'Sacamantecas': irudia, zientzia eta kondaira

'Sacamantecas' pelikularen estreinaldiak Juan Diaz de Garaioren inguruko interesa piztu du berriz. Hiltzailearen sona ez da gauza berria, Ander Gondrak Budapesten aurkituriko argazkiek erakusten dutenez. Zientzia, morboa eta kondaira nahasten ditu kasuak.

Juan Diaz de Garaio
Sancho el Sabio fundazioak erakutsiko dituen Budapesteko argazkietako bat. SANCHO EL SABIO FUNDAZIOA
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juan Diaz de Garaio, Sacamantecas ezizenez ezagun egin zen hiltzaile arabarra, ez zen sekula Hungariara heldu bizirik zela, baina bai hil ondoren. Ander Gondra historialariak egin zuen aurkikuntza, kasualitatea lagun. «Pandemia eta itxialdi garaiak ziren, eta Interneten nabigatzen ari nintzen. Halako batean, zalantzarik gabe Diaz de Garaiorenak ziren argazki batzuk aurkitu nituen: aurrez aurre, bizkarretik, albotik... Loturan sakatu, eta Hungariako bildumagile batzuen orrialdera eraman ninduen», oroitu du Gondrak.

Egilazko (Donemiliaga, Araba) hiltzailearen irudia Danubioren ertzera iritsi zen, Diaz de Garaio exekutatu eta 145 urtera. 1881ean hil zuten Diaz de Garaio, bi emakume hiltzea egotzita. Beste lau hil izana aitortu zuen kartzelan egon zen bitartean, baita beste lauri eraso egin izana ere. Hiltzailearen sonak eragindako kondairak, ordea, laster estali zuen pertsonaia historikoa. «Argazki horiek interes komertzial argi batekin eginda daude. Hungariarrek esan zidaten Madrilgo etxe bateko artxiboaren erosketan aurkitu zituztela. Ziurrenik, hango turista bat Diaz de Garaio ikustera hurbilduko zen, eta argazki horiek eramango zituen oroigarri», azaldu du hipotesia Gondrak.

Ander Gondra, aurkituriko argazkiei buruzko azalpenak ematen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ander Gondra, aurkituriko argazkiei buruzko azalpenak ematen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Orain, argazki horiek Arabako hiriburura itzuli dira, Sancho el Sabio fundazioak erosi baititu. Bertan egongo dira ikusgai, eta Gondrak hainbat hitzaldi emango ditu haien inguruan. Azararoaren 10ean izan zen lehena, eta datorren asteartean emango du hurrengoa. David Perez Sañudo zinemagilearen Sacamantecas pelikularen estreinaldiarekin bat etorriko da erakusketa, XIX. mendeko hiltzailearekiko lilura beti bezain indartsua den seinale. Benetako Juan Diaz de Garaio eta haren kondairak sortu zuen pertsonaia, ordea, aski ezberdinak dira. Gizakiak makabroarekiko eta zantarrarekiko duen lilurapenaren erakusgarria ote da hori?

Zientzia eta kondairak

Enrique Etxezarra kazetari eta ikerlari gasteiztarrak argi dauka: «Heriotzak eta gizakiaren alde ilunak beti liluratuko gaituzte. Horregatik, Diaz de Garaio bezalako pertsonaiek beti sortuko dute interesa, dela XIX. mendean, dela XXI. mendean». Misterioekiko interesaren erakusgarri argia da Etxezarra bera, misterioak ikertzen eman baitu bizitza osoa, Iker Jimenez gasteiztarraren Cuarto Milenio programan ohiko kolaboratzaile bihurtzeraino. «Gasteizen bisita gidatuak egiten ditudanean, bertako misterioak azalduz, Diaz de Garaiorenak bezalako hilketek pizten dute beti interesik handiena», azaldu du.

Garai hartako prentsak eta geroko folkloreak Arabako hiltzailearen inguruko pertzepzioa nola baldintzatu duten ikertu izan du Etxezarrak, eta ondorio argi bat atera du: jendeak buruan izan ohi duen Sacamantecas horrek zerikusi gutxi du jatorrizko Diaz de Garaiorekin. «Diaz de Garaio atxilotu zutenetik exekutatu zuten arte, urtebete baino gehiago pasatu zen. Orduan, jendea turismoa egitera etortzen zen Gasteizera, hiltzaile beldurgarria bere ziegan bisitatzeko. Gehienak, ordea, dezepzionaturik itzultzen ziren, bertan aurkitzen zuten nekazari analfabeto, itsusi eta baldar horrek ez baitzuen kondairako hiltzaile odoltsuaren inolako antzik», kontatu du Etxezarrak.

«Heriotzak eta gizakiaren alde ilunak beti liluratuko gaituzte. Horregatik, Diaz de Garaio bezalako pertsonaiek beti sortuko dute interesa, dela XIX. mendean, dela XXI. mendean»

ENRIQUE ETXEZARRAKazetaria

Errealitatearekin bat ez etorriagatik, irudi hori izan da urte askoan folklorean zabaldu dena. «Isabel Mellen historialariarekin hitzaldi bat egin nuen irailean Sacamantecas-i buruz, eta Arabako adineko jendea hurbiltzen zitzaigun, haiek etxekoengandik entzundako kontakizunak helarazteko. Diaz de Garaioren atxiloketari buruz, esaterako, batek kontatzen zuen gizona Dato kaletik zihoala neskato batek ‘Hori bai gizon itsusia, Sacamantecas baten antza du!’, esan zuelako harrapatu zutela; beste batek, berriz, bi guardia zibilek, esneketariz mozorroturik, tranpa bat jarri ziotela. Horietako bat bera ere ez da egia, Gasteizko aguazilaren ikerketei esker atxilotu baitzuten Diaz de Garaio», oroitu du Etxezarrak.

Populuaren artean ez ezik, garaiko zientzialariengan ere eragin zuen interes bizia Diaz de Garaiok. «Frenologia oso boladan zegoen garai hartan, pertsona baten ezaugarri fisikoek eta itxurak haren portaera morala baldintzatuko zutela uste zuen teoria, alegia. Europa osoan egin zen ezagun Diaz de Garaioren kasua, eta Cesare Lombrosok, frenologiaren sortzaileak berak, bazuen aferaren berri», kontatu du Gondrak. Zientzialari batzuek uste zuten Diaz de Garaio eroturik zegoela, edo bere itxurak jaiotzetik baldintzatzen zuela krimenak egitera; beste batzuek, berriz, defendatzen zuten gizona bere senean zegoela eta gaiztakeriengatik zigortua izan behar zela.

Burua galduta

Hainbeste iturritatik agerturiko interesak bilakatu zuen hain mediatiko Diaz de Garaioren kasua. «Diaz de Garaio artean bizirik zela, kasua jada mediatizaturik eta kondaira bihurturik zegoen. Hil eta gero, berriz, autopsia mahaian bertan hasi zen komertzializazioa», iradoki du Etxezarrak. Lehenaren adibide, Diaz de Garaiok berak egindako aitortza oroitu du kazetariak: «Egilaztarraren hilketa metodoa ez zetorren bat Sacamantecas klasikoarekin: emakumeak bortxatu eta itotzen zituen, baina ez zizkien erraiak ateratzen. Hala ere, garaitsu hartan izan ziren Araban halako hilketa odoltsuak, eta Diaz de Garaiok berak aitortu zuen behin, emakume bat hil ondoren, haren barrenak hustu eta sakabanatu zituela, ikertzaileak nahasteko, entzuna baitzuen Araban bazebilela jendea horrela hiltzen zuen Sacamantecas bat».

Bigarrenaren adibide, Diaz de Garaioren buruaren afera dakar gogora Gondrak. «Garaio hil ostean, autopsia egin behar zitzaion, eta jende askok eskatu zuen bertan presente egoteko. Ez zen inolaz ere ohikoa garai hartan, baina agintariek baimendu behar izan zuten, zientzialariek erakutsitako interesa zela eta». Bada, autopsia haren ondoren, Santa Isabelgo hilerrian lurperatu zuten hiltzailea; garezurrik gabe, ordea. «Baten batek haren garezurra eraman zuen, ez dakigu oroigarri makabro gisa, edo frenologiaren ikuspuntutik ikertzeko, baina ez zuten gorpuarekin batera lurperatu. Garezur hori non den misterioa da oraindik», azaldu du Gondrak.

Sacamantecas erakusketako argazkia. IVAN MARTINEK UTZIA
'Sacamantecas' erakusketako argazki bat. IVAN MARTINEK UTZIA

Ikerlariaren ustez, kasuak eragindako interesak hiltzailearen irudiaren «komertzializazioa» ekarri zuen. «Becerro de Bengoak liburutxo bat idatzi zuen, Diaz de Garaioren kasuari buruzko xehetasunekin, eta arrakasta handia izan zuen. Harekin batera salduko ziren Diaz de Garaioren irudiak, eta komertzializazio horren eskutik helduko zen Egilazko hiltzailea Budapestera», azaldu du Gondrak.

Atzoko eta gaurko argazkiak

Ivan Martin argazkilariak izan zuen aurkikuntza hartan zerikusia. «Argazki horien prezioa kontsultatu nuen, kopia batzuk egiteko interesatzen zitzaizkidalako. 4.000 eurotik 2.200era jaitsia zuten, eta Anderri esan nion. Baliteke horri esker erabaki izana Sancho el Sabiok argazkiak erostea...», iradoki du, erdi txantxetan.

Martinen eta Diaz de Garaioren arteko harreman sinboliko eta fotografikoa, ordea, lehenagokoa da. «Gasteizko historia beltzarekiko interesa nuen, eta 2022an argazki serie labur batzuk egiten hasi nintzen, Gasteizko istorio beltzei buruz: Goiuriko hezurdurak, hiltzaileak... Azkenean, Juan Diaz de Garaiorengan zentratzea erabaki nuen, hari buruz baitzegoen informazio gehien, eta hortik sortu zen erakusketa hau egiteko ideia», kontatu du.

«Guztioi interesatzen zaizkigu hiltzaileak eta gizakiaren alde iluna, eta hori irudikatu nahi nuen»

IVAN MARTINArgazkilaria

Izan ere, Sacamantecas izeneko argazki erakusketa antolatu berri du Martinek Gasteizko Sokaren Etxean. Diaz de Garaioren figuran oinarrituriko erakusketa da hori, eta argazkietarako orotone izeneko teknika zahar bat erabili du. «XIX. mendeko teknika bat da. Zuri-beltzezko negatiboa sortzen dut; ondoren, beira batzuk prestatzen ditut fotosentikorrak izan daitezen; negatiboa jartzen diet gainean, eta eguzki argiaren bitartez beiran geratzen da irudia», azaldu du prozesua. Argazkiari atzealdean urrezko kapa jarrita, argi propioa duelako inpresioa ematen du argazkiak.

«Garai bateko teknikak erabilita, misterio hori azpimarratu nahi nuen. Guztioi interesatzen zaizkigu hiltzaileak eta gizakiaren alde iluna, eta hori irudikatu nahi nuen», laburbildu du Martinek bere erakusketaren helburua. Hara non, mende erdiko aldearekin, hiltzaile baten argazkiek oraindik ere jendea liluratzen duten. Diaz de Garaio hiltzailea hilda baitago, baina haren kondaira eta misterioa bizi-bizirik baitaude oraindik. Historia eta mitologia batzen dira Sañudoren pelikulan edo Budapesteko argazkietan, eta asteotan nahasketa hori ikusteko aukera izango dute ikusleek, dela zinemetan, dela Sancho el Sabio fundazioan.  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA