Enpresaren etorkizunaz hitz egiteko omen ziren bilerak, baina azkenean epe motzeko egoeraz mintzatzeko bilakatu dira. Tubos Reunidosen (TR) hartzekodunen konkurtsoa zuzentzen ari den kudeatzaileak langileei jakinarazi die azaroko soldata ez dagoela bermatuta. Urrikoa bai, agindua emanda dago, baina hortik aurrera ezin du ziurtatu nahikoa kaudimen egongo denik ordainketa guztiak egiteko.
PKF Attest bulegoko kudeatzailea Trapagarango (Bizkaia) —400 langile— eta Amurrioko (Araba) —900 langile— plantetako langile batzordeekin bildu da gaur goizean, eta Iruña Okakoekin (Amurrio) arratsaldean —60 langile—. Hartzekodunen konkurtsoko enkante prozesuaren barruan aurreikusitako bilera zen. Egoera ekonomiko larriak, baina, prozesuari buruzkoak itzaletara utzi ditu.
Erlazionatuta
Konkurtsoa hasi zenean kudeatzaileak langileei ohartarazi zien soldatekin arazoak egon zitezkeela. Udan lan karga handia sartu da plantetan, batez ere Trapagarangoan, eta horri esker urrira arteko nominak ordaindu ahal izan dituzte. Azarokoa, baina, airean dago, sar daitezkeen eskarien menpe. Enpresak, gainera, muga bat du hor, ezin baitu oso epe luzeko eskaririk hartu, ez behintzat enkantearen garailea erabaki arte.
Hautagaien deien zain
Eta enkanteari buruz, zer? Kudeatzaileak argibide gutxi eman dizkie eskaintzen inguruan. Pasa den ostiralean lehen galbahea pasa zuten bost eskaintzen inguruko hainbat xehetasun batzuk eman zituen, eta ezer gutxi gehiago esan die langileei. Ardura hori hautagaien esku utziko du, eta bi enpresetako batzordeei baieztatu die bost hautagaiak aurki jarriko direla harremanetan haiekin. Zurrumurru asko irten dira, baina langileen bilera horiek egiteko deialdia jasotzean jakingo da zein den hautagai bakoitzaren atzean dagoen enpresa.
Gauzak hala, bakoitzak bere asmoa plazaratuko die batzordeei. Jakina da bostek lan taldea murrizteko nahia dutela eta lan baldintzak aldatzekoa. Behin haiekin hitz eginda, aurrera egiteko interesa dutenek, abenduko lehen astean entregatu beharko dute haien behin betiko eskaintza eta, beharko balitz, diru bermea. Epe hori hasiera batean zehazturikoa baino gehiago luzatu da azkenean.

Horrez gain, kudeatzaileak azaldu die egun enpresaren bideragarritasunak duen zama handiena SEPI agentzia publikoarekin duen 150 milioi euroko zorra dela. Hori transmititu diete hautagaiek, eta hura nolabait kitatu ezean uxatu ditzakeela. Langileek, halaber, galdetu diote Eusko Jaurlaritza hautagaien bidea errazten ari den ala ez, eta kudeatzaileak esan die baietz, azpiko lanetan badabilela, baina ez die zehaztu nola.
SEPIren inplikazioa
Hemendik aurrera, hilabete luzeko isiltasunaren ondoren, langile eta sindikatuen hitza aldagai garrantzitsua izango da konkurtsoan, enkantea irabazten duen hautagaia akordio batera iritsi behar delako langileekin. Hala izan ezean atzera egiteko eskubidea izango du, argudiatuta ezin direla bete bere eskaintzan ezarri zituen baldintzak. Aukera hori izatea logikoa ere bada, enkantea irabazten duen enpresak gutxienez jarduna mantendu beharko baitu.
Sindikatuek bileren balorazioa egin dute eta ELAk —hark du gehiengoa Amurrioko plantan— Espainiako Gobernuaren inplikazioa eskatu du. Bere analisian, SEPIrekin pilaturiko zorrean jarri du fokua. Sindikatuak uste du ez zaiola uko egin behar hura kobratzeari, baina enpresa desagertzen bada diru hori ez dela inoiz berreskuratuko nabarmendu du. Gauzak hala, konponbide posible bat ikusten du: «Zorra akziotan kapitalizatzea aukera bat da».
LABek, bere aldetik, salatu du kudeatzaileak xehetasun gutxi eman dizkiela langileei, eta kontu handiz aztertuko dituela eskaintzak. Agitu du industria proiektuei buruzko argibideak eskatuko dituela: zer asmo duten, zein merkatura jo nahi dute, zer inbertsio... eta ez dituela kaleratzeak onartuko «eskaintza baten baldintza hutsa direlako». Halaber, gogoratu du Eusko Jaurlaritzak ere baduela zeresana, eta eskaintzaren bat diruz lagunduko badu hari etorkizunarekiko eta enpleguarekiko «konpromisoa» eskatu behar diola: «Ez du balio dirua jartzea eta hortik aurrera nahi duena egiten uztea».