Lan hitzarmenaren negoziazioak geldi daudela salatzeko, ikuskizunetako teknikariek hiru greba egun antolatu dituzte uda honetan. Abuztuaren 5ean egin zuten lehena, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan; abuztuaren 14an bigarrena, Donostiako Aste Nagusian; eta datorren asteazkenean egingo dute hirugarrena, Bilbon, Aste Nagusi betean. Egun horretako txosnetako emanaldiak bertan behera utziko dituztela adostua dute konpartsek sindikatuekin, baina oraindik ikusteko dago horrek zer-nolako eragina izango duen udalak eta beste erakundeek antolatutako programetan. Oraingoz, emanaldi esanguratsu bat egunez aldatuko duela iragarri du Bilboko Udalak: ETS taldearen kontzertua, hain zuzen ere.
Ikusi gehiago
Bilboko Udalak eman du erabakiaren berri, eta, zehaztu duenez, taldearekin batera hartu dute erabakia. Berez, asteazkenean ziren kontzertua ematekoak, baina, greba deialdia kontuan hartuta, musikariek beste egun bat bilatzeko eskatu zioten udalari, eta orain eman dute haren berri. Asteartean izango da kontzertua, Europa parkean.
Errespetuz eta elkartasunez
Erabakiaren berri ematen duen bideo bat ere zabaldu taldeak du Instagrameko profilean. Iñigo Etxezarreta abeslaria ageri da ikus-entzunezkoan, eta haren hitzek zuzenen lotzen dute egun aldaketa teknikarien grebarekin. «Azken egunetan egoera gertutik ezagutzeko aukera izan dugu, eta, ondorioz, teknikariekiko eta sektoreko beste langileekiko errespetuagatik eta elkartasunagatik, ETSek ez du kontzerturik emango abuztuaren 26an».
«Azken egunetan egoera gertutik ezagutzeko aukera izan dugu, eta, ondorioz, teknikariekiko eta sektoreko beste langileekiko errespetuagatik eta elkartasunagatik, ETSek ez du kontzerturik emango abuztuaren 26an»
IÑIGO ETXEZARRETA ETS taldeko musikaria
Ez da izango bertan behera geratu edo egunez aldatuko den emanaldi bakarra. Bilboko Itsasmuseumen ondoko Nave 9 aretoak, esaterako, beste egunez aldatu ditu asteazkenerako prestatuta zeuzkan kontzertuak, eta hurrengo egunetan jakingo da beste kontzertu batzuk bertan behera geratuko diren edo beste egun batzuetan egingo diren.
Sindikatuek uztail bukaeran eman zuten udako hiru egunetako greba deialdiaren berri. Orduan azaldu zutenez, hitzarmena lortzeko negoziazioak oraindik «blokeatuta» daudelako jo dute grebara, eta babes zabala izan du deialdiak: Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT sindikatuek bat egin dute deialdiarekin, eta jai batzordeetako ordezkarien babesa jaso dute. Euki Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizun eta ekitaldien sektoreko patronalaren aldetik lehengo «utzikeria» bera sentitzen dutela salatu izan dute geroztik. Horregatik, indarrean da greba deialdia.