«Pipita batzuk?»

Ekilore haziak jateko ohitura oso hedatuta dago Hegoaldean. Badira sozializaziorako ale eta solaserako fruitu. Nutrizio balio handia ere badute, neurrian janda. Errusiako Nazioarteko Brigadek 36ko gerran ekarritakoa da pipitak kontsumitzeko usadioa.

Pipitak
enekoitz telleria sarriegi
2024ko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Hartu hatz mamien artean tentuz, eta banaka. Eraman ahora. Aukeratu konbinazioa: hortz, betortz edo ebakortz. Kraskatu. Bereizi mihiarekin alea, eta baztertu azala. Birrindu hagin artean. Irentsi. Aukeratu beste bat. Errepikatu prozesua, eta galdetu albokoari: «Pipita batzuk?». Alboko hori Hego Euskal Herrikoa bada, onartuko du gonbidapena (edo ez), baina badaki zer den pipitak jatea. Beste askori, ordea, erabat arrotza egingo zaio. Askorentzat ohikoa dena bitxikeria ulergaitza da bestetzuentzat: ekilore haziak hortz tartean kraskatu eta jatea. Eta hori taldean egitea, eta solasean. Plazan. Jendaurrean. Eta (batzuek) modu konpultsiboan.

Bada erritua, eta bada denboran atzera egitea. Haziak jatea badelako gizarte ehiztari-bilatzaileen garaikoa, baina pipitak konpultsiboki jatea ekintza erabat garaikidea da. Behin atzeraka hasita, atzera egin beharra dago ekilorearen bila: Amerikara. Kristo aurreko 3.000. urtekoak dira ekilorearen lehen aztarna arkeologikoak, egungo AEBetako hegoaldean eta Mexikoko iparraldean aurkitutakoak. Ekilore haziaren erabilerari buruzkoak, geroagokoak: Kristo aurreko 1.000 urtekoak, Tahuantinsuyo Inka inperioaren garaikoak, Perun. Pablo Orduna Basque Culinary Centerreko Historia eta Antropologia irakasleak egindakoa da pipiten ibilbide historikoa: «Francisco Pizarro konkistatzaile espainiarrarena da ekiloreari buruzko lehen testigantza. Haren bidez iritsi zen Europara, baina ez zekiten jatekoa izan zitekeenik, eta apaingarri gisa erabili zuten hasiera hartan —gauza bera gertatu zen tomatearekin ere—. Landare bitxi eta ederra zen ekilorea, eta Herbehereetan, adibidez, asko erein zuten. Akordatu, bestela, Vincent Van Goghen Ekiloreak obrarekin».

XVII. mendera egindakoa da hurrengo jauzia: Errusiara, Petri I.aren garaira. «Petri I.a oso bidaiaria zen, eta bidaia horietako batean ezagutu zuen ekilorea, Amsterdamen. Txundituta gelditu zen: ‘Baina zer demontre da hau?’. Bere inperiora landareak eta haziak eramateko eskatu zuen, eta halaxe hasi ziren erruz ereiten, landatzen, olioa ekoizten, eta haziak jaten. Horregatik dira Europako gaur egungo ekoizle nagusiak Errusia, Bielorrusia, Ukraina, Bulgaria...».

Azken urratsa baino ez da falta, beraz: nondik nora iritsi zen pipitak jateko ohitura gurera? Ordunarena da erantzuna: «Errusiatik, 36ko gerra garaian, eta hango Nazioarteko Brigaden bidez». Harrigarria da datua, baina badu azalpena: batzuen beharrak eta besteen ohiturak egin zuten bat. Lazeriak jota zegoen Espainia ordurako. Errusiatik ekilore haziak inportatuak zituzten, zientoka, eta aziendarentzat ziren hasieran, baina hasita zeuden txigortuta ere dastatzen. 36ko gerran, ordea, orokortu egin zen haien kontsumoa. Errusiak Nazioarteko Brigadak bidali zituen Espainiara errepublikazaleak laguntzera: armak, soldaduak, eta ohitura bat. Errusian ohikoa baitzen orduan, nekazari munduan batik bat, jan aurretik edo aperitifa gisa pipitak jatea. «Zakukadak zeuzkaten Espainian. Errepublikazaleen bandoan ohartu ziren hura pagotxa zela. Zer hoberik armadarentzat pipita poltsak baino? Nutriente mordoa dute», azaldu du Ordunak. Kronikari batzuek diote saltzaile ibiltariak saldoka hasi zirela pipita poltsak saltzen, eta herritar asko eta asko haiek kontsumitzen. Sektore kontserbadoreenek, ordea, ez ei zuten begi onez ikusten pipitak jatea: pobre eta proletarioen janaria zelako, eta inguru guztiak azalez zikinduta uzten zituztelako. «Kontua da amaitu zela 36ko gerra, baina pipitak jateko ohitura hori bertan errotu eta gelditu zela. Eta oraindik ere irauten duela gurean; Errusian, aldiz, ia galdu egin da», gaineratu du Ordunak.

«Kontua da amaitu zela 36ko gerra, baina pipitak jateko ohitura hori bertan errotu eta gelditu zela. Eta oraindik ere irauten duela gurean; Errusian, aldiz, ia galdu egin da».

PABLO ORDUNABCCko Historia eta Antropologia irakaslea

Jaten dituzte pipitak gazteek zein helduek. Denbora-pasa gisa, elkarrizketarako, edo gose emozionala asetzeko. Baina inportanteena: osasuntsuak dira, neurrian janda. «Pipitei buruz eta, orokorrean, haziei buruz ari garenean, nutriente onuragarri batzuk izaten dituzte», azaldu du Hondarribiko (Gipuzkoa) Elikaeskola zentroko nutrizionista Garazi Lizarragak. «Zuntza» da nabarmendu dituenetako bat: «Oso aberatsak dira zuntzean. Digestio aparatu osasuntsu bat izateko onuragarria da: komunera joateko eta digestio aparatuko gaixotasunen prebentziorako. Azukrearen eta glukosaren erregulazioan ere parte hartzen dute, haien absortzioa motelduz. Berdin kolesterolarekin; maila jaisten laguntzen du. Eta asetasuna ere ematen digute».   

Ekilore haziak
Ekilore landarea eta haziak, Trokonizen (Araba). JUANAN RUIZ / FOKU

Lizarragak dio ekilore haziak «aberatsak» direla gantz nutritiboetan. Gaixotasunen prebentzioan laguntzen dutela, eta, haziak direnez, oso modu kontzentratuan dituztela gauza asko: bitaminak, esaterako. Gatza izaten dute, ordea. Gomendioa: «Nutritiboena litzateke gatzik gabekoak jatea, eta azalarekin jatea. Horrela hobeto kontrolatzen dugu zenbat ari garen jaten. Eta azalarekin jatea lasaigarriagoa ere bada. Klis-klas horrek erlaxatu ere egin gaitzake». Izan ere, erritualak berak antsietatea eta halakoak apaltzen lagun dezakeelakoan dago Lizarraga: «Jatea ez da bakarrik nutrienteak eskuratzeko egiten dugun ekintza bat. Zerbait gehiago da. Lasaigarria izatez aparte, plazera ere bada. Pipitak gustatzen bazaizkigu, eta ikusita nutrizio aldetik zer onura dituzten, hobea izango da beti pipitak jatea donuts bat jatea baino».

«Pipitei buruz eta, orokorrean, haziei buruz ari garenean, nutriente onuragarri batzuk izaten dituzte».

GARAZI LIZARRAGAElikaeskolako nutrizionista

Jaten dituenak markak ezagutzen ditu: Facundo, Grefusa, Churruca, Plis Plas... Agian ez du jakingo marka ezagun horietako bat Euskal Herrikoa dela: Plis Plas, Andosillakoa (Nafarroa). «1967an sortu zuen aitonak enpresa. Ni hirugarren belaunaldiko kidea naiz. Jende askok ez daki nafarrak garela. Kanpaina indartsu bat ari gara egiten orain Kukuxumusurekin, hori aldarrikatzeko», argitu du David Subiranek, Plis Plas enpresako gerenteak. Espainiako Estatuan saltzen dituzte euren produktuak, eta Frantziara ere esportatzen dute. «Nafarroako Erriberakoak gara, eta oso ezagunak bertan. Nafarroako Erriberan ez da Facundo pipitarik saltzen, Plis Plas pipitak baizik».

Saltzen dituzten ekilore hazi horiek, ordea, ez dira Nafarroakoak. «Zoritxarrez, kanpotik ekartzen ditugu pipita guztiak. Jada ez da gurean uztatzen. Gure aitonak Ciudad Realetik, Tarancondik eta inguru horietatik ekartzen zituen lehen [Espainia]. Orain, ordea, inguru horietan dagoen ekilore guztia oliotarako erabiltzen dute. Hazitarako ez dute erabiltzen». Nongoak dira, orduan, Euskal Herrian kontsumitzen diren pipita horiek guztiak? «Gaur egun pipiten negozioan ari garen enpresa guztiak Txinatik ari gara ekilore haziak inportatzen. AEBetatik ere ekartzen genuen lehen, haiek ere ekoizle handiak baitira, baina aspaldi honetan ez dugu handik inportatzen. Izan ere, Txinan lortu duten hibridoa bikaina da: tamaina ederrekoa, bihotz handia daukana, kurruskaria…». 

«Gaur egun pipiten negozioan ari garen enpresa guztiak Txinatik ari gara ekilore haziak inportatzen».

DAVID SUBIRANPlis Plas enpresako gerentea

Jakin beharreko baita kontsumitzen diren ekilore haziak hazi jakin batzuk direla. Ez dute guztiek jateko balio. «Olioa egiteko erabiltzen den ekilore hazia oso txikia da, olio kontzentrazio handia duena, baina jateko balio ez duena. Aldaera jakin batzuk dira kontsumitzen direnak: gure kasuan, Txinako 361 aldaerarekin ari gara orain. Urteek aurrera egin ahala, pipitak ere geroz eta hobeak dira. Hibridoak lortu dituzte, besteak beste, ale handiagoak izan ditzaten eta azala kentzea errazagoa izan dadin», azaldu du Subiranek.

Horrek ez du esan nahi jaten diren pipita guztiak berdinak direnik. Ezta hurrik eman ere. Marka bakoitzak bere formula dauka, eta bere jarraitzaile taldea. Badaude gatza erantsia dutenak, badaude uretan gatz pixka batekin tratatutakoak, barbakoa zaporea dutenak, limoi zaporekoak, pipita ketuak, pipita minak, eta baita pipita gozoak ere. Funtsean, haziak txigortzeko eta gazitzeko eran dago sekretua. Plis Plasekoena: «Oso sinplea da: gatzuna egiten dugu urarekin eta gatzarekin, eta lapiko berezi batzuetan sartzen ditugu pipitak —dena ezin dut kontatu, hori gure formula da—. Handik atera eta txigortu egiten ditugu bueltaka-bueltaka. Tenperatura jakin batean eta denbora jakin batean. Txigortuta dagoenean, ontziratu, eta kito. Sinplea da, baina ez da erraza. Pipiten arazorik handiena kontserbazioa izaten da, herdoildu egiten baitira koipe natural asko dutelako. Horrekin ibili behar da tentuz: nitrogenoz kontrolatutako atmosfera erabiltzen dugu, oxigenorik sartu ez dadin modu berezian ontziratu…».

Beraz: hartu hatz mamien artean tentuz, eta banaka. Eraman ahora. Aukeratu konbinazioa: hortz, betortz edo ebakortz. Kraskatu. Bereizi mihiarekin alea, eta baztertu azala. Birrindu hagin artean. Irentsi. Aukeratu beste bat. Errepikatu prozesua, eta galdetu albokoari: «Pipita batzuk?».

JAKINGARRIAK

  • Jatorria: 

    Haziak jateko ohitura gizarte ehiztari-bilatzaileen garaikoa da. Ekilore hazien erabilerari buruzko aztarnak Kristo aurreko 1.000 urtekoak dira: Tahuantinsuyo Inka inperioaren garaikoak, Perun.

  • Ohitura: Errusiako Nazioarteko Brigadek 36ko gerran zabaldutako ohitura ei da pipitak jatekoa. Errepublikazaleen bandoan izan zuen arrakasta, eta errotu eta bertan gelditu zen horrela jateko ohitura.

  • Jaten direnak: 

    Kontsumitzen diren ekilore haziak hazi jakin batzuk dira. Olioa egiteko erabiltzen direnak oso txikiak dira jateko. Hibridoak lortzen dituzte, tamaina eta bihotz handikoak. Gaur egun Txinatik inportatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.