Tubos Reunidos erosteko eskaintza guztiek aurreikusten dituzte kaleratzeak

Konkurtso administratzaileak egin du bosteko lehen galbahea eta horietatik bik besterik ez dute hartu euren gain Amurrioko eta Trapagarango plantei eusteko konpromisoa.

Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 16a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidosen hartzekodunen konkurtsoa gidatzen ari den kudeatzaileak dagoeneko aukeratu ditu lehen galbahea pasatu duten bost eskaintzak, eta, jakinarazi duenez, bostek aurreikusten dute lantaldea murriztu beharko dutela. Aldiz, bi dira bakarrik bi plantei eusteko asmoa plazaratu dutenak.

Eskaintza anonimoak diren arren, jakina da horietako bat Jose Antonio Jainagarena dela, egun Sidenor eta Talgoren presidentearena. Enpresak aspaldidanik du fundizioa darabilten euskal enpresa handiak batzeko anbizioa, eta berea da erakunde publikoek gustukoen duten aukera.

Eskaintza ekonomiko onena 27,5 milioi eurorena da, baina eskaintzaile horrek Trapagarango planta nahi du bakarrik eta kudeatzaileak esana du bi planten alde egiten duten eskaintzak lehenetsiko dituela

PKF Attest aholkularitzak —haren langilea da administratzailea— publiko egin du galbahea igaro duten eskaintzen koadroa. Eskaintza ekonomikoei dagokienez, batek 27,5 milioi euro eskaini ditu, beste batek milioi bat euro, beste batek 100.000, eta azkeneko biek euro bakarra. Konpainiak 300 milioiko zorra du, eta, beraz, hartzekodunek zail izango dute kobratzea.

Erlazionatuta

Erosketa enkante bat da, baina administratzaileak esan zuen ez ziola diruari bakarrik begiratuko, eta Amurrioko (Araba) —900 langile— eta Trapagarango (Bizkaia) —400 langile— lantegiak irekita mantentzeko prest zeudenak lehenetsiko zituela. Hori traba handia da, esaterako, 27,5 milioiko eskaintza egin duen hautagaiarentzat, hark Trapagarango planta nahi baitu bakarrik.

Gauzak hala, bi dira bi lantegiei eusteko prest agertu diren hautagaiak, euro bateko biak hain zuzen. Euro bat eskaini duenetako bat da, A eskaintzaile bezala agertzen dena, bi planten jardunari eusteko asmo argiena plazaratu duena. C eskaintzaileak ere biak nahi ditu, baina Amurriokoa modu subsidiarioan. E eskaintzak, azkenik, 100.000 euro eskaini dituenak, alokairu sistema moduko bat eskaini du Amurriorako.

Eta lan baldintzak aldatu

Koadroaren arabera, bostek sartuko dute guraizea lantaldean, lan taldea murrizteko asmoa aurreratu dutelako. Hori bai, koadroak ez du zehazten zenbat, non eta nola, baina litekeena da neurri drastikoenak Amurrion hartu behar izatea. Bertan du fundizioa konpainiak. Horrez gain, bostek esaten dute langileen baldintzak aldatu beharko direla. Okertu, alegia. Izan ere, enkantea irabazten duenak gutxienez bi urtez mantendu beharko du ekoizpena.

Administratzaileak informazio hori igorri die konpainiako administrazio kontseiluari, langileen ordezkariei eta hala nahiko luketen langileei. Administratzailea asteazkenean bilduko da langileekin eta xeheago emango die eskaintzen berri.

Orain bost hautagaiek kudeatzaileari galderak egiteko epe bat izango dute, eta ondoren haien azken eskaintza izango dena egin beharko dute. Behin irabazlea aukeratuta, hura langileekin bildu beharko da eskaintza eztabaidatzeko. Langileek ez balute onartuko, eskaintzaileak atzera egiteko eskubidea izango luke. Konkurtsoaren aurretik mobilizazio ugari egin zituzten kaleratzeak eragozteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA