Zapi gorriak kaxoitik atera eta arropa zuria esekitokitik jaso. Gutxi falta da Iruñeko kaleetan sanferminen txupinazioaren oihartzuna entzuteko, baina gaur hasia da azken eguneko gogoa sumatzen. Larunbatean ospatuko dute Iruñeko Peñen Eguna, eta orduan kaleak apainduko dituzten pankartak aurkeztu dituzte gaur, Iruñeko Kondestablearen jauregian, 12:00etan. Gainera, lehenbiziko aldiz, Iruñeko Peñen Federazioak abesti bat aurkeztu du, peña guztiak elkartuko dituena.
Urtero bezala, gaurkotasun politikoko gaiak ekarriko dituzte Iruñeko kaleetan hedatuko diren oihalek: turistifikazioa eta etxegabetzeak agertzen dira kartel askotan, batez ere Alde Zaharreko kaleetan zentraturik; Iruñeko Erorien Monumentuaren itzal luzea ere ikusten da oihaletan; monumentua eraits dezatela eskatzeko elkartu diren herritarrak marraztu dituzte batzuek, «eraitsi!» oihuka, eta, beste aldean, eraikinari «beste esanahi bat» ematearen alde daudenak.
Eraso sexisten aurkako mezu argia eta LGTBI kolektiboaren ahalduntzea ere ageri dira pankartetan. Baina batez ere berdea, gorria eta zuria jaso dituzte aurtengo proposamenetan, hau da, herri palestinarrarekiko elkartasuna. Trump eta Netanyahu agertzen dira, elkarri babesa ematen, bakearen usoaren odola eskuetan dutelarik; beste batean, Picassoren Gernika koadroaren irudiak ikusten dira, odolez osatutako ibai batean. «Gerrarik ez» mezua ere jaso dute oihal zurietan. Pankartetan pil-pilean dagoen gai bat falta da, ordea, baina ekainaren hasieran entregatu ziren oihalen ilustrazioak. «Prest daude ekainaren hasieratik: horregatik ez da agertzen Santos Cerdan!», azpimarratu du Rakel Arjol-ek, Iruñeko peñen federazioko lehendakariak.
Mezu horiek guztiak Peñen Egunean zabalduko dituzte, larunbatean. Eguneko egitaraua aurreko urteetakoaren antzekoa izango da: Iruñeko zezen plazaren kanpoaldean elkartuko dira 09:00etan, kaldereteak prestatzen hasteko, eta lehiaketa batean parte hartzeko aukera egongo da. Gero, 10:30ean, azoka solidarioa dago BDZ, Nafarroako Yala eta Salam-Gaza elkarteen eskutik. Haurrentzako ekitaldi batzuk egingo dituzte goizean, eta, 12:00etan, elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egingo dute sanferminetako eraso sexisten aurka. Aurten ere puntu more bat izango dela adierazi du lehendakariak: «Iruñeko Peñen Federaziokoek argi eta garbi utzi nahi dugu ez dugula ez eraso sexistarik eta ez bestelakorik onartuko». Elkarretaratzea amaitu ondoren, herri bazkaria izango da, eta, hori amaitutakoan, kontzertuak: El Gran Ritxarson, Alarma Morea eta Eztitan.
Abesti berria
Gaur arte, Iruñeko Peñen Federazioak ez du izan peña guztien abestirik, eta iaz planteatu zuten abesti «identitario» bat egitea. «Peña guztiek duela urte asko dituzte euren ereserkiak, baina denok batuko gintuen abesti bat falta zen», gehitu du Arjolek. Hortik jaio zen Hamasei taupada abestia, Goxua'n Salsa taldeak konposatutakoa. Ivan Luque da hitzen idazlea, eta euskarazko eta gaztelaniazko hitzak biltzea erabaki zuen. Goxua'n Salsa taldeko abeslariekin batera, peñetako zenbait kidek jarri diote ahotsa ereserkiari: Aritz Redin (Aldapa), Claudia Goikoetxea (Muthiko Alaiak), Idoia Tapia eta Saioa Lizarraga (Unica) eta Urko Mirari (Jarana).