Aste eta erdi baino ez da igaro Bilboko Iturribide kalean familia bat etxegabetzen saiatu zirenetik. Auzokoen mobilizazioen ondorioz urriaren 26ko ahalegina bertan behera gelditu bazen ere, gaur goizean berriz ekin diote familia zaurgarri hori kaleratzeari. AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak salatu du epailearen azken erabakia «alternatibarik eskaini gabe» ailegatu dela, eta etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea egin dute 08:30ean, 94. zenbakian bizi diren bi neska adingabe eta bi emakume ez daitezen kale gorrian gelditu. Bigarrenez «gelditutzat» jo dute etxegabetzea, behin-behinean.
50 lagun inguru bildu dira etxebizitzaren atarian, eta ez da poliziarik hurbildu ingurumarira. AZETek adierazi duenez, 09:15 aldera zen joatekoa talde judiziala, eta epaitegietara deitu dute jakiteko etxegabetzea bertan behera gelditu den ala ez. Aurrekoan bezala, gaur ere ez diete baieztatu gura izan ea kaleratzea bertan behera utziko zuten ala ez. Hala, 10:00etan bukatutzat eman dute elkarretaratzea, baina sindikatuko kideak bertan gelditu dira, badaezpada. Bilboko Udalaren jokabidea salatu dute, etxegabetze saiakeraz «jakitun» izan arren ez diolako familiari «alternatiba duinik» eskaini, ezta kaleratzea geldiarazteko saiakerarik egin ere.

Sindikatuko kideak «pozik» agertu dira, berriz ere «herri mugimenduaren bidez» etxegabetzea geldiarazi dutelako. Liskar barik igaro da goiza, gainera, eta horrek «agerian utzi ditu poliziaren funtzioak etxegabetzeetan», AZETek salatu duenez: «Bortizkeriaz ekinaldi baketsuak gelditzea eta jendea errepresaliekin zigortzea». Elkarretaratzean, datorren asteko greba orokorraren aldeko aldarriak nagusi izan dira, eta, bukatzean, euren jarrera berretsi dute: «Asteazkenean, hustu lantegiak eta bete kaleak espekulazioaren aurka!».
Indarkeria ekonomikoa
Bi neska adingabek eta haien amak eta amonak osatutako familiaren kaleratzea «dibortzio baten ondorioz» abiarazi dela salatu du AZETek, epaiak aitonari esleitu baitio familia etxebizitzaren jabetza. Gizon horrek beste bi etxe dauzka dagoeneko bere izenean, eta ziurtatu dute emazte ohia «zigortzeko» erabili duela etxegabetzea.

Eskrituran jabe gisa agertzen ez den arren, etxebizitza bereganatu zutenetik etxea erosteko zein atontzeko dirua jarri izan du amonak. Halere, ebazpen judizialak ez du halakorik kontuan hartu, eta ez ikusiarena egin dio familiaren zaurgarritasunari eta emakumearen ekarpen ekonomikoari, sindikatuaren esanetan. AZETen ustetan, «indarkeria patriarkala» dago horren guztiaren atzean. Gaurkoa eta joan den ostiralean Arrigorriagan etxegabetu zituzten Karmen eta alabarena oso antzeko kasuak dira, Karmenek ere senar ohiarekin erosi baitzuen etxea, nahiz eta etxea ez zegoen bere izenean «modu egokian» jarrita.
Lau egunean behin, saiakera bat
Datorren astelehenean, azaroaren 9an, Mamassa izeneko beste emakume bat eta haren hiru seme adingabeak udal etxebizitza batetik etxegabetu gura dituzte Bilboko Atxuri auzoan. AZETek, Mujika eskolako Makuma familia elkartearekin batera, etxegabetze hori ere eragozteko deia egin dio Bilboko Udalari, «amaren egoera erregularizatzeko» eskaria eginez. Familia zaurgarri horri ere ez zaiola «alternatiba duinik» eskaini salatu du sindikatuak, eta kaleratze hori geraraztera hurbiltzeko gonbita egin die auzokideei.
Gauzak horrela, hamabost egunean lau etxegabetze saiakera izango dira Bilbo inguruan, guztiak ere ama-haurrek osatutako familia zaurgarriak kaleratzeko asmoz.