Urmugaren antolatzaileetako bat

Migel Zeberio: «Urmuga jendeak markatu du, lekuak oso politak izanagatik ere»

Atzo bukatu zen Urmuga, Ligin, Zuberoan. Hiru asteko ibilbidearen ondotik, kontent agertu da Zeberio; bertzeak bertze, batean eta bertzean «jende pila bat» biltzea lortu dutelako.

Migel Zeberio, gaur, Hondarribian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Migel Zeberio, gaur, Hondarribian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
Hondarribia
2025eko abuztuaren 1a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru aste airez aire eman dituen puxika batetik jausi berria balitz bezala agertu da kafetegira Migel Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1966). Bezperako egunean  bizi nahi luke oraindik, baina aurtengoz bukatu zaizkio mendiko kontzertuak, bukatu zaio Urmuga. Egitasmoaren antolatzaileetako bat da Zeberio. Atzo agurtu zuten jaialdia, Ligin (Zuberoa). 

Nolakoa izan da Urmuga, hitz bakarrean erranik? 

Zoragarria.

Eta garatu beharko bazenu?

Ahalegin ikaragarria eskatzen du egitasmo horrek, eta poza ere neurri berekoa izaten da: ikaragarria. Tokian-tokian esperientzia bakanak bizi izan ditugu, eta errepikaezina izango da sentitu duguna. Jendeak markatu du Urmuga, lekuak oso politak izanagatik ere: batetik, urmugalariak daude, mendi zeharkaldia egiten ari direnak, eta, bestetik, herri eta haran bakoitzean besoak zabalik eta lanerako prest jasotzen gaituztenak. Oso berezia izan da, oso gizatiarra. 

Desberdintasunik izan du aurrekoekin konparatuta? 

Urratsak egin ahala, helduz doa Urmuga, eta, harekin batera, gu. Beraz, esango nuke edukiz eta aldarriz geroz eta sakonagoa dela, eta geroz eta hobeto asmatzen dugula horiek nola proiektatu. Euskal jendeak badauka nozio geroz eta finago bat guk igorri nahi dugun mezuaz eta Urmugaren xedeaz, eta guk ere, eskarmentu horren ondorioz, beste modu argiago bat daukagu gauzak egiteko. Hanka sartzeak ere, ziurrenik, handiagoak izango dira, baina zentzua eta bidea askoz ere markatuagoa daukagu. 

«Egunaren norabidea alda dezaketen aldagai asko daude, eta sentsazioek eta bizipenek osatzen dute egitasmoa. Oro har, kezkak handiagoak izan dira bezperan biharamunean baino»

Arantzarik geratu zaizu?

Paperean zer proposatzen den eta gero gertatzen den, hor beti egoten da saltoa, aldea, nahiz eta gauza batzuk oso objektiboak diren. Egunaren norabidea alda dezaketen aldagai asko daude, eta sentsazioek eta bizipenek osatzen dute egitasmoa. Oro har, kezkak handiagoak izan dira bezperan biharamunean baino. Hori seinale ona da, ezta? Gainera, gauza batzuk ez daude gure esku...

Teknologia arazoak, meteorologia... Halakoez ari zara? 

Adibidez. Ez dakizu inoiz zer gertatuko den, eta ibiltariek ere izan ditzakete arazoak. Baina beti jakin dugu irtenbideak bilatzen, horretarako prestatzen direlako A, B, C, D, E planak... eta eskerrak prestatzen diren. Pandemia ondorengo garaiotan, ematen du ekitaldi guztietarako sarrera lortu behar dela, eta askoz ere lehenagotik, gainera; ez dakit hori oso osasuntsua ote den. Urmugan jakin dugu ur horietan gora joaten, eta gurean ez da halako makrorik eta halako salmentarik. Txikitik eta era xumean aritzen gara, egunez egun. Gauza aurretik lotzen ditugu, baina sorpresak hartzen ere ikasi dugu. 

Zer lan egin behar da uztailera arte?

Lan asko egin behar da, baina oinarria erakundeak eta eragileak lortzea da. Leku guztietara joan behar da, eragileei gustatu egin behar zaie, eta parte hartzeko gogoa izan behar dute. Luze aritu behar da haiekin, azaldu behar zaie erokeria hau zer den, zergatik ez den jaialdi arrunta...

Eta zergatik ez da jaialdi arrunta? 

Giza harremanetan oinarritzen delako, ekonomikoki oso prekarioa delako, auzolana oso-oso beharrezkoa duelako eta aldarri asko dituelako; oinarrizkoena, euskara bera. Laguntza asko behar duen proiektu bat da, eta guk asko eskertzen dugu ideia zoro hau bultzatzen duen oro. 

«Asko jarraitzen diegu gizarteak jarritako ereduei, eta uste dut ahaztu egiten zaigula benetan zein diren gure aldarriak eta beharrak. Akaso denak ez du hain berdina eta hain handia izan behar, ezta?»

Harrera ona izan du?

Mendian, ibilbide orokorrean, esango nuke jende gehiago etorri dela aurreko urteetan baino. Gainera, joan den urtetik hona tokiko mendi talde asko animatu dira; alegia, leku bakoitzean bertako mendi taldea etortzen da guregana, eta elkarrekin egiten dugu bidea. Hori oso ederra da guretzat. 

Erraz lortu dituzue musikariak? 

Musikarietan bi esparru daude. Batetik, Urmugako kontzertuetako betiko musikari gehienak Et Incarnatus orkestrako kideak dira. Talde hori finkoa da, 25 bat lagunekoa. Bestetik, gonbidatuen talde bat dugu, eta hor sartzen dira beste hiru talde: musikari edo abeslari ezagunak, dagoeneko erretiratutakoak eta talde berriak. Geroz eta talde gehiagok eskatzen digu plaza, baina zaila da denei lekua ematea. 

Urmugaren mugak.

Hori da. Baliabide oso mugatuak ditugu, eta gure lana musu truk egiten dugu. Muga handienetako bat ekonomikoa da, eta esperantza daukagu eragileen aldetik babes zabalagoa jasotzeko. Proiektu ireki bat da, baina oztopo asko datoz Euskal Herriak antolatzeko dituen moduengatik; batzuetan, literatura asko egiten dugu, eta gero benetako hitz gutxi... Asko jarraitzen diegu gizarteak jarritako ereduei, eta uste dut ahaztu egiten zaigula benetan zein diren gure aldarriak eta beharrak. Akaso denak ez du hain berdina eta hain handia izan behar, ezta? 

Behin bukatuta, nolako arrastoa utziko du? 

Beti egoten da berriz etortzen den jendea eta lehendabiziko aldiz etortzen dena. Betiko jendeak jende berria ekartzen du, eta horrela goaz, bizipenak batzen eta gehiago bilatzen. Burbuila gisako bat da, euskal errealitatearen forma polit bat. Arrasto polita uzten du horrek, batez ere norberarentzat; pozak leku handia hartu du. Proiektu txiki bat da, baina ahalmena du leku berean jende pila bat biltzeko, eta horrek nahitaez uzten du sentsazio gozoa. 

Hurrengo urtean, Urtanta? 

Hurrengo urtean sekulako saltsa egongo da. Felipe Uriartek 50 urte egingo ditu Mendiak eta Herriak elkartean, eta elkarteak berak ere urteurrena izango du. Buruan daukagu hurrengo urteko plana, baina ezin dugu ezer iragarri. Sekulako sorpresa izango da, handi-handian amestera goaz. Baina ez da ametsa bakarrik: gauzatu egingo dugu. 

LOTSABAKO

Saio guztietan egon zara?
Mendi irteeretan, ez; kontzertuetan, berriz, batean izan ezik, denetan.

Eta zein gustatu zaizu gehien?
Aldarri aldetik, Berastegikoa [Gipuzkoa].

Zer eginen duzu hemendik aitzinera?
Lehenik eta behin, lur hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.