‘Sports Night’ erakustaldiak piztu du jendea Jaialdiaren hirugarren egunean

Goizean, Idahoko gobernadorearekin eta Boiseko alkatearekin bildu da Pradales, eta ikurrina altxatu du udaletxeko atarian. Iluntzean, bertsolariak eta kirolariak izan dira protagonista. Gatiburen kontzertuak eman dio amaiera egunari, Basque Block gunean.

Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, ikurrina altxatzen Boiseko udaletxearen aurrean. NAGORE ARIN
Nagore Arin.
2025eko abuztuaren 1a
07:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Egin du hirugarren eguna Boiseko Jaialdiak, eta, lehen bi egunetan bezala, ez da aspertzeko tarterik izan. Goizean, ekitaldi instituzionala izan da Kapitolioan: Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak batzarra izan du Brad Little Idahoko gobernadorearekin, eta, ondoren, Kulturaren eta laguntasunaren ospakizuna zioen kartel baten aurrean hitz egin dute kazetarien aurrean. «Ez gara hutsetik hasi; bilera honen bidez, jarraipena eman diogu eta emango diogu harreman transatlantikoak sendotzeko helburuari», adierazi du lehendakariak.

Jarraian, Lauren McLean Boiseko alkateak harrera egin dio Pradalesi udaletxean. Adierazpen batzuk egin dituzte biek, eta ikurrina igotzea izan da bilkura horretako keinurik bereziena. Imanol Pradales lehendakariak ikurrina igo du Boiseko udaletxeko atarian, txistuaz eta panderoaz lagundurik eta inguruan bildu diren dozenaka eta dozenaka euskaldun eta bisitari ere kantuan jarrita.

Era berean, jaiak aurrera jarraitu du Basque Block gune nagusian ere. Eguerdirako, giroan murgilduta ziren asko, eta musika protagonista izan da behin baino gehiagotan. Arratsaldean, ohi bezala, pilota partidak izan dira Anduiza frontoian, eta jendeak hala eserita nola zutik ikusi ditu. Kanpoan, ilara amaigabeak sortu dira jana eta edana erosteko; ilararik luzeena, paella hartzeko.

Iluntzean, Idaho Central Arenara lekualdatu da ospakizuna, Sports Night gisa izendatu duten kirol erakustaldia zela eta. Ilara luzeak sortu dira hor ere, baina, Basque Block gunean ez bezala, bereziki ingelesa nabarmendu da. Deskribatzeko zaila da barnean zer geratu den: oihuak, txaloak, Gernikako arbola zuzenean ingelesez eta euskaraz, We Are the Champions kantuaren indarra, Kepa Junkeraren Bok Spok pieza ezaguna ozen bozgoragailuetatik… AEBetako kirol ekitaldien kutsu eta tonu popularra hartu du erakustaldiak, eta jaia piztu da: bertsolariak, aizkolariak, harri jasotzaileak, txingaren proba, lasto jaurtiketa; denetarik izan da, eta ikus-entzuleen jarrera aparta izan da.

Azkenik, Xabi Aburruzagaren eta Gatibu taldearen kontzertuek eman diote amaiera hirugarren eguneko egitarauari. Basque Block guneak hartzen dituen ehun metroak bete ditu jendeak, eta lehen ilaratik azkeneraino iritsi da sortu den grina.

'Sports Nights' ikuskizuna, Xabi Aburruzaga eta Gatibu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.