Lurrama: laborantza praktika jasangarriagoen bidean

Aurtengo idorteaz sufritu dutela nabarmendu dute hainbat ekoizlek. Irekiera ekitaldian, Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak uraren kudeaketarako esperimentazio gehiago egin behar liratekeela kontatu du.

Lurrama azokako otorduen aretoa. PATXI BELTZAIZ
Lurrama azokako otorduen aretoa, gaur, Miarritzen. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Miarritze
2026ko azaroaren 6a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Miarritzeko Irati gelara sartu eta sudurrera usain nahasketa bat datorkio bisitariari. Azokako lehen partera heldu eta berehalaxe, gasna, haragi eta sukalde usainak suma daitezke. Bigarren aretoan, berriz, ekoizle andana bata bertzearen segidan eta lerroan eman dira beren ekoizpenak presentatzen. Haur franko hurbildu zaizkie, batzuk gurasoekin eta bertze batzuk ikaskideekin, gauza guziak hunkitu nahian. Guraso frankori aditu zaio ekoizpenak nolanahika ez hunkitzeko abisua. 

Haurrak nagusi izan dira goizean, eta, hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko eskola frankotatik jiniko gehienek erle kofoin baten funtzionamendua esplikatzen ari zen erlezainari galdera franko egin dizkiote. Pottoken, ahuntzen eta zerrien gibeleko korrale handi batean instalatua da erlezaina, kofoin baten koadroa eskutan. «Erleek landare guziak xurgatzen ote dituzte?», galdetu dio haur batek. Lili moten «%95etan» ibiltzen direla erantzun ondoan, bertze haur batek galdegin dio kofoin batean zenbat erle dauden. Neonikotinoide motako pestizidak merkatura atera baino lehen, «70.000 erle» ibil zitezkeen kofoin bakarrean. Pestiziden erabileraren eraginez, ordea, azken urteetan erle populazioak «beheiti» egin du, eta, orain, «46.000» ibil daitezke kofoin bakarrean.

«Eta nola egiten da eztia?», bota dio bertze batek aski azkarki. Erleek landareetan dagoen urez beteriko likido bat —nektarra— xurgatu, eta hori landu ohi dute ezti bihurtu artio. Ondotik, erlezainak segidan erakutsi dio behereko kofoinaren gainean ematen duela bertze kofoin bat eztiaren uzta egiteko. «Azpian dagoen eztia ez dugu hunkitzen, haientzat atxikiko baitugu, baina gaineko guzia kenduko dugu, eta makina batean sartuko dugu potoetan eman ahal izateko».

(ID_16607567) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-11-06, Miarritze. Lurrama
Lurrama azokako animalien gunea. PATXI BELTZAIZ

Aurkezpen jendetsuaren ondoan zegoen Xavier Bourlon erlezaina. Alde batetik, aurtengo ezti uzta «biziki ona» izan dela nabarmendu du, primadera «ederra» izan delako, baina nahiz eta sasoia ontsa hasi, maiatzean idorteak kalte «handiak» eragin dituela gehitu du. Hori aski ez, eta sasoi bukaera «biziki zaila» izaten ari da, Asiako liztorraren presentzia handia baita. «Erleak biziki baldintza txarrean dira negua pasatzeko, eta hori biziki zaila zaigu».

Bertzalde, Bourlonek kontatu du ingurumenaren hondamendia geroz eta larriagoa dela, eta horrela jarduteak ondorioak dakartzala. «Hondamendi globalak eragin ikaragarria du loreen aniztasunean, eta geroz eta lore mota gutiago ditugu; horri gehitzen badiogu idortea, are okerragoa izanen da egoera geroan».

Idorteaz sufritu du Gilles Texier gaztaina ekoizleak ere. Bourlonen erakusmahaitik hurbil daude Texierrek ekoizturikoak: gaztaina irinez egin bixkotxak eta mota ugaritako gaztaina konpotak ditu salgai. Uzta «konplikatua» izan du aurten, eta gaztainak orokorki ttipiagoak direla adierazi du. Arbolaren lekuaren araberakoa izaten da gaztainaren uzta. Hegoari buruz dauden partzeletan, «tona bat» gaztaina bildu ordez, aurten «hirurehun kilogramo» bildu ditu; leku uspeletan dauden zuhaitzek, berriz, ohiko uzta eman dutela kontatu du. «Hipotesiak ari gara egiten, baina, oro har, sumatu dudan joera hori da aurten. Ikusi beharko da heldu diren urteetan zer gertatzen den, baina aurten idortea dela eta morkotsak arbolan berean erre dira frankotan».  

(ID_16607533) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-11-06, Miarritze. Lurrama
Gilles Texier gaztaina ekoizlearen erakusmahaia, Lurrama azokan. PATXI BELTZAIZ 

Laborariek eta ekoizleek ez ezik, irekiera ekitaldiko ordezkariek ere kezka agertu dute idorteaz. Iñaki Berhokoirigoin Lurramako antolatzaile eta laborariaren erranetan, uraren gaia «urgentziaz» tratatu behar da. Horren kalitatean pestizidek eta industriak «anitz» eragiten dutela adierazi du. Horrez gain, gai «minberatsua» dela erran du, urak jabetza eta eskubide arazoak dakartzalako. Horiei buru egiteko, uraren kudeaketarako aterabideak badirela zehaztu du, baina neurri horiek plantan emateko «nekeziak» agerian eman ditu.

Geroago, teknika horiez mintzatu da Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, nagusiki frantsesez egin duen hitzartzean. Uraren kudeaketa «helburu politikotzat» dauka, eta espero du aurtengo idorte «larriak» kontzientziak piztuko dituela. Bertzeak bertze, Euskal Elkargoak estrategiak plantan ematen dituela zehaztu du, eta horren karietara hautetsiak laborantzaren inguruko lanketan «buru-belarri» ari direla kontatu. Neurri zehatzen artean hainbat aipatu ditu, baina erran du terrenoan txertatzeko testuinguru ekonomikoa ez dela ona.

Bizkitartean, Iriarten arabera, zailtasun horrek ez du kendu behar uraren kudeaketaz egin lan «guzia». Kalitatearen inguruko lanketa ez ezik, uraren kudeaketan «egiazko» neurriak plantan eman dira. Etsenplu gisa Garroa etxaldeko euri urak biltzeko putzua aipatu du lehendakariak. «Biltegi bat egin genuen Aturri-Garona Ur Agentziaren laguntzarekin, eta horrek modua eman du baratzezainek landareak ureztatzeko euri urarekin, eta bestelako behar jakin batzuetarako ur edangarria erabiltzeko». Horrelako esperimentazioak zabaldu nahi lituzke Iriartek, eta Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin duten harremana indartu nahi luke horren karietara. «Esperimentazioek irekiko dituzte biharko bideak, eta horietara egin dezagun jauzi».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA