Ikusi gehiago
Anitzetan ahazten da gizakien gorputza nagusiki urez osatua dela.
Nini bat sortzean, hiru laurden urez osatua du gorputza. Tomateak gara, gure gorputza %90 urez osatua da, eta biziki garrantzitsua da hori oroitaraztea, noski.
Idorteak oraino dirau, eta, gainera, ura eskasagoa izateaz gain geroz eta kontaminatuagoa da.
Ura geroz eta gutiago izanen da, eta, gainera, pentzeetan ematen diren pestizidak ez direnez beheiti ari, horrek esplikatzen du uraren kalitatea txartzen ari dela. Uraren kudeaketari dagokionez, uste dut ur eskasiaren aitzinean uraren ibilbidea gibelatu behar dugula. Zerutik erortzen den eta Pirinioetan urtzen den elurraren ibilbidea berandutu beharko dugu urak duen ozeanorako bidean.
Nola egin daiteke hori?
Tolosako [Okzitania] kasua hartu adibidetzat: EDFk ez bazituen urtegiak egin, hiria idorra izanen zen urtean lau hilabetez. Horren harira, mendietan egin daitezke ur erreserba batzuk, zerutik heldu dena biltzeko edo urtzen den elurra hartzeko. Garrantzitsua zait azpimarratzea ez duela balio lurpeko ur geruzetako ura hartzeak etorkizuneko ur kantitateari ez diezaion eragin.
«Ura geroz eta gutiago izanen da, eta, gainera, pentzeetan ematen diren pestizidak ez direnez beheiti ari, horrek esplikatzen du uraren kalitatea txartzen ari dela»
Alta, uraren inguruko ikerketek aspaldidanik emana dute abisua.
Zientzilariok aspaldian erraten dugu zerbait egin behar dela. Azkenaldian etengabe ari gara hori errepikatzen, egoera ezin larriagoa baita. Uraren arazoa berehalakoa da, eta araberako erantzun egokiak behar dira. Artoa masiboki ureztatzeko ur beharretan daudenei erraten diet niniak behar bezala handi daitezen ur beharretan gaudela. Medikuntzak pauso sendoak eman aitzin, ninien heriotza deshidratazioak eragiten zuen; orain ez da gertatzen kasu egiten dugulako, baina ikusi behar da aurtengo udan zer gertatu den haurdun direnekin.
Zer gertatu da?
Tenperatura gora delarik, niniak ez dira haurdunaldi bukaerara heltzen, eta heltzen direnen artean ttipiagoak direla ohartu gara. Baina konparazione, oro har, fruituak ere ttipiagoak ziren aurten, eta heldu diren urteetan halakoak gertatzen badira, osasun publikoari dagozkion arazoak izanen dira.
Gainera, ikusten dugu fenomeno horien azelerazioa izanen dela heldu diren urteetan.
Larrialdi klimatikoa begi bistakoa da, eta uraren kasuan bi arazo sortzen ditu horrek. Bata ur eskasia da, eta bertzea, kutsadura. Itsasoari dagokionez, berriz, ur mailaren igaitea gertatzen da. Berriki Miarritzen ikusi dugu labar zati bat erori dela, eta gauza bera gertatzen ari da Oleronen eta Cap Ferreten. Hori tenperatuaren igaitearengatik gertatzen da.
«Tenperatura gora delarik, niniak ez dira haurdunaldi bukaerara heltzen, eta heltzen direnen artean ttipiagoak direla ohartu gara»
Laborantzan, gainera, Duplomb legeak ez du egoera hobetzen, ezta?
Katastrofikoa da. Milaka sinadura bildu dira eta ez zaigu kasurik egin. Maiatzean One Health Festival jardunaldiak antolatu ziren, baina Frantziako Gobernuak ez gaitu entzun. Ez nuke zientzialariek bakarrik gobernatzen duten mundurik nahi, baina politikoaren rola zientzialarioi entzutea da. Lege horrekin, parkinson eta alzheimer eriak ugarituko dira, eta lurrak oraino gehiago pozoituko dira. Gelditu behar da!
Badirudi gizakiak ahantzia duela bizidunez inguratua dela.
Gizakiak ahantzia du biziduna dela, eta horregatik astakeriak egiten ditu. Zientzialariok ikerketak plazaratzen ditugu: gurea ez da iritzi bat, egiazko datuetan oinarritzen den zientzia da. Gure lanek gauza franko erakutsi dituzte, eta orain pentsatu behar dugu denen artean nola egin arazo guziei buru egiteko. Horregatik nago Lurraman. Hemen nire ikerketen emaitzak aurkezteaz gain, eragileekin eztabaidatu nahi dut, eta elkarrekin aterabideak atzematea nahi dut.