Azaroko soldata ez dagoela bermatuta esan diete Tubos Reunidoseko langileei

Konkurtsoko administratzailea langileekin bildu da, eta jakinarazi die enpresa erosteko bost hautagaiek banaka hitz egingo dutela langileen ordezkariekin.

Tubos Reunidoseko langile batzuk Amurrioko plantaren aurrean bilduta. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Tubos Reunidoseko langile batzuk Amurrioko plantaren aurrean bilduta. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 21a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enpresaren etorkizunaz hitz egiteko omen ziren bilerak, baina, azkenean, epe motzeko egoeraz mintzatzeko izango dira. Tubos Reunidosen (TR) hartzekodunen konkurtsoa zuzentzen ari den administratzaileak langileei jakinarazi die azaroko soldata ez dagoela bermatuta. Urrikoa bai, agindua emana baitago, baina hortik aurrera ezin du ziurtatu nahikoa kaudimen egongo ote den ordainketa guztiak egiteko.

PKF Attest bulegoko administratzailea Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Araba) instalazioetako langile batzordeekin bildu da gaur goizean, eta Iruña Okakoekin (Amurrio) arratsaldean —400 langile dira Trapagaranen, 900 Amurrion, 60 Iruña Okan—. Hartzekodunen konkurtsoko enkante prozesuaren barruan aurreikusitako bilera zen. Egoera ekonomiko larriak, baina, prozesuari buruzkoak itzalean utzi ditu.

Erlazionatuta

Konkurtsoa hasi zenean kudeatzaileak langileei ohartarazi zien soldatekin arazoak egon zitezkeela. Udan lan karga handia sartu da plantetan, batez ere Trapagarangoan, eta, horri esker, urrira arteko nominak ordaindu ahal izan dituzte. Azarokoa, baina, airean dago, etor daitezkeen eskarien menpe. Enpresak, gainera, muga bat du hor, ezin baitu oso epe luzeko eskaririk hartu, ez behintzat enkantearen garailea erabaki arte.

Hautagaien deien zain

Eta enkanteari buruz, zer? Administratzaileak argibide gutxi eman dizkie eskaintzen inguruan. Joan den ostiralean, lehen galbahea pasatu zuten bost eskaintzen inguruko xehetasun batzuk eman zituen, eta ezer gutxi gehiago esan die langileei. Ardura hori hautagaien esku utziko du, eta bi enpresetako batzordeei baieztatu die bost hautagaiak aurki jarriko direla harremanetan haiekin. Zurrumurru asko ibili dira, baina langileen bilera horiek egiteko deialdia jasotzean jakingo da zer enpresa dagoen hautagai bakoitzaren atzean.

Gauzak hala, bakoitzak bere asmoa plazaratuko die batzordeei. Jakina da bostek lantaldea murrizteko nahia dutela eta lan baldintzak aldatzekoa. Behin haiekin hitz eginda, aurrera egiteko interesa dutenek abenduko lehen astean entregatu beharko dute behin betiko eskaintza eta, beharko balitz, diru bermea. Epe hori hasiera batean zehazturikoa baino gehiago luzatu da azkenean.

TUBOS REUNIDOS
Tubos Reunidosek Amurrion duen hodi plantako irudi bat. BERRIA.

Horrez gain, administratzaileak azaldu die gaur egun enpresaren bideragarritasunak duen zamarik handiena SEPI agentzia publikoarekin duen 150 milioi euroko zorra dela. Hori transmititu diete hautagaiek, eta zor hori nolabait kitatu ezean hautagaiak uxatu ditzakeela. Langileek, halaber, galdetu diote Eusko Jaurlaritza hautagaien bidea errazten ari den, eta administratzaileak erantzun die baietz, lanean dabilela, baina ez die zehaztu nola.

SEPIren inplikazioa

Hemendik aurrera, hilabete luzeko isiltasunaren ondoren, langileen eta sindikatuen hitza aldagai garrantzitsua izango da konkurtsoan, enkantea irabazten duen hautagaiak akordio bat lortu behar baitu langileekin. Akordiorik lortu ezean, atzera egiteko eskubidea izango du, argudiatuta ezin direla bete bere eskaintzan ezarri zituen baldintzak. Aukera hori izatea logikoa ere bada, enkantea irabazten duen enpresak gutxienez jardunari eutsi beharko baitio.

Sindikatuek bileren balorazioa egin dute, eta ELAk —hark du gehiengoa Amurrioko plantan— Espainiako Gobernuaren inplikazioa eskatu du. Sindikatuak eginiko analisian, SEPIrekin pilaturiko zorrean jarri du arreta. ELAk uste du ez zaiola uko egin behar hura kobratzeari, baina nabarmendu du enpresa desagertzen bada diru hori ez dela inoiz berreskuratuko. Gauzak hala, konponbide posible bat ikusten du: «Zorra akziotan kapitalizatzea aukera bat da».

LABek, berriz, salatu du administratzaileak xehetasun gutxi eman dizkiela langileei, eta kontu handiz aztertuko dituela eskaintzak. Adierazi du industria proiektuei buruzko argibideak eskatuko dituela: zer asmo duten, zein merkatutara jo nahi duten, zer inbertsio egingo duten... eta ez dituela kaleratzeak onartuko «eskaintza baten baldintza hutsa denez gero». Halaber, gogoratu du Eusko Jaurlaritzak ere baduela zeresana, eta eskaintzaren bat diruz lagunduko badu hari etorkizunarekiko eta enpleguarekiko «konpromisoa» eskatu behar diola: «Ez du balio dirua jartzea eta hortik aurrera nahi duena egiten uztea».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA