Tubos Reunidosen (TR) etorkizuna argitzeko egutegia aurreraka doa, eta gorriz markaturiko lehen data iristear dago. Gaur egun enpresa kudeatzen duen konkurtso administratzaileak etzi eguerdian itxiko du hodigintza enpresa horri buruzko informazioa lortzeko gela, eta interesatuek beren lehen eskaintza egin ahalko dute.
Data garrantzitsuena, dena den, hilaren 15a izango da. Administratzaileak egun horretarako deitu ditu langileen ordezkariak, eta ondo bidean lehen galbahea igaro duten eskaintzak jakinaraziko dizkie. Hautagaiek orain beren eskaintzaren xehetasunak biltzen dituen gutun bat bidali behar diote notarioari, eta eskaintza ekonomikoaren %5 gordailutu.
Erlazionatuta
Maria Teresa Trinidad Santos epaileak agindutako eta PKF Attest administratzaileak kudeaturiko prozesua da. Oinarrian enkante handi bat da, eta, hautagai kopuru handia ikusita, ia hilabetez luzatu zuen informazioa biltzeko epea —irailaren 14an amaitzen zen hasieran—. Izan ere, hamalau konpainiak eskatu dute Tubos Reunidosen berri izatea, administratzaileak hasieran espero zituen baino gehiagok.
Eta nola garatu da tarte hori? Bada, BERRIAk jakin duenez, guztiek bisitatu dituzte Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Araba) plantak, zuzenean hara joanda edo espresuki izendaturiko ordezkariren baten bitartez. Ezaguna da bi euskal konpainiak —Sidenorrek eta Tubacexek— interesa izan dutela; Valcovny Txekiako hodigintza enpresak ere atea jo du, eta, zabaldu denez, Indiako talde batek ere badu interesa. Hamalau hautagaietatik zortzi ingurukoak dira, Euskal Herrikoak edo Espainiakoak, eta sei eremu geografiko horretatik kanpokoak.

Bisitatu bai, baina langileekin ez dute hitz egin —1.200 dira guztira: 900 Amurrion, eta 300 Trapagaranen—. Tarte horretan interesatuek langileen ordezkariekin biltzeko aukera zuten, hala espresuki eskatuta, baina bakar batek ere ez du eskubide hori baliatu. Lehen fasean ez zen derrigorrezkoa —aurrerago, aldiz, bai izango da—, baina inork ez du lehen eskuko informazio hori bildu nahi izan. Keinu horrek, izan ere, haien anonimotasuna desagertzea eragingo luke, eta agian hori da arrazoia.
Prozesuan aurrera eginez gero, aste batzuk barru behartuta egongo dira langileekin biltzera. Hilaren 15aren ondoren galde-erantzun tarte bat irekiko da, eta gero behin betiko eskaintza egin behar dute hautagaiek. Horra iritsita, derrigorrezko bihurtzen da lehen eskaintzan aurkezturiko barne-finantzaketa neurriak gauzatzea. Horren ostean erabakiko du irabazlea kudeatzaileak, eta erabakiaren berri emango dio epaileari. Eta orduan bai, langileekin biltzera behartuta egongo da.
Soldatak, eguneratuta
TRko langileak ziurgabetasun egoera hori kudeatzen ari dira, baina soldatak eguneratuta edukitzeak beti laguntzen du giroa baretzen. Iragan ekainean, administratzaileak ulertzera eman zuen udako soldatak ez zeudela erabat bermatuta, baina langileek irailera arteko nominak behintzat jaso dituzte. Izan ere, udan lan karga sartu da plantetan, bereziki Trapagarangoan. Planta bakoitzak hodi mota bat ekoizten du, baina, enpresa bera direnez, diru zorro beretik kobratzen dute langile guztiek.
Lasaitasuna bai, baina ardura ere bai. TR-ren egoera oso txarra da, eta konkurtsoaren inguruko iturriek ohartarazi zuten filtrazioak kaltegarriak izan zitezkeela, eta egon dira. Azken asteetan, zabaldu da Trapagarango plantak Amurriokoak baino interes handiagoa piztu duela hautagaiengan, eta langileen ordezkarien haserrea piztu du horrek. Udaberriko grebaldian planta bakoitzak modu batera jokatu zuten, eta halakoek ez dute laguntzen.
Zurrumurruak zurrumurru, administratzaileak esan du gaur egungo azpiegitura bere horretan mantentzea lehenetsiko duela. Interesatuek planta bakarra lortzeko eskaintza egin dezakete, baina administratzaileak aurreratu zuen bi plantak barneratzen dituzten eskaintzek aukera handiagoa izango dutela. Eusko Jaurlaritzak ere esana du hori dela bere aukerarik gogokoena.
Zorra hazi egin da: 298 milioi dira orain
Tubos Reunidos konpainiak 298 milioi euroko zorra du, konkurtsora deitu zenean baino %13 handiagoa —263 milioi ziren orduan—. Aurtengo lehen seihilekoan, enpresaren egoera ekonomikoak txarrera egin zuen. Zor horren parterik handiena SEPI Espainiako Industria Ministerioaren barneko agentziarekin du: 150 milioi inguru —112 milioi eta interesak—. Zorraren beste zatia bankuekin du. SEPIren jarrera argitzea ezinbestekoa izango da hautagaiak lortzeko. SEPIk Tubosi eginiko mailegua Espainiako Gobernua zipriztindu duen ustezko ustelkeria sare baten barruan dago. Azaroaren 29an hauteskunde orokorrak egingo dituzte Espainian, eta emaitzak ere eragina izango du TR-ren etorkizunean. Orduan konkurtso prozesua irekita egongo da oraindik.