreserba hori, izatez, apolo tximeleta babesteko sortu zuten. Hain justu, apolo tximeleta izan zen Europako lehen tximeleta espezie babestua. Hark, ordea, Ilundaindik alde egitea erabaki du orain, leku hotzagoen bila. Dagoeneko ez da mapa zaharretan kabitzen apolo, klima aldaketa haren gibeletik doan bitartean goiti egiten segituko baitu. Eta, batek daki, agian noizbait Ilargiraino iritsiko da.