Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri du 2026an Eusko Jaurlaritzak Diasporaren Lege proiektu berria igorriko diola Eusko Legebiltzarrari, «XXI. mendera egokitzeko». Indarrean den legea 1994koa da, eta, lehendakariaren iritziz, lege berriak lagungarri izan behar du «XXI. mendeko euskal diaspora egituratzeko jauzia egiteko» orduan.
Boisen (AEB) egiten ari den bidaia ofizialean egin du iragarpena Pradalesek. Boiseko Unibertsitateak antolatutako Zortziak bat mintegian parte hartu du lehendakariak, eta euskal diasporaren erronkak izan ditu hizpide. Azpimarratu du diasporak, euskal diaspora barne, «mundu konplexu baten parte» direla, mundu zabalari dagozkion erronken eraginpean daudela, eta, XXI. mendearen laurdena beteta, badela garaia «lan egiteko moduak eta tresnak berritzeko» euskal diasporak dituen «egungo errealitateei erantzuteko».
Hori dela eta, iragarri du Eusko Jaurlaritzak Diasporaren Lege proiektu berria bidaliko duela datorren urtean Eusko Legebiltzarrera, araudia garai berrietara egokitzeko eta «Euskaditik kanpo bizi den euskal komunitatearen egungo beharrei erantzun ahal izateko». Pradalesen iritziz, lege berriak modua eman behar du «barneko testuingurura eta kanpokora» egokitzeko, eta lagungarri izan behar du «XXI.mendeko euskal diaspora egituratzeko jauzia egiteko» orduan.
1994koa da Diasporaren Legea, eta lehendakariak adierazi du «emaitza bikainak» eman dituela. Besteak beste, adierazi duenez, nazioarteko euskal komunitatea «trinkotzeko» balio izan du, Euskal Etxeekin eta Federazioekin elkarlanean. Hala ere, esan du egungo diaspora «askotarikoa» dela, eta, beraz, bestelako «urratsak» egin behar direla.
Zehaztu duenez, munduko 25 herrialdetan daude Euskal Etxeak gaur egun, eta 36.000 bazkide dituzte denera, baina, hala ere, beste toki batzuetan jaiotako pertsonak ez dira Euskal Etxeetako partaide, eta horiengana iristea izango du erronka lege berriak. Pradalesen esanetan, «modernoa eta egungo garaietara egokitua» izan behar du legeak.
AEBetan euskararen irakaskuntza sustatzeko akordioa
Jakinarazi dutenez, Etxepare Euskal Institutuak eta NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteek lankidetzarako hitzarmen bat izenpetu dute euskararen irakaskuntza AEBetako Euskal Etxeetan sustatu eta trinkotzeko. Azaldu dutenez, «Eusko Jaurlaritzak euskal diasporarekiko duen konpromisoa berresten duen akordio estrategiko bat da, eta euskara komunitatearen kohesio indar gisa ezar dadin laguntzen du». Jaurlaritzako iturriek helarazi dutenez, esanguratsua da urratsa, «lehenbiziko aldia baita NABOk konpromiso sendoa hartzen duena euskararen irakaskuntzarekiko eta sustapenarekiko».