Heldu da azkenean. Irabazi-asmorik gabeko elkarteak direla argudiatuta eta tabernak ez direla gogoraraziz saiatu ziren Bilboko konpartsak Bizkaiko Foru Aldundia konbentzitzen, baina azkenean haiek ere batu behar izan dira Batuz sistemara. «Borondate onez» egin dute, gainera, eta jarrera berarekin erantzun die aldundiak ere: kontsumizio guztiak erregistratu beharko dituzte ogasunarekin konektatutako gailu batzuen bidez, eta tiketa eman hala eskatzen dieten bezeroei, baina diputazioak ziurtatu die malgu jokatuko duela, eta ez duela zigorrik ipiniko. Hori horrela, aurtengoa proba urtetzat hartu dute konpartsakideek. Baina bat datoz beste aurreikuspen batean ere: lanak eginagatik eta dena prest edukiagatik, «ziurgabetasuna» da nagusi oraingoz. Gaur arratsaldean hasiko da Bilboko Aste Nagusia, eta datorren asteko domekara arte iraungo dute Batuz-en eta Ticket Bairen estreinako jaiek.
Ikusi gehiago
Bilboko Konpartsen Federazioak orain dela urtebete inguru ekin zion ogasunarekin negoziatzeari sistema berriak ahalik eta kalterik txikiena eragin ziezaien. Hor Dago Abanteko Arantza Urkaregi Etxeparek azaldu duenez, ogasuneko teknikariek formakuntza eman zieten, eta, horren ostean, aholkulari bat kontratatzea erabaki zuten Abantekoek. Izan ere, txandetan zenbait urrats egitera ez ezik, sozietateen zerga aurkeztera ere behartu ditu ogasunak, nahiz eta ez duten hura ordaindu beharrik, irabazi-asmorik gabeko erakundeak direla eta.
Baina aholkulariaren laguntzak ez ditu erabat desagerrarazi buruko minak, eta ezinbestean egin behar izan dituzte ostera batzuk kutxa bulegoetara. Salmenta terminalak edo datafonoak eskuratzeko jo dute konpartsakideek kutxetara, eta oztopoak izan dituzte, Urkaregiren arabera. «Datafonoa erabiltzen dutenek txartelarekin ordaintzeko aukera ere ematen dute, eta kutxek etekin bat jasotzen dute txartelen komisioaren bidez. Baina guk ez dugu txartelik erabiliko: azkenean, alokairu moduko bat kobratu digute datafonoen truke».
«Guk ez dugu txartelik erabiliko: azkenean, kutxek alokairu moduko bat kobratu digute datafonoen truke»
ARANTZA URKAREGI ETXEPARE Hor Dago Abante konpartsako kidea
Lau gailu erabiliko dituzte guztira; birekin ibiliko dira txandetan, eta beste biak badaezpadakoak izango dira. Guztiak konektatu dituzte jada ogasunarekin. Txandalari bakoitza arduratuko da kobratzen duena datafonoetan apuntatzeaz, eta, ezin badute berehala egin, koaderno batean jasoko dituzte kopuruak, ahal denean sartuz joateko. Urkaregik gida erraz bat prestatu du txandalari bakoitzak jakin dezan gailuak zelan erabili, baina ohartarazpen bat egin ere bai: kopuru bakoitza sartzeko, zortzi urrats egin behar dira. «Lehenengo txandan egongo naiz, 20:00etan, ze ez naiz ezertaz fidatzen», adierazi du barre urduri batez, baina jabetuta txosnetako egungo giroa eramangarriagoa dela. «Lehen, bazitekeen barran bost pertsona egotea oihuka... Orain, jendea lasai egoten da». Edozelan ere, datafonoak ez dituzte barran izango, ezkutuan baizik, festazaleak ez daitezen tematu txartelarekin ordaintzen, Gasteizko jaietan gertatu bezala.
Txartelarekin oraindik ez
Txomin Barullon, aldiz, denen bistan izango dituzte gailuak. «Gure filosofia zera izan da beti: dena ikusi behar dela. Sukaldea ere ikus dezakezu barratik», esplikatu du Aylen Marinero konpartsakideak. Beste horrenbeste egingo dute datafonoekin. «Jendeak ikusteko horiekin ari garela lan egiten, eta agian horregatik ari garela motelago». Kartel handi bat ipiniko dute jakinarazteko ezin dela txartelarekin ordaindu, ezta Bizum bidez ere.
«Kontua ez da ez dugula txartela ipini nahi, baizik eta oraindik ez gaudela prest. Ez gara tabernak, txosnak baizik»
AYLEN MARINERO Txomin Barulloko konpartsakidea
Baina, behin sistema berrira lotuta, datafonoak eskuratuta eta nola funtzionatzen duten barneratuta... luze eutsiko al diote konpartsek irizpide horri? «Ez dakit hurrengo urtean izango den, baina etorkizuna da. Noizbait helduko da», Marineroren irudiko. «Baina orain, herritarrei mezu bat bidali nahi diegu: kontua ez da ez dugula txartela ipini nahi, baizik eta oraindik ez gaudela prest. Ez gara tabernak, txosnak baizik, eta oraindik ez gara gai hori eskaintzeko».
Txomin Barullok ez du aholkularirik kontratatu, eta bertoko ekonomia batzordea arduratu da sistema berriaren buruhauste logistiko guztiez. Marinerok gogorarazi du Aste Nagusia ez dela sekula izaten aste bakarreko kontua, urte osoko lana eskatzen duela, baina aurten bereziki bete da baieztapen hori. Oraindik Ticket Bairen ingurukoak ikasten ari direla aitortu du, eta ziur da datorren urterako «gauzak barneratuko» dituztela eta «hobeto» egingo dutela. «Aste Nagusi guztietan, konpartsako koordinatzaileek bilera bat izaten dugu asteazkenean, eta hor planteatuko dugu zer moduz doan Aste Nagusia, eta ea zerbait alda daitekeen».
«Ondo egin gura dugu, espero dugu dena ondo joatea, baina egokitze urtea izango da denontzat»
SAIOA DOMINGUEZ Aixeberriko konpartsakidea
Urkaregiren eta Marineroren zalantza berak ditu, orobat, Aixeberriko Saioa Dominguezek. «Oraindino ez gara kontziente». Ikusteko dago-eta zelan ibiliko den Internet zerbitzua hainbeste txosna aldi berean konektatuta egonda, zelan moldatuko diren txandalariak, guztiek ez dute-eta autonomia bera... Datuak zuzentzeko abagunea ere izango dute, dena den. «Ondo egin gura dugu, espero dugu dena ondo joatea, baina egokitze urtea izango da denontzat». Txanda bakoitzean arduradun bat edo pare bat izendatuko dituzte, eta horiek ahaleginduko dira datu guztiak salmenta terminaletan sartzen. Baina Ticket Bairen lehen urtean, den-dena ikusteko dago oraindik.